Presio eltzeaz
S.apurgarria,
Udaberri berririk ez zuretzat? Pentsamenduak isurtzen utzi nahi zenituzke, barailan iltzatzen zaizkizun esanezinak askatzeko gai izan, begiak itxi orduko loan bildu, erraiak hustu, sorbaldak goratu, baina Hirugarren Mundu Gerraz mintzo dira irratian, otsoa itzuli da zure sorterrira, EAEko gazteen %22,5 maskulinitate tradizionalarekin bat datoz, tren-geltokiko guardia euskaldunari oldartu zaio eta zuk, zure burua izan ezik dena kontrolpean duzulako itxurak egin arren, ez duzu gorputzak oihukatzen dizunik ulertzen. Askotan gertatzen zaizu: entzuten ez duzulako ez duzu ulertzen eta konprenitzen ez duzulako uzten diozu aditzeari. Presio eltzea zara zu ere, etengabe denbora aurrezteko prest, beti azken emaitzaren alde, lehertzen zaren arte. Ez dakizu zer egosten ari den zure baitan, ez dakizu ze irakinaldirekin egingo duzun gainez.
Sosegua sentitzen duzu etxetik gauez oinez ateratzen zarenean. Nornahik izan behar luke horretarako aukera. Karrikan beldur denarentzat lubakia da etxea; etxean preso dagoenarentzat, arnasbidea kalea. Ez dago Alauda Ruiz de Azuaren “Querer” ikustea bezalakorik bizilagunei beste begi batzuekin erreparatzeko. Beti da errazagoa bizilagunez aritzea, zure odolekoak, lagun minak ala zure alde iluna auzitan jartzea baino. Ez dakizu zer egosten ari den zure baitan, ez dakizu ze irakinaldirekin egingo duzun gainez, ez dakizu etxetik gauez oinez irteterakoan sentitu duzun sosegua itolarria izango den bueltan; itolarria, bezperako damuak zintzurrean trabatu zaizkizulako; itolarria, biharamuneko zereginek diafragma buxatu dizutelako. Tarte batez bazter utzi duzun bizitzan berriz kabitzeko itolarria.
Zernahi adieraberritzen den garaiotan udaberriari ere beste zentzu bat ematea proposatu dizu X.k, Jule Goikoetxearen “Politeismo bastarta” gomendatu diozu, etxebizitzaren prezioak gailurretik gora jarraitzen duela azpimarratuz eman dio sarrera aurkezleak albisteari eta kapitalismoa amildegian jausi zarela ez onartzearren tontorretik gora zoazela sinestea dela ulertu duzu zuk. Ez dakizu udaberri berririk izango den zuretzat, pentsamenduak azalean behera isuriko zaizkizun, esanezinak askatzeko gai izango zaren, begiak bildu orduko loan ixteko kapaz, baina erraiak hustu eta sorbaldak goraturik, entzuten duzuna ulertu nahi zenuke eta konprenitzen ez duzuna aditu.