«Hauteskunde hauetan bizitza dago jokoan», dio Joxe Mari Garmendia misiolariak Ekuadorri buruz
Misiolari emandako urteetan zehar, Joxe Mari Garmendia ibartarra Ekuadorreko errealitatea ulertzen eta aldatzen saiatu zen. Behartsuen bizitza hobetzea zuen helburu; asko ziren orduan, eta gehiegi dira egun ere. Ikusteko dago hauteskunde hauek itxaropena piztu edo amatatuko duten. Horretaz ere galdetu diogu.

Herri behartsua bezain aberatsa da gurea». Halaxe entzun zuen Joxe Mari Garmendiak 1995eko egun hartan. Ibartarrak gogo bizian du oraindik ere: Bilboko Ekuadorko kontsulatuan zegoen, bere pasaportean bisa jasotzeko zain. Ekuadorrera zihoan gipuzkoarra, misiolari.
«Petrolioa zegoela esan zidan gizon hark bere bulegoan; urrea, mendiak, ura, lursail emankorrak… denetarik omen zegoen, baina jendea oso pobrea omen zen. Ez zait inoiz ahaztuko», diosku Garmendiak, Ibarrako plazan. Bertako terraza batean genuen hitzordua. Ehun metro eskasera jaioa da, eta 81 urte beteko ditu aurki. Urteen zama bere bizar zuria bezain bistakoa bada ere, adinak ez dio lapurtu begirada ausart hori, Artikoko edota espazioko esploratzaile batena izan zitekeena. Oihan tropikalekoa esatea zehatzagoa litzateke bere kasuan.
Esan liteke harainoko bidaia 13 urte zituela hasi zela, Arantzazuko seminarioan. Han hezi zen urte luzez, 1972ko udan apaiztu zen arte. Dioenez, hainbat taldetan parte hartzen zuen: giza eskubideen taldean, kirol taldean eta, bere gustukoena, misio taldean. Azken honek piztu zion behartsuei laguntzeko grina. «Espiritu hori, gogo hori… haiengatik zerbait egiteko gogoa beti egon da gure barruan», dio ibartarrak.
Garai hartan, Hegoaldeko elizbarrutiek bokazio ugari zituzten, eta apaiz asko bidaltzen ziren misioetara. Venezuela izan zen Joxe Mariren lehendabiziko geldialdia. Ibarrako misio taldeak bideratuta, 1968an bertaratu zen, Tolosako lagun apaiz batekin.
Venezuelan hamar urte eman ostean, Joxe Mari 1995ean iritsi zen Ekuadorrera. Ibartarrak nekez pentsa zezakeen bertan pasako zituela hurrengo 24 urteak. Los Rios probintzian instalatu zen, Santa Rosa herrian, hain zuzen, herrialdeko hegoaldean. Apaizaren erantzukizunak eliza girokoak ziren; hala nola mezak ospatu, katekesia erakutsi eta bataioak burutzea. Misiolariarenak, aldiz, jendearen bizitza hobetzea.
«Apaiza izatea ez dago soilik eliz-giroko ekintzekin lotuta. Fraide baten lana gizarteari begira gauzatu behar da», azpimarratu du Garmendiak. Argi du: barrurantz ez, kanporantz begiratu beharko luke elizak, gizartea lehenetsiz beti.
Ekuadorko elizgizon askorentzat diskurtso deserosoa zen hura, elite dominanteari, armadari edota elizaren hierarkiari aurre egiten ziena. Garmendiak “Askapen Teologia” deiturikoa ardatz zuten hainbat kideren hilketak edota atxiloketak ekarri ditu gogora. Edonola, berak «zorte handia» izan zuela dio.
«Mugimendu eskuindarrak indar handia zeukan Ekuadorko apaizen artean, baina zera esan zidan Santa Rosako gotzainak lehendabiziko egunean: «A mis curas no les gusta ensuciarse los zapatos». Oso gizon gertukoa zen, ez genuen inoiz arazorik izan berarekin».
40.000 biztanleko parrokia zen Garmendiarena, probintzia osoan zabaltzen zena. Norbait gaixotzean edo istripu bat izatean, jendeak ez zuen dirurik laguntza eskaintzeko. Halakoetan, apaizei eskatzen zieten, eta hauek erantzun beharra zeukaten beti.
«Gaixoen familiei bisita egiteaz gain, diru-bilketak ere antolatzen genituen. Herritarrek ahal zuten neurrian ematen zuten, eta apaizen eskuetan zegoen beste guztia. Bildutako azken zentimoa ere gaixoen familiei helarazten zitzaien».
Dirua biltzea, alabaina, ez zen erraza langabeziak zigortutako eskualde hartan. Gutxik zuten lan duin bat Santa Rosan. Gehienek bertako kaleetan salgai jartzen zuten beren ondasun urria; lurrak emandakoa etxean kozinatutakoa... Bizirautea mirari hutsa zela ikusirik, lana sortzea bilakatu zen Joxe Mariren taldearen lehentasunetako bat. Besteak beste, josteko tailerrak jarri zituzten martxan, bai eta oraindik lanean diharduen aroztegi bat ere. «Beraiei ez ezik, guri ere bizitza ematen zigun horrek», bota du Garmendiak, begiak piztuta.
Goitik behera ez, behetik gora ezagutu zuen herrialdea Ibarrako semeak. Honela, bere taldeak Quito hiriburuaren inguruko auzo txiroenetan ere elkarteak sortu zituen. «Otoitz egiten baino, beren arteko arazoak aztertzen eta konpontzen saiatzen ginen, asko ziren eta!». Baina ezegonkortasun politikoak ez zuen laguntzen. «Garai zailak ziren oso, pobrezia ikaragarria zen, bai eta Gobernuaren errepresioa ere. Dena den, esango nuke gaurkoa baino askoz hobea zela egoera», damu du apaizak, pausa luze bat hartuz.
Droga arazo larria bihurtu omen da egun. «Lehen, Ekuadorretik droga pasa egiten zen; gaur, tamalez, produkzioa bertan errotu da», gogoratu du misiolari gipuzkoarrak. Ecuavisa-ren (Ekuadorko albiste eta komunikabide handienetakoa) datuen arabera, 2024an soilik ia 300 tona droga atxiki ziren, eta 10.000 su-armatik gora.
Iaz ere, NUMBEO-k (bizi-kalitate eta segurtasun estatistiken plataforma) Hego Amerikako krimen-tasa altuenetakoa duten herrialdeen artean seigarren kokatu zuen Ekuador. Bestalde, World Population Review-k aurten burututako ikerketa baten arabera, Hego Amerikako laugarren herrialde arriskutsuena da (Venezuela dago zerrenda buruan).
«Kalera ateratze hutsa erronka bilakatu da eremu txiroetan», dio Joxe Marik. «Beldur giroa da nagusi haietan, eta etxe barruan ere ez daude salbu». Antza, azken urteotan hilketa, eraso eta bahiketen kopuruek gorantz jo dute. «Gizartean ziurgabetasun handia dago eta jendeak ahal duena egiten du bizirauteko. Askotan, lapurtzea da aukera errazena».
«Nazioa»
Ekuadorko Gobernuak elkarren segidan kateatu arren, egoera geroz eta gorriagoa dela dirudi. Garmendiaren ustez, Rafael Correaren hamar urteko agintaldian (2007-2017) aldaketa handiak egin ziren: konstituzioa aldatu, hezkuntzan hobekuntzak egin, lana eta industria indartu, eta osasun maila sendotu zituen. Baina Correak egindako guztia desegin dutela salatu du Joxe Marik. «Azken hiru Gobernuek aberatsen interesak lehenetsi besterik ez dute egin».
Pasa den otsailaren 9an, presidentetza-hauteskundeetako lehen buelta burutu zen Ekuadorren, eta apirilaren 13an izango da bigarrena eta behin betikoa. Daniel Noboa egungo presidentea eta Luisa Gonzalez hautagai ezkerzale eta “correista” daude lehian.
«Hauteskunde hauetan bizitza dago jokoan», dio Garmendiak, eskuak buruan itsatsiz. «Batetik, osasun sistemak hondoa jo du. Ospitaleetan apenas dago botikarik. Operatu behar bazaituzte, gasak erostera bidaltzen zaituzte farmaziara, han ez baitago ezer. Energiaren arloan ere egoera kaskartu da. Correak soberakinak esportatzea lortu bazuen ere, elektrizitatea erosi behar da gaur. Hezkuntza ere utzita dago, gainera uholdeek eskola asko suntsitu dituzte… Gobernuak muzin egiten dio desastre honi».
Krisi klimatikoa ere biziki agerikoa da herrialdean. Gipuzkoar honek ez omen du hainbeste ur inoiz ikusi. «Euri denboraldian uholdeek etxeak eta uztak suntsitzen dituzte. Jendeak nahikoa sufritu ez, eta honi ere aurre egin behar dio, inongo laguntzarik gabe».
«Min handia» ematen dio Garmendiari hango elizaren isiltasunak. Hauteskundeei begira, Gonzalez ezkertiarrarengan jarri du itxaropena. «Lan itzela izango du egoera bideratzeko, baina agian lortuko du. Gainera, Ekuadorko historiako lehenengo emakume presidentea izango litzateke!». Ildo berean, «nazioa zerbitzatuko duen lidergoa» espero du, baina argi dauka: «Nazioa ez dira petrolio putzuak edo urre minak… Nazioa jendea da!».
Egun, urrunetik, Ibarratik, jarraitzen du Joxe Marik hango bilakaera. Milaka kilometro horiek, baina, ez dute leundu herrialdearekin duen lotura. 2018an bueltatu zen Ibarrako plaza honetara, orduan itxi zen eta hango misioa. Pixkanaka, misiolariak etxerako bidea hartzen joan ziren, eta Garmendia azkena izan zen bertan.
«Ekuadorren gelditzen saiatu nintzen, baina ezin nion hango martxari eutsi. Aldaka eta bizkarra operatu behar izan nituen, taupada-markagailua jarri… Bestela ere, honako hau zen gure leloa: gu gaude, bertakoa ez dagoelako. Bertakoa sortzen denean, guk ospa egin behar dugu».
Garmendiak esaldi bakar batean laburbildu digu berea elkarrizketan zehar, eta behin baino gehiagotan: «Erakutsi baino, ikasi gehiago egin dut bizi izan naizen lekuetan».
Ekuadorren jaso omen zuen irakasgai handiena: gutxirekin bizitzen ikasi, eta gutxi horretatik gutxiago duenari eman. Hala dio gizonak.
Taldea bertan gelditu izan balitz, bera ere «gustura asko» geratuko omen zitekeen. Bueltatzeko irrikan dago, jakina, hangoak berriz ikusteko, besterik ez bada ere. Gogotsu joango da, baina jakin badaki desberdina izango dela.
«Komunitate haiek bisitatu, jendearekin bildu, egon, entzun, lagundu… Hori bai gauza ederra!»
Ibartarraren bizipenak 2009an argitaratutako liburu batean bildu zituen Emeterio Sorazuk, Ibarrako beste elizgizon batek. «Urte haietan neronek egindako bertsoak bildu zituen Emeteriok. Ospakizunetan kantatzen nituen eliza barruan nahiz kanpoko festetan… Zalea izan naiz».