
Gipuzkoak zenbaki biribila du aurten. Hain zuzen ere, lurraldeak mila urte betetzen ditu, eta, oro har, ospakizunek indar handia hartu dute. Urte guztian zehar agintariek makina bat ekimen antolatu dituzte; batzuk mendiarekin erabat lotuta daude. Gipuzkoako Mendizale Federazioak bultzatu du horietako bat, eta ondoan, lankidetzan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentua du.
‘Mendiak’ aplikazioari eman diote protagonismoa, eta erronka horien bidez lurraldea deskubritzeko aukera eman nahi zaie herritarrei mendiak bitarteko hartuta, eta, aldi berean, jarduera fisikoa eta natura eta kultura ondarearen ezagutza sustatu nahi dute.
Gogora dezagun ‘Mendia’ Euskal Herriko mendizaleei zuzendutako aplikazioa dela. Androiderako prest dagoen aplikazioan Euskal Herriko ehunka eta ehunka gailur nagusien informazioa biltzen da, eta aplikazioari esker, mendizaleek euren igoera guztiak markatu eta gordetzeko aukera dute, baita lagunekin partekatzekoa ere.
Ekimen berriaren aurkezpenean, Kultura eta Kiroletako diputatu Goizane Alvarezek nabarmendu du abagune polita dela Gipuzkoaren milagarren urteurrena ospatzeko: «Era horretara, herritarrek beren lurraldearekin duten lotura indartuz, aire zabaleko jarduera sustatuz eta ingurune natural eta historikoari balioa emanez».
Bien bitartean, Gipuzkoako Mendizale Federazioko koordinatzaile teknikoak, Igor Lasak, azaldu du ‘Mendiak’ aplikazioak aukera ematen duela mendizale gazteak tontorretara eta gure lurraldearen historiara modu ludikoagoan hurbiltzeko, bizitzen ari garen aro digitalarekin bat eginez.
Erronka nagusiak, ‘G.I.P.U.Z.K.O.A. 1000 Urte’ izenekoak, urte honetan zehar Gipuzkoako zortzi eskualdeetako bakoitzean gailur batera igotzea proposatzen du. Honako hauek dira aukeratutakoak: Kurutzebakarra (Debabarrena), Andarto (Debagoiena), Murugil (Urola Kosta), Gazume (Urola), Ausa Gaztelu (Goierri), Uarrain (Tolosaldea), Oindi (Beterri-Donostialdea) eta Munagirre (Bidasoaldea).
Parte hartzeko, nahikoa da ‘Mendiak’ aplikazioa jaistea. Aplikazio horrek igoerak erregistratuko ditu eta «G.I.P.U.Z.K.O.A.» hitzaren letra bat esleituko du igotako tontor bakoitzeko. Erronka osatzen duten parte-hartzaileek sariak jasoko dituzte; hala nola, domina digitalak, mendi-orientazioko ikastaroak, ‘Umeekin egiteko ibilbideak (Gipuzkoa)’ liburua eta aplikazioarekin zerikusia duten beste opari batzuk.
Proposamen gehiago
Erronka nagusiaz gain, aipatu ditugun eragileek beste proposamen batzuk eskainiko dituzte txangozale profil desberdinen parte-hartzea sustatzeko. Horietako batek ‘Gertuko 50 gailurrak’ izenarekin aurkeztu dute. Helburua: parte-hartzailearen udalerritik hurbilen dauden 50 gailurretara igotzea, denbora mugarik gabe.
‘Familiak gailurrean’ da bigarrena. Hots, haurrekin egiteko moduko 10 tontor igotzea familian. Eta hirugarrena eta azkena: ‘Mendia eta historia’. Atal honetan balio historikoa edo kulturala duten 5 menditara igotzea izango da proposamena, besteak beste, ondarea ezagutzea sustatzeko.
Bide batez, ekimen hori bultzatu duten eragileek gogorarazi nahi dute erronka guztiak ‘Mendiak’ aplikazioan egongo direla eskuragarri; aplikazio horrek Gipuzkoako mendiei, ibilbideei eta haien historiari buruzko informazio zehatza emango du. Amaitzeko, Gipuzkoako Mendizale Federazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak erronka honetan parte hartzeko eta gure lurraldeko paisaiaren aberastasunaz gozatzeko deia egin diete herritar guztiei.

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat
Otegi llama desde el Parlamento europeo a «alejarse de la deriva autoritaria y militarista»

La línea de alta tensión de Forestalia que cruza Zaragoza, Nafarroa y Araba se da por muerta

Fíjate bien la próxima vez que te montes
