Roge Blasco

Ouro Preto, urrea eta barrokoa Brasilen

Rio de Janeiro eta Salvador de Bahia bezalako kostako lekuak bisitatu ondoren, ideia ona da Ouro Pretora joatea, Brasil barrualdera. Hiri koloniala da, 1.125 metroko altueran kokatua, mendi artean, lurralde bihurgunetsu eta malkartsua, klima kontinental-tropikalarekin. Apenas iristen da kanpoko turistarik herrialdera; lasaia eta segurua da. Agian, eragozpen bakarra bere kale estu eta aldapatsuetan motor azeleratuen trafikoa da, oinezkoei eragozpenak sortzen dizkienak kale harriztatuak zeharkatzeko.

Ouro Preto hiriaren ikuspegia. (Fred PINHEIRO | Getty Images)
Ouro Preto hiriaren ikuspegia. (Fred PINHEIRO | Getty Images)

Ouro Preto Brasilgo historiako hiri garrantzitsuenetakoa da. Vila Rica izenarekin 1711n sortua, Minas Gerais estatuko antzinako hiriburu bihurtu zen, 1897an Belo Horizontek ordezkatu zuen arte. XVII. mendearen amaieran urrea aurkitu zuten eskualdean. Mineral gutiziatuaren sukarrak eramandako abenturazaleak iritsi ziren, batetik, eta indigenak eta afrikarrak esklabo gisa esplotatzen zituzten kolonoak, bestetik.

Hiriaren ikuspegia, airetik ikusita. (Brastock Images | Getty Images)

Herriko ate koloretsu baten detailea. (Jan Willem van Hofwegen | Getty Images)

Hiria muinoen artean hazi zen, bere aberastasunarekin batera. Arteak eta kultura garatu ziren; barrokoaren eta kasik rokokoaren berezko arrandia eta teatraltasuna adierazten zuten jauregi eta elizak eraiki ziren. Meatze-eskualde honetan arte-estilo hori Europan baino gehiago gailendu zen, eta izaera pertsonala izan zuen, gainera. Ouro Pretoko 23 tenpluetan eskuz landutako objektu asko daude, gizarte honetan garrantzi handia izan zuten eta duten zeremonia erlijiosoetarako egindakoak. Unescok Gizateriaren Ondare izendatu zuen 1980an, eta titulu hori duen Brasilgo lehen hiria izan zen.

Ouro Pretok –zeinaren gainbehera XIX. mendearen amaieran gertatu zen, meategiak agortu zirenean– ia bere horretan mantendu du bere hirigune historikoa, biztanleen %45 inguru hiriburu berrira, Belo Horizontera, joan baitziren, erosoagoa eta lauagoa delako.

Pilarreko Andre Maria basilikaren barrualdea. (Pedro CARRILHO | Getty Images)

Errosarioko Ama Birjina eliza. (Zigres | Getty Images)

Ouro Preto aitzindaria izan zen Brasilgo independentziaren aldeko borrokan. 1790. urte inguruan, zerga garestiegien eta Portugalgo botere kolonialaren harrokeriaren aurkako herri matxinada gertatu zen.

Portugaleko garai kolonialeko harribitxi honetara iristeko, Salvador deBahiatik abiatu gara hegaldi merke batean, goizaldeko lauretan. Belo Horizonteko aireportu moderno eta erosoan lurreratu gara.

Hiriburura joateko onibusa hartu dugu. Abiatu orduko, aire zabaleko meatze handi bat ikusten da, Minas Gerais estatuan gaudela gogorarazten diguna

Hiriburura joateko onibusa (autobusa) hartu dugu. Abiatu orduko, aire zabaleko meatze handi bat ikusten da, Minas Gerais estatuan gaudela gogorarazten diguna. Belo Horizontera hurbildu ahala, ibilbidea itsustuz doa; eraikin ez oso erakargarriak, hirigintza desordenatua, tailerrak errepidearen bi aldeetan, zubiak urmael zikinen gainean eta eskaleak suen kearen artean esnatzen.

Frantzisko Asiskoa eliza. (Fred PINHEIRO | Getty Images)
Xaboi-harriakin egindako pieza bat. (Getty Images)
MENDIETARA HURBILDUZ

Geltoki nagusian gelditu gara, jendez gainezka dago, eta Pássaro Verde konpainiaren beste onibus batera igo gara. Ordubeteko atzerapenarekin abiatu gara, baina helburua da hiri handi bat uztea eta mendietara hurbiltzea.

Paisaia dotore zabaltzen da gure begien aurrean; zabal-zabalik ditugu, zuhaitz tropikalez ereindako mendi berdeen xehetasunik ez galtzeko, fazendaz (etxaldeak) zipriztindutako haran amaigabeetaraino jaisten direnak. Bi ordu eta erdiko bidaiaren amaieran barrokoko miraria zain dugu: Ouro Preto.

Badirudi ez gaudela Atlantikoaren beste aldean, ikusitakoak Portugal gogorarazten baitu; aurpegiek, jantziek, hizkuntzak, izaerak eta klima freskoak. Altuerari eta hego hemisferioko neguan egoteari esker, dena abegitsuagoa eta familiarragoa da. Zalantzarik gabe, zerikusi gutxi, Rio de Janeiroko edo Salvador de Bahiako zalapartarekin.

Harrizko kalea, fatxada koloretsu artean. (Fred PINHEIRO | Getty Images)

Ostatu gisa, garai kolonialera garamatzan pousada ugarietako bat aukeratu dugu. Jakin-minak aire zabaleko museo baten antza duen hirian zehar ibiltzera bultzatzen gaitu. Ouro Pretoko ikurretako batetik abiatuko gara, Sao Francisco de Assis elizatik. Antonio Francisco Lisboak diseinatu zuen, Aleijadinho (1730-1814) izenez ezagunak, Brasilgo artista kolonialik handientzat jotzen den arkitekto eta eskultoreak.

Ondoan, inguruan oso ohikoa den xaboi-harriaren obretan espezializatutako harrien azoka dago. Harriztatutako kaleetan gora eginez, Praça Tiradentes dago, hiriaren bihotzeko zelaigune handia. Udaletxe zaharra du buru. Incofidencia Museoa bihurtuta, eskualdearekin lotutako objektu eta artelanak ikusgai ditu. Gazte giro handia dago, Ouro Preto unibertsitate-hiri sutsua delako.

Estropezu ez egiteko kontu handiz, harrizko kale bertikaletan gora eta behera ibili gara; etxe kolonialak, fatxada zurikoak eta leihoetan koloretako markoak dituztenak, harrizko portadak, burdina forjatuzko balkoiak...

Estropezu ez egiteko kontu handiz, harrizko kale bertikaletan gora eta behera ibili gara; etxe kolonialak, fatxada zurikoak eta leihoetan koloretako markoak dituztenak, harrizko portadak, burdina forjatuzko balkoiak eta teila gorrizko teilatuak dituztenak. Harri-artisautza establezimenduak, jatetxeak, kafetegiak, okindegi-gozotegiak (gosari bikainak eskaintzen dituzte), farmazia lana ere egiten duten drogeriak, bai eta espaloian biniloak zabaltzen dituen disko-saltzaile bat ere.

Karmengo elizako begiratokitik ilunabar ederrak ikusten dira muino ugarien gainean, etxe dotoreak mendi-mazeletan behera ageri direla. Karmen Eguna tokatu zaigu tartean. Bizilagunak astiro eta taldean iristen dira arratsaldeko seietako meza nagusira. Apaizekin konfesatzen dira eliztarrak aire zabalean, elizaren ataritik metro batzuetara. Dena atsegina da, oso herrikoa eta tradiziozkoa. Ouro Pretoren beste ezaugarri berezietako bat da elizetako kanpai-jotze etengabea.

Santa Efigenia eliza, hiriko edozein angelutatik ikusten dena. (Fred PINHEIRO | Getty Images)
Incofidencia Museoa, Brasilgo lehen independentzia mugimenduetako bat dokumentatzen duena. (Bjanka KADIC | Getty Images)
LORATEGI BOTANIKOA

Oinez ibiltzeko hiria da, batez ere Horto dos Contos udal-parke naturalean barrena. 1799an sortua, Brasilgo bigarren lorategi botanikoa izan zen. 32 hektarea ditu eta herrigunea zeharkatzen du goitik behera. Goiko aldean hasten da, autobus geltoki nagusiaren ondoan. Bidea zubiak zeharkatzen dituen bidexka asfaltatua da, baso trinko baten erdian. Bi anfiteatro ditu emanaldiak eskaintzeko, bat ibilbidearen hasieran eta bestea, berriz, amaieran.

Behealdean, Pilarreko Andre Mariaren basilika dago, barroko-rokoko estilokoa, 1733an inauguratutakoa. Dena dela, barrualdeak egiten du eliza berezi, erauzketaren garai gorenaren adibidea baita: 400 kilo urre eta zilar baino gehiago erabili ziren erdiko aldarea apaintzeko.

Hiriaren panoramika. (Pedro CARRILHO | Getty Images)

Praça Tiradentes, hiriko gune neuralgikoa. (Edafoto | Getty Images)

Ouro Preto, gainera, Sierra do Espihaçon dago, ustez mendizaletasuna praktikatzeko leku aproposean. Oraindik mendi-ibiliak ustiatzeke daude eskualdean. Izan ere, Sao Sebastiao muturrera igo garenean, hiru neska motxiladun baino ez ditugu ikusi; 1.400 metro ditu eta hirigune historikoa ia osorik ikus daiteke bertatik. Jaitsiera mikrobus batean egin dugu. Oso azkar jaisten da errepide estu batetik. Gidariak bolantea etengabe biratu behar izan du, motorrak, txakurrak, oinezkoak eta zaldiak saihesteko. Behin onik eta salbu, harrizko galtzadez saretutako kaleetan ibili gara pasieran, alai, Brasilgo txoko txiki honek eskaintzen dituen bizipenekin oraindik txundituta.