Urtzi Urrutikoetxea

Utahko parke nazionalak, AEBko mendebaldeko ikur

Estatu Batuetako mendebaldea paisaia ikusgarrienen eta road-trip tradizionalen lurraldea da. Eremu zabalak, basamortua eta harkaitza; eguzkiak eta urak milaka urtetan zizelkatutako gune ikusgarrien txokoa da Utah, western-etako irudietako asko biltzen dituen estatua.

Arches inguruko errepidea. (George ROSE | Getty Images)
Arches inguruko errepidea. (George ROSE | Getty Images)

Euskal Herrikoa baino zertxobait handiagoa da Utah-ko biztanle-kopurua, baina kilometro-koadroan lau aldiz handiagoa. Askorentzat, mormoi erlijioarekin dago lotuta estatu hau; bertako hiriburuan dago haien tenplu nagusia. Salt Lake City iparrean dago, eta Utahra sartzeko ez eze, AEBrako sarbidea ere izan daiteke, Europako zenbait hiritatik zuzenean joan baitaiteke bertaraino. Parke nazionalak, berriz –turista gehien hartzen dituzten lekuak–, estatuaren hegoaldean daude, bata bestearekin nola edo hala lotuta, bakoitzak bere ezaugarri, bitxitasun eta harribitxiak dituela.

Arches parkeko irudia. Arkuen parkea da, AEBko bisitatuenetakoa. (George ROSE | Getty Images)

Zion parkea, Utahko eta AEBko lekurik bisitatuenetakoa. (George ROSE | Getty Images)

Edozelan ere, Utah hegoaldean ibilbidea prestatzerakoan garrantzitsua da, parke nazionalak elkarrekin gertu samar egon arren, zeintzuk eta nondik bisitatuko diren asmatzea. Batzuk oso handiak dira, besteak txikiagoak, baina geratzeko eta gozatzeko txoko askorekin. Horregatik, bidaian eskarmentuak dakarren ondorioetako bat da presaka ibiltzeak gutxitan duela ordain onik: nork bere txangoa prestatzeko askatasun guztia izan arren, bizpahiru egun baino ez dituenak hobe luke pare bat parke nazionaletan zentratzea, hirutan agian, denak arrapaladan ikusteko asmoz ibili gabe. Distantziak uste baino luzeagoak dira sarritan, bai leku batetik bestera joateko eta, zer esanik ez, parke nazionalen barnean ibiltzeko.

Arches parkeko panoramika ikusgarria. (George ROSE | Getty Images)

Arches bisitatzeko, gogoan izan behar da, parke nazionalen txartela erosteaz gain, Internetez erreserba egin behar dela, goizez joan nahi bada. (George ROSE | Getty Images)

Bidaia hau Utahko hiriburu Salt Lake City-n abiatzen da, baina beste bidaiari asko aldameneko Las Vegastik datoz, edo Arizonako bisitarekin lotzen dute, hegoaldetik iritsita Grand Canyon eta Monument Valley ikusi ostean. Kasu horietan, bisitatutako parke nazionalen ordena ere aldatzen da. Oraingoan hiriburutik ekialderantz abiatu gara, eta hego-mendebalderantz jo dugu.

ARKUAK ETA ARKUAK

Lehen parke nazionala, eta AEBko bisitatuenetakoa, Arches da, arkuen parkea. Salt Lake Citytik etorrita ia lau orduko bidea da; horregatik, Moab herri turistikoan geratu ohi dira eskualde zenbait egunez bisitatu nahi dituztenak. Arches-ekin batera, Canyonlands bisitatzeko gunea ere bada Moab.

Colorado ibaiaren ertzean, kolono mormoien eta paiute indigenen arteko gatazkez gain, II. Mundu Gerran japoniarren internamendurako gune ere izan zen. Abeltzaintzatik meatzaritzara egin zuen herriak, harik eta John Fordek ezagututa haren western-ek mundu osoan famatu eta turismoa erakarri zuten arte. Bertako parke nazionalak bisitatzeaz gain, mendi bizikletatik hasi eta Colorado ibaian barrenako txangoetara, turismo aktiborako eskaintza ugari daude.

Capitol Reef parkeko arku ezaguna. (Getty Images)

Bryce parkeko panoramika. (MJFelt | Getty Images)

Arches bisitatzeko, gogoan izan behar da, parke nazionalen txartela erosteaz gain, Internetez erreserba egin behar dela, goizez joan nahi bada. Neurri hori hartu behar izan zuten parkeak izan duen bisitari kopurua mugatzeko. Izan ere, munduko leku berezienetako bat da, izenak dioen bezala, harrizko arkuetan. Harkaitzetan eraikitako formazio horren horrelako kopururik ez da beste inon aurkitu. Delicate Arch da parke nazionaleko ikur ikonikoena, Utahra iritsi berritan ikusiko duguna: estatu honetako autoen matrikuletan ageri da.

Arches munduko leku berezienetako bat da, izenak dioen bezala, harrizko arkuetan. Harkaitzetan eraikitako formazio horren horrelako kopururik ez da beste inon aurkitu

Ilunabarrean, azken eguzki izpiekin, egoten da arku hori bere une berezienean. Bertara iristeko bost bat kilometroko joan-etorriko bidea da, nahiko aldapatsua, baina turista mordoa egon ohi da egunero Arches-eko bisitaren amaiera bertan egiteko. Moab-etik abiatuta eskuinera ageri da bisitarien gunea, eta gero errepideak gora egiten du, begiratokiz betetako bidean. Leku asko daude gelditzeko, bidea luzea izan ez arren. Double Arch eta The Windows dira berezienetakoak. Amaieran, Devils Garden-en oinezko ibilbide bat abiatzen da, zenbait aukerarekin: paseo labur bat egin liteke edo ehun metroko Landscape Arch-eraino luza liteke.

Bryce parkea ikusgarria bezain txikia da, beste parkeekin alderatuta. (Jim Vallee | Getty Images)

Zion parkearen irudia. (George ROSE | Getty Images)

Archesetik gertuen dagoen parkea, eta Moabetik bertatik bisitatu ohi dena, Canyonlands da. Lehenaren eremu txikiaren eta arku delikatuen aldamenean, erabat bestelako esperientzia da, ordea: erraldoia da, norbera ere txiki sentiarazteraino.

Plaka tektonikoen elkarrekintzak milioika urtetan lurrean sortutako arrail sakonek osatzen dute Canyonlands. Berez, hiruzpalau barruti ditu parke nazionalak: Island in the Sky, Needles District eta Maze, baina bisitari gehienek Moabetik gertuen dagoen «zeruko irlan» ematen dute eguna.

Jende asko egon ohi da egunsentia Mesa Arch-etik ikusteko. Ondo markatutako autoz egiteko bidea dauka Island in the Sky guneak, eta geltoki bakoitzean daude ibilbideak. White Rim Overlook da errazenetakoa; hiru bat kilometro dira joan-etorrian eta sekulako ikuspegia dago. Gooseberry Trail gogorxeagoa da, zortzi bat kilometro, Colorado ibaiak ebakitako arraila ikusteko. Eta beherantz hasten denez, itzulera goranzkoa da.

Canyonlands parke nazionala, Archesetik gertuen dagoena eta Moabetik bertatik bisitatu ohi dena (Colin D. Young | Getty Images)
MENDEBALDERA

Utah ekialdeko bi parke nazionalak bisitatuta, ekialderantz Coloradoraino jarrai daiteke Mesa Verde parkeraino, edo hegoalderantz Arizonara, navajoen lurraldean Monument Valleyra. Utahko parkeetan jarraitzeko, berriz, bidean atzerantz egin dugu 70. Interamerikar errepidea hartu eta mendebalderantz jarraitzeko. Moabetik Capitol Reef parke nazionaleko sarrerara bi ordu pasatxo daude zuzenean joanda. Cathedral Valleyn edo bidean dauden arroila ikusgarrietan geratuz gero, ondo merezitako etenaldi horiek ere aintzat hartu beharko dira.

‘The Might Five’ edo bost parke nazional ikusgarrien artean ezezagunena da Capitol Reef ziurrenik. Harrizko kolore laranjak nagusi diren paisaian berdegunea ageri da haranaren sakonean, ohiko arkuen eta arroilen eremuan. Fruita herrixka interesgarria da kolono mormoien asentamendu bat ezagutzeko.

‘The Might Five’ edo bost parke nazional ikusgarrien artean ezezagunena da Capitol Reef ziurrenik

Bryce Canyon-era bidean Escalantetik pasatzen da. Grand Staricase-Escalante monumentu nazionaleko sarreretako bat dago bertan. Beste edonon ikusgarria litzatekeen leku honetan oharkabean igaro ohi da, Utahko parke nazional ezagunagoen mesedetan. Denbora izanda eta ilara barik ibiltzeko ibilbide interesgarriak daude, hala ere.

Canyonlands parkea erraldoia da, norbera ere txiki sentiarazteraino. (Getty Images)
Capitol Reef. “The Might Five” edo bost parke nazional ikusgarrien artean ezezagunena da, ziurrenik. (Getty Images)
SUNRISE ETA SUNSET POINT

Utahko hego-mendebaldeko txokoetarantz goazela, Bryce Canyon ikusgarria bezain txikia da, beste parkeekin alderatuta. Autoz egiteko 30 kilometroko bide bat da funtsean, eta handik abiatzen diren ibilbideekin osatzeko. Errepidearen hegoaldera egonik, egunsentian eta goizean askoz argi hobea dago argazkietarako; arratsaldean itzaletan egon litezke formazio gehienak. Edozelan ere, Sunrise eta Sunset Point izena eman diete lekurik esanguratsuenei, konplikazio handirik gabe. Biak lotuz, hamar kilometroko Figure 8 izeneko ibilbidea dago, parkeko lekurik esanguratsuenak bisitatzeko. Errepidetik ere Natural Bridge eta Bryce Point ikusgarrietan sekulako begiralekuak daude.

Canyonlands parkeko letreroa. (George ROSE | Getty Images)

Staircase Escalante. (Krystal Patrick | Getty Images)

Hala, etorrian-etorrian Zion parke nazionaleraino iritsi gara. Utahko eta AEBko lekurik bisitatuenetakoa da. Nahi beste egun eman litezke bertan, baina argi izanda ez garela bakarrak izango, parkeko bi txango ezagunenak egitean batez ere: Narrows eta Angels Landing. Bi egun izatera, bakoitzean bat egin liteke. Narrows-en ibilbidea Virgin ibaira doa, eta uretan barrena ibiltzen zaren kanoi handi batean barrena.

Angels Landing-erako baimen berezia lortu behar da; beraz, garaiz ibiltzea komeni da. Kateekin lagundutako eskalada bat da, erabat ikusgarria den goi-ordoki estu batera. Behinola The Grotto abiapunturaino autoz joan zitekeen, baina egun shuttle autobus batean joan behar da. Zalantzarik gabe, AEBko txangorik ikusgarrienetakoa da, Utahko bisita amaitzeko –edo hasteko– lekurik paregabeenean.