‘Kristalezko zooa’: Tennessee Williams gaurkotuta eta euskararen galbahetik pasata
Data
25.03.21 - 25.04.06
Lekua
Bizkaia - Bilbo

XX. mendeko idazle eta antzerkigile iparramerikar handietako bat da Tennessee Williams (1911-1983). Gehienok Marlon Brando eta Vivien Leigh aurrez aurre jarri zuen ‘Desio izeneko tranbia’ (Elia Kazan, 1945) pantaila handiko bertsioagatik izango dugu gogoan, baina badu beste hainbat lan, horien artean ‘Kristalezko zooa’ (1944), ospea ekarri ziona.
Klasiko honi bere galbahe propiotik pasa du Natalia Menendez antzerkigile madrildarrak eta, euskal aktore talde sendo batekin batera –Mikel Losada, Ione Irazabal, Miren Gaztañaga eta Arnatz Puertas–, Arriaga antzokiarentzat ekoizpen elebiduna prestatu du.
Arriaga antzokiak lan honen bi bertsio produzitu eta oholtzaratuko baititu, bata euskaraz, ‘Kristalezko zooa’, dagoeneko martxoaren 21etik 23ra estreinatu zena, Loraldia festibalaren lankidetzarekin eta NAIZen babesaz, eta bestea gaztelaniazkoa, lau emanaldiekin.
Orain estreinatuko dena, beraz, ‘El zoo de cristal’ da, gaztelaniazko bertsioa. Apirilaren 3tik 6ra ikusi ahal izango da 19.30etan (3an eta 4an) eta 19.30etan (apirilak 5 eta 6an). Sarrerak 13 eta 21 euro artean (beherapenekin) daude salgai www.teatroarriaga.eus helbidean edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.
1944an idatzi zuen lan hau Tennessee Williamsek eta hurrengo urtean estreinatu zen, arrakasta handiarekin. Bere bizitza propioan oinarrituta, 1930eko krisi ekonomikoaren aldapaz behera doan Wingfield familia disekzionatu egiten du Williamsek: Amanda Wingfieldek (ama, Ione Irazabal antzezlanean) Laura alabari (Miren Gaztañaga) mutil laguna bilatu ditzala agintzen dio Tom semeari (Mikel Losada). Jim O'Connor (Arnatz Puertas) etxera eramango du orduan Tomek, baina gauzak ez dira konpontzen.
Natalia Menendez bera zuzendaritza eta moldaketaz arduratu da. «Egia esan, nik ez nuen Tennessee Williams ezagutzen –aitortu du antzerkigileak–. Oso urrutikoa egiten zitzaidan, eta antzerki eskoletan antzeztuta ikusi dudanean, ez dut gustukoa izaten, antzerkiaren naturalismoaren aintzindaritzat jotzen delako. Calixto Bieitok [Arriagako zuzendari artistikoak] eskaini zidanean, harritu ninduen: baina zergatik eskaini dit? Eta liburua erostera joan nintzen. Testuaren sarreran bertan, eta horrek harritu ninduen asko, honetaz ohartu nintzen: egileak berak dio antzezlan hura ez dela antzezlan errealista bat. Eta orain arte oholtzara eraman dutenek ez al dira horretaz ohartu? Amets bat gauzatzea bezala izan da niretzat».
«Klasiko batek beldur pixka bat ematen du, niri behintzat bai –aitortu du Mikel Losada aktoreak–, publikoak aurreiritzi batzuk dituelako, ezagutu egiten duelako. Baina Nataliak ‘buelta’ bat eman dio: nik, lehenengo irakurketan, ez nion komedia askorik aurkitu testuari, baina badu, eta ukitu surrealista bat ere. Azkartasuna eman dio Nataliak Williamsi eta nik uste dut ikuslegoa aterako dela antzokitik aluzionata, flipatuta. Kendu diezaiegun beldurra klasikoei eta jendea etorri dadila testu ikaragarri on bat gozatzera».
Gaur egungo egoerarekin lotura handia du istorio honek, era berean. Alde batetik, krisi ekonomiko handi baten olatuek kolpatzen duten klase ertainaren gorabeherak; bestetik, familia arteko erlazio hauskorrak azalaratzen dira.
Maila goreneko profesionalen talde batek bildu ditu produkzio honek. Horrela, Luis Miguel Coboren musikak, Tania Tajaduraren jantziek eta Monica Boromelloren eszenografiak 30eko hamarkadara eramaten gaituzte, museistikoa den horretatik erabat ihes eginez eta, aldi berean, muntaketari obrak ezbairik gabe duen gaurkotasuna eta indarra emanez.
Juan Gómez Cornejoren argiztapena eta Gheadaren ikus-entzunezkoak ere interesgarriak dira, zeinak espazioak girotzen eta eszenak testuinguruan kokatzen laguntzen baitute. Azkenik, Getari Etxegaraik zuzendari-laguntzaile gisa egindako lana ere aipatu behar da.
Kokapena
Arriaga antzokia
Bilbo. Bizkaia