Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
Entrevista
Fermin Leizaola
Euskal ondare materialen zaindaria

«Lan honetan, trukearen bidez, lagunak sortzen dira»

Ondo gazterik sartu zen Aranzadi Elkartera, haitzuloak arakatzeko asmoz. Euskal Herriko bizimodu tradizionala aztertu eta dibulgatzeari premiazkoago iritzi zion, ordea, eta, 60 urte baino gehiago igarota, horretan jarraitzen du, Aranzadiko Etnografia saileko zuzendaritza utzi berri duen arren. Fermin Leizaola da, Euskal Herriko ondare materialaren zaindaria.

(Andoni Canellada FOKU)

Espeleologiak erakarrita, 1958an Aranzadi Elkartera sartu zen Fermin Leizaola Calvo (Donostia, 1943); hala ere, Espeleologia saila desagertu zenez, Historiaurrea eta Arkeologia sailean hasi zen. Edonola ere, espeleologian ere bere «gauzatxoak» egin zituen. Bitartean, baserriko bizimodua ezagutu zuen, eta harrituta ikusten zituen baserritarrak eta artzainak lanean. Talka kultural ikaragarria izan zela dio; «bizimodu hori ikaragarri interesgarria iruditu zitzaidan eta espeleologiak eta kobazuloek itxaron zezaketela pentsatu nuen»; bere herriko kulturak, ordea, ezin zuen itxaron.

Nostalgiaren eta baikortasunaren artean, desagertzear dagoen bizimodu baten eta kulturak eta hizkuntzak iraungo duten uste osoaren artean, euskal kulturaren berri hedatu beharra nabarmentzen du. Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroko Gordailuan berak bildutako 4.000tik gora pieza etnografiko daude.

Aranzadi Elkartearen Etnografia saileko zuzendaritza utzi berritan, sei hamarraldi eta erdian egin duen lan ikaragarriaren parte txiki baten berri eman digu, baita nola egin duen kontatu ere, bere jakintza handiaren laginak utzita. Zuzendaritza utzi du; lana ez, ordea. Bere aurreko kargua «oso esku onetan» dagoela jakiteak ematen dion lasaitasunarekin mintzo da, eta betiko grinarekin.

Etnografia izan duzu bizitza osoko jarduna, espeleologian hasita. Bai. Jesus Elosegi Irazustak, elkartearen arima izan zenak, Gipuzkoako Katalogo Espeleologikoa hasita zeukan. Hura handitu eta betetzeko lanak egiteko, fitxa bat egin behar zen. Nik idatzi nuen, eta dosier bat prestatu nuen Espeleologia sail berriko kideek jarraibide estandarizatu bat izan zezaten. Kobaren izena idatzi behar zen, zer udalerritan zegoen, zer baserritatik gertu, hango maizterra, edo jabea... Gero, kobaren ahoaren krokis txiki bat egiten zen, orduan argazkiak diru asko balio baitzuen. Beste pertsona batzuk ere etortzen ziren, hala nola Juan Arin Dorronsoro jauna, Ataungo apaiza, Juan Txiki esaten ziotena. Berak bakarrik, astia zuenean, 400 barrunbe baino gehiago bildu zituen, kobak eta leizeak, Aralar inguruan.

Guk ere gauza asko egin genituen, baina ni etnografia gaietan sartu nintzen; izan ere, kobazuloak, leizeak, iturriak, iturburuak eta sarbegiak eremu karstikoetan daude, kareharrietan; Gipuzkoan zulo eta barrunbe asko daude, eta jakin behar da non dauden. Baserritarrak eta artzainak dira dakitenak. Ni bezalako ‘urbanita’ batek ez zekien, eta, are gutxiago, nola izena zuten; beraz, galdetu egin behar zen, eta galdetegi bat prestatu nuen, oso erraza, nire aitak euskaratu zidana, 15 bat galderakoa, leizearen izena jakiteko, non kokatuta zegoen, haren inguruko elezaharren bat ote zegoen, zer sakonera zuen...

Baserritar eta artzainekiko harremanek bultzatu al zintuzten etnografiara? Baserritarrei eta artzainei egin beharreko inkesta horietan guk talka kultural ikaragarria sumatu genuen 60ko hamarkadan, gerra amaierakoa ez baina oso zaila zen garai batean. Orduan ia baserri guztiak autarkikoak ziren. Gaztainak jaten ziren, edo intxaurrak; baratzetik, patata, aza, porruak, tipulak, baratxuriak, piperrak eta halakoak, eta artasoro handiak zeuden. Orduan gosaria taloa ardi edo behi esnearekin izaten zen; bazkarian laguntzeko, taloa eta hirugihar edo lukainka pixka bat jartzen zen, denek azpil beretik jaten zutena, arrautzak ere bazeuden... hala zen orduan. Hori gazteei kontatzen diezu eta esango dizute hori ezin dela hala izan, ogia beti egon dela. Nik errazionamendu garaian ezagutu nuen ogia zahiduna zen. Orain, ordea, zahiduna saltzen da gehien eta, gainera, garestiagoa da. Alderantzizko mundua.

Orain ezin da orduan bezala baserrietara sartu, baina garai hartan berehala pasatzen gintuzten sukaldera. Bi pertsona joaten ginen gutxi gorabehera ikerketa egitera. Sukaldera sartzen ginen eta beti jartzen zizuten saltsa bat zopa batzuekin edo, arratsaldea bazen, sagar erre batzuk, ekonomikako labean sartuta zeudenak eta azala erabat beltza zutenak, baina oso gozoak.

Euskal Herria sakon ezagutzeko aukera izan duzu. Herrialde osoa ezagutzen hasi nintzen, gure herria. Gipuzkoa, adibidez, oso txikia da, eta Euskal Herri osoak 20.000 kilometro karratu ditu; oso txikia bada ere, oso zimurtuta dago, eta asko kostatzen da haran guztiak ezagutzea, lekurik ezezagunenetan sakabanatuta dauden baserriak. Hara joan aurretik, inguruaren eta bertan dauden mendietako batzuen berri jakin behar da. Modu lasaian iritsi behar da baserritarrarengana, eta galderak egiten dizkiozu: «Aizu, lepo hori halako mendia da, ezta? Eta beste horrek nola izena du? Azpiko baserria oso polita da...». Orduan, berak badaki zuk pixka bat dakizula, baina ez dakizula dena, eta orduan esaten dizunarekiko errespetu izugarriarekin entzun behar duzu, eta harriturik, nahiz eta jakin.

Baina berak dakiela, aditua bera dela sentiarazten diozu, ezta? Horixe. Hori oso garrantzitsua da. Izan ere, bestela zer pentsatuko du? «Tipo hau zertara dator hona? Nik baino gehiago daki eta lezioak eman nahi dizkit... ba, joan dadila pikutara». Ikerketa etnografikoan, inkestatua aurkitzen denean, ez baituzu inondik ezagutzen, harengana hurbiltzen saiatu behar duzu, baina ez dena dakien kalekume jakintsu batek bezala, orduan inkestatuak esaten baitu: «Aizu, zertarako zatoz hona, dena badakizu...?». Eta gauza bera artzainekin.

Abeltzaintza estentsiboa izan da zure ikerketen ardatza. Bai, abeltzaintza edo artzaintzako etxaldeak eta teknologia modernoak ez zaizkit interesatzen. Artzaintza tradizionalaren mundua interesatzen zait, azken 35 urteetan aurreko 4.000 urteetan baino gehiago aldatu dena.

Artzainari ere hitz egiten jakin behar da, nola hasi, gazta non, nola eta noiz egiten duen galdetzeko, esate baterako. Baina ez zenbat ardi dituen; hori egin dakiokeen galderarik okerrena da, bat-batean, ezagutu gabe, zenbat irabazten duen galdetzea bezalakoa baita ia-ia. Gauza horiek saihestu egin behar dira. Esango diozu, adibidez, ikusi duzula ardi muturgorriak dituela baina baita sei edo zazpi muturbeltz ere, hark esango dizu zergatik, haren azalpena entzungo duzu, eta zuk jarraituko duzu: «Aizu, zintzarri hauek desberdinak dira, hau pixka bat sabeldua da, esferiko samarra, ezta? Eta beste hau hodi bat bezalakoa, eta beste hau errektangular samarra...». Eta berak gustura esango dizu: «Bada, honi ‘dunba’ esaten diogu, eta honi ‘kalaxka’, honi ‘txintxarri luzea’...». Eta hori guztia apuntatu egin behar da.

Bertatik bertara ikasi duzu haien bizimodua. Jakina. Han egon naiz, haiekin ‘illorretan’ [egileorretan, ganaduarentzako txaboletan] lo egiten, artaldea jasotzen eta, tira, beti pixka bat laguntzen duten gauza horiek egiten.

Hegoalderago, Araba aldeko zenbait ingurutara igarotzen bagara, hori ere ardi latxen eremuan baina Elgea, Zaraia eta Aizkorri mendilerroen eta Eginoko haitzen behealdean, hor ere badago artzaintza, baina artzainak, oro har, ez dira mendira igotzen, baizik eta mendiaren oinean eta herriaren inguruko larreetan geratzen dira. Nik, Irakasle Eskolan, ikasleei esaten nien ardi latxa oso pinpirina dela, artesia (marra) erdian eginda orrazten delako, haren artilea 30-35 zentimetroko luzera izatera iristen baita. Ekialderantz joanez gero, Lizarrerrian, Zangozan eta Erriberan, arraza ez da latxa, rasa nafarra baizik; artile motzagoa du, eta finagoa.

Orain artilearen prezioa erabat jaitsi da. Duela 50 urte nik ezagutu nuen artile kiloa 147 pezetatan. Kantitate izugarria da. Orain ez dizute pezeta bat ere ematen, ez euro bat edo zentimo bat ere; orain ordaindu egin behar duzu, desegin egin behar duzulako. Alderantzizko mundua.

Bardean ere izan zara artzainekin, ezta? Bai, transhumantzia ere egina nago Bardeatik Zaraitzu ibarreraino. 1974. urtean izan zen hori, eta egon ginen bost egunetatik hirutan etengabe egin zuen euria. Maiatzean, Bardeako larreak irekitzen direnean, 15 egunean ikaragarrizko hotza egin lezake, elurra edo izotza; beraz, ez da erraza hor egotea. Artzainak, haizetik babesteko, aker zikiratuaren larru ondu bat janzten du bizkar gainean; horregatik esaten zaio ‘bizkarlarru’. Horietako bat utzi zidan niri, eta horri esker bizkar guztia bero-bero neraman; gauza zoragarria da.

Mundu horretan jende asko ezagutu duzu. Bada, lagun multzo bat sortzen duzu. Egun batean legatza saltsan eramaten diozu eta berak txabolako oilategian dituen arrautza batzuk jartzen dizkizu, gorringoa hausteko ia labana sartu behar diezun horietakoak; oso gauza ona, oso zapore onekoak. Haiek jaten ez duten gauza bat eramaten diezu, argazki batzuk egin, gero eraman egiten dizkiezu, oso garrantzitsua, eduki ditzaten, eta truke horren bidez adiskidetasuna sortzen da.

Orain artzain lagun bat geratzen zait, Jesus Mendizabal Kaskagorri, Zaldibiakoa. 98 urte ditu eta 30 urte nituenetik ezagutzen dut. Lagunak gara, zoragarria da.

Gipuzkoako Aldundiaren gordailuan 4.000 pieza baino gehiago utzi dituzu, jendeak ikusteko moduan. Horiek dokumentatuta daude, QR batekin, argazki batekin, piezaren deskribapenarekin: zein materialez egina dagoen, nongoa den, non aurkitu den. Eta hori mezatara doa. Eta horrela egiten ez bada, zoaz antigoaleko gauzen denda batera eta zer pieza polita, nongoa da? Batek daki. Tipologiaren araberako balio etnografikoa du, baina jatorria ezagutzen ez bada, ezin da esan tresna horren erabilera noraino hedatu den. Eta datatuta egon behar dute, bestela ez dute ezertarako balio, apaingarri gisa ez bada. Argazki batek ere, datarik ez badu, oso artistikoa izango da, baina ez du balio historikorik.

Beste milaka pieza dituzu, horiek ere dagokien fitxa eginda… lan eskerga; horiek guztiak aztertu eta sailkatzeak diziplina askotako ezagutzak eskatzen ditu, gainera. Aranzadi Elkarteari dohaintzan eman dizkiodanak. Bai, etnografiak beste zientzia batzuk behar ditu gizakiaren bizimoduen inguruko lanak egin ahal izateko.

Garai batean erakusketa ugari egin zenituen. Orain dela urte batzuk, 89an izan zela uste dut, “Zaharkinak” izeneko proiektu bat egin nuen Aldundiarentzat. Hamazazpi udalerritan utzi zizkiguten piezekin 17 erakusketa egin nituen, eta 74.000 pertsona pasatu ziren. Guztira 14.000 pieza inguru bildu genituen; kafe-errotak, laiak, aitzurrak, zerrak, trontzak, aizkorak... Ahalegin pixka bat eginez, baserri askotan ez zutela ezer esaten baziguten ere, igual 90 pieza ateratzen genituen, ganbarara igotzerik al zegoen galdetzen genuen...

Ganbara toki zoragarria da. Etxekoandreak esango zizun: «Ai ene, hau lotsa! Dena armiarmaz eta hautsez beteta dago...». Ez dio axola, ni leku horietara guztietara joaten naiz, makurtu egiten naiz, lau hankatan, teilatu hegalaren azpian... Pilaka ateratzen nituen gauzak.

Baserrietatik kanpo ere lortzen zenituen gauzak, ordea. Kontuan izan behar da orain dela 40-50 urte zaborrontziak zoragarriak zirela, adineko pertsonek seme-alabei herriko etxea uzten zietenean, belaunaldia aldatuta, gauza horiek guztiak zakarrontzira botatzen zituzten. Ni hara iritsi eta lubeta bat aurkitzen nuen, 45 gradukoa, gauza izugarri bat, eta goitik ikusten nuen: «Hara, uztarri bat dago! Lepoko bat...». Handik jaisten nintzen, zabortegian behera, eta trastez beterik igotzen nintzen, eta berriro behera. Horrela herri askotan. Gero zaborrontzi guztien itxiera etorri zen eta akabo emankizuna.

Kultura baten, bizimodu baten, funtsezko elementuak ziren. Bai, bai, sukaldekoak, nekazaritzako lanabesak... Motokultorea eta traktorea sartu zirenean, goldea eta eskuzko beste lanabes guztiak desagertu egin ziren. Eta joaten bazinen zatarketaria edo ijitoa burdinak erostera iritsi baino lehen, eta zer esanik ez kobrezko galdarak eta horrelako gauzak, zerbait eskuratzeko aukera zenuen. Beste batzuetan, objektua ematen digute, interes handia daukagula ikusita; zenbat kobratuko lidaketen galdetu eta «zer? Eraman ezazu, gizona, hau guri ez zaigu interesatzen» erantzuten dute sarritan.

Gainera, ez duzu kontakturik falta izango... Horixe. Eta beste batzuetan gertatzen dena da zure kontaktu sarean ezagutzen dituzula demagun antikuarioak ez baina bai zatarketariak, objektuak jasotzea gustatzen zaion jendea, erdi txatar biltzaileak, baina pixka bat ilustratuak. Ni bezala beste pertsona batzuk joaten ziren haiengana; adibidez, Manuel Laborde Werlinden jauna, Aranzadiko sortzaileetako bat eta errementeria eta forjaketa objektuak maite zituena. Bilduma ikaragarria zuen.

Ingeniarien bulegoa itxi genuenean, Aldundiarentzat lanean hasi nintzen. Imanol Muruari, artean Kultura diputatua zela uste dut, Gipuzkoako bilduma etnografikoa egiteko proiektu bat aurkeztu nion; txosten bat aurkezteko esan zidan eta oso ondo iruditu zitzaion. Ignazio Mari Atxukarro errezildarraren bilduma erosten hasi nintzen. Ondoren, Manuel Laborde Werlindenen etxera joan nintzen; 90 urte inguru zituen orduan, eta proposatu nion bere bildumaren balioztapena egin eta Aldundiari saltzea. Besaulkitik altxatu eta besarkada bat eman zidan. Horrela hasi nintzen Aldundiarentzat bilduma egiten. Erretiroa hartu nuenerako 17.000 pieza erosi nituen. Zeramika herrikoiaren bildumak, nekazaritzako tresnen piezak...

Pieza horiek herri honen ondare diren kontzientzia zabaldu duzue. Baserrietatik jasotzen genituen gauza asko jabeei itzuli ondoren, handik pasatu eta pieza bat atean zintzilik, edo almaiz bat sukaldean ikusgai dutela ikustea dagoen gauzarik atsegingarrienetako bat da.

Piezak itzultzean, askotan etxe batetik 120 pieza atera eta gehiago itzultzen genituen. Esate baterako, gaueko mahaiko zurezko tiradera babesteko paperaren azpian osaba edo dena delakoaren heriotzaren oroigarri bat eta gerra aurreko 25 zentimoko txanpon bat aurki zitezkeen. Bi pieza gehiago. Nik baserri bakoitzetik eramaten nituen piezen zerrenda bat egiten nuen; baserriaren izena, jabearen edo maizterraren izena eta pieza kopurua, bertan zeukaten izenarekin; oso garrantzitsua zen pieza horiei han nola esaten zieten jasotzea. Kalko-paper batekin egiten nuen. Piezen aseguru bat ere egiten zen. Batzuetan, piezak itzultzean, etxekoandreak esaten zizun: «Hau ez da gurea, e?». Baserri hartakoa zen, kontua zen guk garbitu egiten genituela. Jakina, brontzezkoa bazen, erabat belztuta hartzen genuen eta gero ez zuten ezagutzen.

Makina bat pasadizo eta komeria. Herri batean beste istorio bat gertatu zitzaigun. Oraindik ez genuen esperientzia handirik gai horretan eta jende guztia zintzoa zela uste genuen. Baserriaren izenarekin jartzen genituen piezak, baserritarraren egoa islatuta egon zedin, pentsatu nuen nik, beste herri bateko lagunekin joaten zenerako: «Begira, hau da nirea». Baina erakusketak bisitatzen zituztenen artean batzuk antikuarioak ziren, eta behin XVII. mendeko mahai bat ikusi zuten; ganbaran jaso genuenean zuri zegoen, zirinez beteta, eta garbitu eta argizaria eman genion, zoragarria zen. Udalera telefonoz deitzen hasi ziren, baserri horretara nondik joan behar zuten galdetzeko, eta alkateak niri deitu eta kontatu zidan. A, ez, ez, ez, hau berehala kenduko dugu, zeren honen filosofia da jendea jabetzea objektu horiek ondarerako garrantzitsuak direla, eta ez gu piezak saltzeko bidea izatea. Eta aurrerantzean ez zen izenik agertzen, zenbakiak baizik.

Etnografia saileko zuzendaritza utzi duzu, baina ez lana. Ez. Duela bost urte Gipuzkoako Foru Aldundiari legatua egiteko erabakia hartu nuen, eta erabaki hori hartzea benetan zaila da, baina lan horretan bi laguntzaile izateko zortea izan nuen, Suberri Matelo Mitxelena eta Maite Errarte Zurutuza. Duela bost urte Historia karrera amaitu zuten eta pixka bat arkeologian eta etnoarkeologian aritzen ziren, eta nirekin elkartuta hiru laguneko taldea osatu genuen. Hiru pertsonak 4.000 pieza baino gehiago ateratzeko lan handia egin behar da; pieza horiek hartu eta hala moduz garbitu behar dira, eta etiketatu.

Orain Maite Errarte da Etnografia saileko zuzendaria, eta taldean Suberri Matelo ere badago. Saila esku onetan dago? Nik uste dut oso esku onetan geratzen dela, Aranzadin eta biekin. Haiekin lan egin dut eta konfiantza daukat. Esku onetan Gipuzkoako Foru Aldundiari utzitako piezak ere, horiek dokumentazioaren ibilbide berari jarraitzen baitiote, eta objektua balioztatu egiten da.

Tresnak bezala, gaur egun ez dira lehengo hitz asko erabiltzen. Batzuk guztiz galdu dira, baina beste asko Euskal Herriko Atlas Etnolinguistikoan jaso dituzue. Nik koordinatu egin dut hori, baina atlasaren gai tekniko eta zientifikoa ez dut nik egin, euskara oso txarra baitut. Baina, tira, bai, bai, lan eskerga egin zuen taldeak. Ez zegoen ordenagailurik eta 600 galderako galdetegiak erabiltzen genituen. Pentsa, beraz, egin genituen 212 galde sortez biderkatuta, amaierarik ez duen fitxa kopuru bat ematen du. Hori guztia digeritzea arazo potoloa zen. Hor, adibidez, nire emaztea [Miren Egaña], hizkuntzalaria dena, zuzendaritza taldean aritu zen, Koldo Artola ere bai, Juanjo Arbelaiz, Euskaltzaindiko pertsonak... Estatu Batuetan ere inkesta bat egin zitzaien bertan jaio eta euskaraz hitz egiten zuten zenbait pertsonari.