Crystal Fighters euskal artistekin batera jotzen jarriko du ZEIDFEST Gazteak
Fecha
05.04.25
Lugar
Bizkaia - Barakaldo

Gutxi falta da Barakaldon, apirilaren 5ean, ospatuko den ZEIDFEST Gaztearen laugarren ediziorako. Euskal kulturaren ‘akelarre’ edo festa handiaren kartela osatuta dago dagoeneko: Crystal Fighters britaniar taldea kartel buru izango da, Zea Mays, Iseo & Dodosound, Betagarri, Süne eta Duplarekin batera, sarrerak salgai daude... eta ezusteko bat prestatzen ari dira, britaniarrak euskal artistekin batera arituko direlako oholtzaren gainean, Zetak barne.
Datozen egunetan izen gehiago baieztatzea espero da. «Gonbita egin zaie artista euskaldun desberdinei parte har dezaten –argitu du Pello Reparazek Bilbon egin den aurkezpenean–. Baina nahiz eta ingelesez kantatu, eurek euskal identitate edo unibertso bisualetik nahikotxo edan dute, eta hor ere egon daiteke hainbat puntu amankomun gure artean».
Pandemian bizi genuen egoera abiapuntu hartuta, ‘Zeinen ederra izango den’ kantua sortu zuen Pello Reparazek, artean itxialdi betean geundela. Kantu horri tiraka, 2022an egin zuten aurrenekoz ZEID (Zeinen Ederra Izango Den) jaialdia bizirik geundela ospatzeko... eta, orain, pandemia bukatu zenetik bost urte bete direnean, laugarren Zeidfest Gaztea bueltan da, euskal musika eszenaren erreferente bihurtuta.
Itziar Lamarcak, jaialdiaren komunikazio-arduradunak Bilbon egin den aurkezpenean aipatu duen legez, «hasiera-hasieratik izan ditugu balore batzuk oso argi. Horien artean euskara, euskal kulturari babesa, aniztasuna eta jasangarritasuna defendatzea». Zetak taldeak eta Panda Artist Managementek antolatuta, Bizkaiko Diputazioaren laguntzaz gain, hainbat babesle ditu jaialdiak, horien artean NAIZ bera.
Barakaldotik mundura, 10.000 lagun
‘Barakaldokoa naiz eta / daukat paro obrero / horregatik euskaltegira / noa ni egunero’. Oskorriren ‘Euskaldun berriaren balada’ (‘Badok hamahiru’ diskoan, 1992) kantaren lehen lerroak ekarri ditu gogora Lurdes Etxezarretak, AEKko Nazioko Kontseiluko kideak, aurkezpenean. Aurten AEK izango baita omendua ohorezko ate irekieran.
Honek ukitu berezia ematen dio hitzordu honi, euskara ikasten ari direnen esfortzua nolabait omendu nahi izan delako. «Momentu honetan Ezkerraldean, adibidez, lau euskaltegi ditugu, 900 eta piko ikasleekin eta ia 500 berbalagun euskara kalean praktikatzen ari dira. Jaialdi hau haientzako arnasgune bat izango da, Barakaldo BECen, Ezkerraldean, izango dutelako espazio bat euskaraz eroso gozatzeko», gehitu du Etxezarretak.
Bertaratuko direnak ez dira soilik bizkaitarrak izango, dena den. «Iazko edizioan 10.000 pertsona inguru gerturatu ziren –gehitu du Lamarcak–. Ikuslegoaren gehiengoa da bizkaitarra, %50etik gora, baina Gipuzkoa, Araba eta Nafarroatik ere badatoz. Espainiar estatuko beste zonalde batzuetatik ere hurbiltzen da jendea. Eta adinaren aldetik, 18-35 bitarteko da. Interesgarria iruditzen zaigu esatea ere ikuslegoaren gehiengoa emakumea dela. Horretaz harro gaude, jaialdia gune segurua delako urte guzti hauetan».
Berritasunak, xehetasunak
Apirilaren 5ean, beraz, laugarren edizioari ekingo zaio. 12.00etan zabalduko dira ateak eta goizaldeko 2.00etara luzatuko da jardunaldia. Crystal Fighters izango da kartel buru, euskal artista sorta indartsu batekin batera, horien artean, Zea Mays, Iseo & Dodosound, Betagarri, Süne eta Dupla.
Kartel eklektikoa osatu da, adin desberdinetako zaletuak erakarri dezakeena. Hiru agertoki nagusiez gain, agertoki berri bat estreinatuko da aurten Azoka Plazan, formatu akustikoko kontzertuez gozatzeko. Hor arituko dira akustikoan Erramun Martikorena, Eñaut Elorrieta eta La Maria (Valentziatik).
Bestalde, talentu berriei bultzada emateko lehiaketa bat irekiko da, talde hasi berriei kartelean parte hartzeko aukera emateko. Datozen egunetan zabalduko deialdia sare sozialetan.
Albina Stardustek eta Divina Comediak show berezia eramango dute BEC-era: «Gure show berria aurkeztuko dugu, ‘Urtaroak’ izenekoa. Urte osoan zehar egin ditugun ‘temazoak’ oholtzara eramango ditugu, inoiz izan dugun talderik handienarekin, dantzari eta tekniko gehiagorekin eta oraindik aurreratu ezin dugun ezuste batekin».
Zuzeneko musika emanaldiez haratago, publikoak saio bereziak ere izango ditu eskura, hala nola ‘Atzo da bihar’ (Ken Zazpi-ren diskoaren erreprodukzioa saioa) eta ‘Txanpon baten truke’ (Alaitz eta Maiderren abestien pintxada). Ana Goitia eta Eleder Magoaz gozatzeko aukera ere izango dute ikus-entzuleek.
Zea Mays gogotsu
Zea Mays bilbotarrak lehen aldiz izango dira jaialdian. Taldeko abeslaria den Aiora Renteriaren esanetan «oso pozik» hartu dute gonbidapena. «ZEIDFEST GAZTEAn egotea, jaialdi interesgarri baten parte izatea da, gainera, hemen, Euskal Herrian. Talde internazionalak eta hemengo potenteak elkarrekin egotea plazer handia da guretzat», esan du.
Emanaldi indartsu bat eskaintzen saiatuko direla adierazi du Renteriak: «Barrutik ateratzen zaiguna egingo dugu, gure indar guztiarekin. Jendeak momentu eder bat bizitzea da nahi duguna, barrua hustutzeko erabili dezatela gure kontzertua».
«Gozada bat da musikan dagoen mugimendua ikustea. Hori da herri batek behar duena, musikak jarraitzea, kulturak jarraitzea», esanez amaitu du.
Ate irekiera 11.00etan egingo da, eta jaialdia 12.00etan abiatuko. Urtero bezala, kuadrilla bonoa eta gaztetxoentzako prezio berezia eskuragarri jarriko dira. Mugikortasun murriztua duten pertsonentzat espazio egokitua izango da. Sarrerak webgunean eskuragarri.
Autobus zerbitzua ere izango da. Ondorengo herrietatik irtengo dira: Irun, Errenteria, Donostia, Zarautz, Tolosa, Beasain, Ordizia, Arrasate, Bergara, Azpeitia, Azkoitia, Eibar, Ermua, Durango, Iruñea, Altsasu eta Gasteiz. Autobus zerbitzuari buruzko informazio gehiago eta txartelak eskuratzeko webgunean.
Ubicación
Bizkaia Arena
Azkue Kalea, 1
Barakaldo. Bizkaia