"}
Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Ez publiko, ez pribatu

Asaldatuta zeuden gure lankide filosofoetako bi; estatubatuarra, bat, espainiarra, bestea. Estatu polizial erabatekoa zen hura, haien iritzian. Motxilak eskanerretik pasatu behar, metroan egindako sartu-irten bakoitzean. Dozenaka polizia eta militar bazter guztietan. Gure begietara, gehienak gazte-gazteak zirela erantzun genien, eta txiki samarrak, eta apenas armatuak. Oro har, ez zirela oso beldurgarriak, Espainiako guardia zibil eta polizien aldean, ertzain eta udaltzainak barne. Gehien inpresionatu zituena, hala ere, bideokamerak zirela esan ziguten orduan. Herritarrei buruzko informazio oro Estatuaren esku, eskubide indibidualik ez eta estatu totalitario antidemokratikoaren mende zegoela norberaren askatasuna. Mendebaldeko askatasun sistema demokratikoaren antitesia zela hura. Munduko Filosofia Kongresua zela eta, 2018an Beijingera egindako astebete eskaseko bisitaldian ikusi zuten hori dena.

Benetako problema norberaren bizitzari buruzko informazioaren kontrola besteren esku egotea ez ote zen planteatu genien guk. Hala ere, ez genuela oso argi ikusten zergatik zen txarrago kontrol publikoa kontrol pribatua baino; zergatik aztoratzen zituen estatu baten kontrolak, eta ez Facebook, Google, Apple, Amazon edo Twitterrenak. Espainiarrak bere egin zituen gure dudak. Estatubatuarrak, ordea, aitortu zuen gehiago fidatzen zela interes ekonomikoa besterik ez zuten jabe pribatuekin, sistematikoki xede politiko maltzurrak zituzten erakunde publikoekin baino. Problema batzuk gorabehera (Cambridge Analytics eskandaluaren garaiak ziren haiek), ezin zela mendebaldeko herritarron askatasuna ekialdekoen morrontzarekin alderatu. Ordurako gu komunistazaletzat hartzen hasia zen beharbada.

Ez dira hamar urte pasatu eta tekno-jaun feudalek bereganatu dute AEBko gobernua. Publikoa eta pribatua nahastu egin dira; txirikordatu. Ez publiko, ez pribatu; kontzertatu esango diote batzuek, akaso, estatu eredu berriari. Ez dakit zer dioen orain kide estatubatuar demokratak. Facebooken ematen zituen lehen bere iritziak. Orain ez dakit ausartzen den.

Buscar