Badator Zurrunbilo jaialdia, euskarazko arte eszenikoak ardatz hartuta
Data
25.03.25 - 25.03.30
Lekua
Araba - Gasteiz

Publiko berriengana hurbiltzea, tokiko konplizitatea sortzea eta beste lurralde historikoetako beste era bateko programa eszeniko batzuekin loturak sortzen saiatzea. Hauexek dira Zurrunbilo jaialdiaren ardatzak. Aurten berritasunak izan arren, jakinarazi dute hasierako helburuei eusten dietela. «Nobedadeekin eta euskarazko arte eszeniko garaikideen egitarau zabalarekin» ospatuko dute hamargarren edizioa, sustatzaileek adierazi dutenez.
«Hori guztia diziplinarteko ikuspegi batetik, hitza, antzerkia, dantza, performancea eta beste lengoaia batzuekin nahastuz», adierazi dute.
Parasite Kolektiboak antolatzen du Zurrunbilo jaialdia, Baratza aretoaren eta hainbat erakunde publikoren laguntzaz. Gainera, edizio honetan Garaion Sorgingunea eta Izaskun Arrue Kulturgunea aritu dira elkarlanean.
Jaialdiaren hamargarren edizioa berrikuntza batekin hasiko da. Martxoaren 25etik 27ra, Baratza eta Izaskun Arrue Kulturguneak antolatuta Parasite Kolektiboak eta Tripak konpainiak eskainiko duten Kalejira Performatikoa tailerrarekin, hain zuzen ere.
Martxoaren 29an, Baratzatik Izaskun Arrue Kulturgunera kalejira egingo dute tailerreko partaideek 20.30ean, publikoarekin batera.
Zurrunbilo Ozaetako Garaion Sorgingunera joango da martxoaren 27an, eta ‘Dounia eta Alepoko printzesa’ filma ikusi ahal izango da bertan. Marya Zarif artista eta idazlearen ipuin batean oinarritutako animaziozko filma da. Siriar familia baten ihesa eta erbestealdiaren esperientzia kontatzen du, neskato baten begiradatik. Emanaldia Kalakalab eta Zinhezbak antolatu dute.
Metrokoadroka kolektiboak & Don Inorrez taldeak ‘Aztia’ aurkeztuko dute martxoaren 28an Baratzan, musika, antzerki bakarrizketa eta butoh dantza uztartzen dituen kontzertu dramatizatua. Taula gainean, Ainhoa Alberdi, Karlos Arancegui, Oier Guillan eta Imanol Ubeda egongo dira, «umorez eta doinu kutsakorrez gain».
Martxoak 29, egun handia
Edizio honen egun nagusia martxoaren 29a izango da. Hiru ikuskizunekin osatu da egitaraua. Tripak taldeak ‘Platea’, heriotzaren eta bizitzaren artean gertatzen denari buruzko hausnarketa existentziala aurkeztuko du 19.00etan Baratzan, umoreari eta absurdoari tartea eginez.
Ondoren, Kalejira Performatikoa tailerreko partaideek kalejira performatiboa egingo dute 20.30ean Baratzatik Izaskun Arrue Kulturgunera, 21.00etan Antuxunaren ‘Baninduaien kantatzera’ folk teknologikoko saioan izateko. «Ikus-entzunezko emanaldia da, euskal kantategi zaharraren birmoldaketa elektroniko eta guztiz digitala, zuzeneko musika, LED argiak eta proiekzioak uztartzen dituena», azaldud dute.
Jaialdiaren hamargarren edizioaren amaiera martxoaren 30ean izango da, 19.00etan, Baratzan, prostituzioa eta osasun mentala gai nagusitzat hartuta Laura Penagosek esakainiko duen ‘Puta bakarrizketa eroetxean’ bakarrizketarekin.
Sarrerak 10 euro balio du (12 euro leihatilan) eta bi bonu egongo dira: bata martxoaren 29ko ikuskizun guztiak ikusteko (13 euro), eta bestea jaialdi osorako (28 euro). Zurrunbiloko ikuskizun guztietarako sarrerak eskuragarri daude webgunean. Sarrera soziala ere eskuragarri izango dute bertaratu nahi eta ekarpenik egin ezin dutenek (salabaratza@gmail.com).
Kokapena
Baratza Aretoa
Aldabe Plazatxoa, 4
Gasteiz. Araba