Harrikada Festibala: Dasha Rush, Aerea eta Akua, lehen izenak

Data

25.07.18 - 25.07.20

Lekua

Araba - Izarra

Akua, aurtengo gonbidatuetako bat.
Akua, aurtengo gonbidatuetako bat. (HARRIKADA FESTIBALA )

Harrikada Festibala, techno jaialdi queer eta feminista Izarrara itzuliko da aurten. Uztailaren 18, 19 eta 20an, aurten Izarra berriro ere elektronika musika, aniztasun eta kultura erresistentziaren gune bilakatuko da.

2024ko edizioak utzitako arrastoa nabarmendu dute. «Arrasto sakona utzi zuen, nazioarteko Nastia edo Adriana Lopez bezalako artisten lemapean, baina baita Euskal Herrian ezagunak diren Elena Barker, Bendiak edota Celia Carrera tamainako talentu lokalekin. Kartel erakargarri honetaz gain, Harrikada Festibala espazio seguru eta inklusibo gisa finkatu zen, artista queer eta transfeministen ikusgarritasuna sustatuz, eta baita landa eremurako kultura deszentralizazioaren aldeko apustua eginez», esan dute.

Aurten «talentu zein ikuspegi bereziarekin jaialdiaren erritmoa markatuko duten artista anitzek izango dute protagonismoa» aipatu dute. «Horien artean nabarmentzekoa da Dasha Rush, techno esperimentalaren izarretako bat, bere soinuak beti mugak gainditzeko eta elektronika garaikidearen hizkuntza berriak bilatzeko prest dagoena».

«Bestalde Aerea-ko kideek barruan duen energia bortitz guztia askatuko dute punta-puntako euren live set ikaragarriari esker. Azkenik Akua, Ameriketako Estatu Batuetako techno belaunaldi berriko DJ nagusietako bat, estilo berritzaile eta borrokatzailea proposatzen duen artista eta machine funk-aren maitalea», jarraitu dute.

Hiru izen hauez gain, iaz bezala Harrikadak tokiko eszenako artistekiko apustua egingo dutela diote «talentu berriak eta ezagunak bultzatuz». Lehenengo baieztapenen artean Lamia Mari, Ander Arce edota Judy daude. Azken honek, berriki Berlingo Tresor areto entzutetsuan bere musika jotzeko aukera izan du.

Harrikada Festibalak ez du musika jaiald soila izateko bokazioa. «Aldarrikapenen bilkura eta topagunea» izan nahi du. «Tailerren, performanceen eta kultur ekintzen programazio paraleloarekin, jaialdiak bortizkeriarik gabeko aisialdi alternatibo eta seguru baten alde lan egiten jarraitzen du. Horrez gain, jasangarritasunaren eta irisgarritasunaren aldeko konpromiso sendoa bide, parte hartzen duten guztientzat ingurune inklusibo eta seguru bat eskaintzearen alde borrokatzen segitzen du», adierazi dute.

«Atzerako kontaketa hasi da. Harrikada Festibala 2025 esperientzia ahaztezina izango da, musika eta erresistentzia eskutik hartuta, elkarrekin, eta Araban», esanez amaitu dute jaialdiaren sustatzaileek.

Kokapena

Izarra
Izarra
Izarra. Araba