CAFen inpunitatearen amaieraren hasiera?
CAFek astindu ederra jaso berri du Europan. Beasaingo enpresa hautagai onena zen Belgikako Trenbide Konpainia Nazionala 600 tren berriz hornitzeko kontratuaren lehian, 3.400 milioi euroko hitzarmen mamitsua. Baina, apirilaren 9an, Belgikako Estatu Kontseiluak bertan behera utzi zuen Gipuzkoako konpainiaren historiako kontraturik garrantzitsuena izan zitekeena. Euskal prentsak ez ditu azaldu erakunde belgikarraren erabakiaren arrazoiak, eta lanpostuen irizpidea ikusi nahi izan du ebazpenaren atzean. Izan ere, bigarren hautagaiak, Alstom konpainia frantziarrak, 3.000 langile dauzka Brujas eta Charleroiko lantegietan, eta kontratua CAFi esleitzeak lanpostu belgikar horiek konprometitzea litzateke.
Baina, etxeko korridorean daukagun elefantearen aurrean ez ikusiarena egingo ez badugu, ezin dugu saihestu kontratuaren balizko esleipenak Belgikan eragin duen polemika. Parlamentuko bi alderdik, PVDAk (Belgikako Langileen Alderdia) eta Groenek (Belgikako Berdeak), gogor kritikatu dute euskal konpainiaren partaidetza Palestinako eremu okupatuetako apartheid-trenbidearen eraikuntzan. Horrez gain, iragan apirilaren 14an, “Le Soir” egunkarian, Belgikako unibertsitateetako 120 irakaslek baino gehiagok gutun ireki bat helarazi zioten Jean-Luc Crucke Mugikortasun Ministroari, CAFen Jerusalemgo proiektua nazioarteko legediaren kontrakoa dela salatzeko. Sinatzaileek, halaber, dei egin zioten ministroari, erantzukizunez jokatu eta konpainia gipuzkoarra lehiaketa publikoetatik kanpo utz dezan. Gauzak horrela, ez litzateke arraroa pentsatzea gizarte-presio horrek ere pisua izan duela Estatu Kontseiluaren erabakian. Hori gutxi balitz, martxoaren 9an, Jerusalemgo trenbideko linea gorriko inaugurazio-ekitaldian, CAFeko ordezkaritza ofizial batek Benjamin Netanyahu genozidarekin batera parte hartu izanak ere ez zuen estetikoki gehiegi lagunduko Belgikako kontratu publikoa eskuratzeko deman.
Bere garaian CAFek Israelgo administrazioarekin lan egiteko hautu estrategikoa egin zuen, eta Jerusalemgo proiektutik erretira zedin egin zitzaizkion eskaera guztiei muzin egin zien. Baliteke jada atzera egiteko berandu izatea, baina ez da berandu haien etikarik gabeko jokaeraren lehenengo ondorioak ikusten hasteko. •