Simi, Guillermo eta Aylan
Nola ote dago Simi?». Egunotan galdera hori daukat buruan. New Yorken ezagutu nuen emakume indiarrak auzokoen alabatxoa zaintzen zuen. Ingelesez ez zuen ondo hitz egiten, baina ahal izan zuen moduan kontatu zidan zortzi urte zeramatzala Estatu Batuetan. Indian utzi zituen 8 eta 10 urteko seme-alabak, beste batzuen umea zaintzeko. Ez zeukan agiririk eta ez zuen ezkutatzen beldurrez bizi zela. Aspaldi ez dudala bere berririk eta, Donald Trumpek irabazi zuenetik, sarritan pentsatzen dut ea ondo egongo den.
«Guillermo ote da Trumpek deportatu dituen migratzaileetako bat?». Hori ere pentsatzen dut, deportazio masiboen irudiak ikusten ditudanean. Asko kostatu zitzaion Guillermori Estatu Batuetara iristea. Hiru egun eman zituen Arizonako basamortua zeharkatzen. Janari barik, ur gutxirekin, beste migratzaile batzuen gorpuak bidean aurkitzen zituen bitartean. Margolari modura lan egiten zuen, eta berarekin egon nintzen azken aldian aitortu zidan zoriontsua zela eta bere etorkizuna Estatu Batuetan zegoela.
«Eta Aylan?». Kezka gehien eragiten didana Aylan txikia da. Mexikoko mugan ezagutu nuen, El Salvadorko neskatila. Orduan 5 urte zituen. Orain 8-9 izango ditu. Luis aitarekin egin zuen inork egin nahiko ez zuen bidaia. Kontatu zidaten, ama eta neba txikia El Salvadorren utzi zituztela eta dirua aurreztu nahi zutela, beraiek ere Estatu Batuetara joateko. Beldur naiz, baina, ez dela halakorik gertatuko.
Migratzaile guztiak kriminalak, hiltzaileak eta droga trafikatzaileak direla dio Trumpek. Lehen agintaldian eraiki zuen harresia txiki geratu zaio, eta agiririk ez duten guztiak kanporatu nahi ditu. Estatu Batuak gotortu nahi ditu, aniztasuna murriztu nahi du eta kultura ezberdinek ematen duten aberastasunari atea itxi nahi dio. Trumpi ahaztu egin zio, antza, bere ama ere migratzailea izan zela. Eskoziako uharte batetik iritsi zen New Yorkera, poltsikoan 50 dolar baino ez zituela. Zortea izan zuen, orduko presidentea ez zelako Donald Trump.
Estatu Batuetan bost langiletik bat migratzailea da. Eraikuntzan, ostalaritzan eta zaintzan lan egiten dutenen artean gehienak dira atzerrian jaiotakoak. Trumpek dio lanpostuak lapurtzera joan direla, baina estatubatuarrek nahi ez dituzten lanak dira zerbitzatzea, garbitzea edo etxeak eraikitzea. Estatu Batuetako ekonomiak atzerritarrak behar ditu, eta bihotzez espero dut Simik, Guillermok eta Aylanek Estatu Batuetan jarraitzea.

«Mi vida es mía y de quien yo quiera, no de todo el mundo»

«Gure hizkuntza eskubideak onartzen dizkigute sekula ez erabiltzeko baldintzarekin»

«Los cárteles no son terroristas; son empresas capitalistas que usan la violencia para legitimarse»
