GARA

Israelek Al Ahli ospitalea bonbardatu du, eta zerbitzuz kanpo geratu da

Atzo goizaldean Gazako Al Ahli ospitalea bonbardatu zuen Israelgo Armadak. Langileak eta pazienteak atera behar izan zituzten, eta ebakuazioren eraginez ume bat hil zen. Bestalde, Deir el Balahn, Israelgo Armadak auto bati eraso egin zion airez, eta han zihoazen sei anaia eta lagun bat hil ziren.

Al Ahli ospitale ingurua, bonbardaketaren ondoren.
Al Ahli ospitale ingurua, bonbardaketaren ondoren. (Omar ASHTAWY | EUROPA PRESS)

Israelen aireko eraso batek Gazako Al Ahli ospitaleko eraikina jo zuen atzo goizaldean. Bertako pazienteak eta langileak atera behar izan zituzten, eta zentroa funtzionamendutik kanpo utzi zuten, Gazako Osasun Ministerioak eta Defentsa Zibilak baieztatu zutenez. Bonbardaketa horren eraginez ebakuatu behar izan zuten umeetako bat hil egin zen. «Israelek hiriaren erdigunean dagoen Bautista Ospitaleko eraikinetako bat bonbardatu du, eta gure taldeak harantz doaz», ohartarazi zuen Defentsa Zibilak mezu labur batez, igandeko goizaldeko 2.30ak aldera.

Bi misilek harrerako eraikina jo eta suntsitu egin zuten. Sute batek larrialdietako gelak, laborategia eta farmazia kaltetu zituen, zentroa zerbitzuz kanpo utzirik.

Hamaseko Gobernuko Osasun Ministerioak erasoa gaitzetsi zuen, eta nazioartera dei egin zuen esku har dezan «Gazako Zerrendaren aurkako etengabeko bortxaketak gelditzeko, batez ere osasun arlokoen kontrakoak».

EBAKUAZIOA

Gaixoak eta langileak ebakuatzen ari zirela, haur bat hil zen. «Haurra duela egun batzuk iritsi zen, eta ospitaletik korrika irtetean izan genuen kaosarengatik, bere familiak oxigenoa jarri behar zitzaiola jakin gabe atera zuen, eta haurrak bizia galdu zuen», adierazi zuen Udai al Deeb medikuak. Hark kontatu zuen goizaldeko 1.20ean Armadak deitu zuela, 15 minuturen buruan zentroa ebakuatu behar zutela esanez.

Israelgo Armadak ohar batean adierazi zuen Hamasek «operazio base» bat zuela ospitale horretan, «zibil eta israeldarren eta tropen aurkako eraso terroristak planifikatzeko eta gauzatzeko». Nolanahi dela, oraindik ez dute inolako frogarik aurkeztu. Gainera, Armadak defendatu zuen «neurriak» hartu zituela zibilei eta ospitale guneari egindako «kalteak arintzeko», eta horregatik abisua eman zuela aurrez.

OSPITALEEI ERASOAK

Bonbardaketaren ondoren, Gazako Informazio Bulegoak 35 ospitaleren zerrenda argitaratu zuen Telegramen, Al Ahli ospitalea barne. Palestinako Kanpo Arazoetako eta Atzerriratuen Ministerioak erasoa gaitzetsi zuen, eta gogorarazi zuen Israelek Zerrendako 35 ospitale zerbitzutik kanpo utzi dituela 18 hilabeteko gerran.

«Israeldarren okupazioak nahita suntsitu ditu 35 ospitale Gazako Zerrendan, zerbitzutik kanpo utziz, herritarrei elikagaiak kentzeko politika etengabearekin batera, haien oinarrizko beharrak eta sendagaiak ukatuz», azaldu zuen ministerioak ohar batean. Joan den martxoaren 2an Israelek debekatu egin zuen Gazara edozein hornidura sartzea, ehunka mila gazatar gosetera bultzatuz. Elikagaien Munduko Programak Gazan zeuzkan okindegiak ere itxi egin behar izan zituen, janaria prestatzeko irinik eta gasik ez zegoelako, ezarritako debekuaren ondorioz.



Sei anaia hil ziren ibilgailu bati egindako erasoan

Gazako Osasun Ministerioak aditzera eman zuenez, Israelgo Armadak sei anaia eta lagun bat hil zituen atzo Deir el Balahn, kide horiek zihoazen autoaren aurka egindako aire eraso baten bidez. Erasoa atzo goizaldean gertatu zen. Biktimek ongintzako elkarte batean lan egiten zuten, Hamasekin lotura izan omen duena. Eskualde horretan 2006az geroztik gobernatzen du Hamasek. Adin txikiko bakarra hamar urteko anaia gazteena zen, senideei laguntzearren etxera janaria eramateko erabiltzen zuten ibilgailuan, Wafa Palestinako albiste agentziaren arabera. EFE agentziak Israelgo Armadari gertatutakoaz galdegin zionean, ez zion erantzun. Azken erasoaldi hauekin, Israelen erasoen ondorioz hildakoak 51.000 inguru izatera iritsi ziren, eta zaurituak, berriz, 116.150 baino gehiago, Gazako Osasun Sailak atzo arratsaldean emandako datuen arabera. GARA