Maria Paz Jimenez, historiak ahanzturan utzi duen margolaria, Kubo Kutxan

Data

25.02.07 - 25.05.18

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Ane Lekuona eta Haizea Barcenilla, Maria Paz Jimenezen margo batekin.
Ane Lekuona eta Haizea Barcenilla, Maria Paz Jimenezen margo batekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bere garaian arte munduan izena eta sona izanagatik gugana fokuetatik kanpo iritsi den artistaren lana ezagutzeko aukera eskaintzen du Kubo Kutxak.

Maria Paz Jimenezek (Valladolid, 1909-Donostia, 1975) bere garaiko moldeak apurtu zituen. Emakumea, ijitua eta artista, polifazetikoa eta abangoardista bezala har daiteke bere ekoizpena. Surrealista izan zen 40eko hamarkadan, postkubista ondorengo hamarraldian, eta aitzindaria abstrakzioa besarkatuz sortutako lanak erakusten espainiar Estatuan. Onespena jaso zuen ondorengo urteetan.

Erakusketan sartu eta berehala ikus daitekeen bere argazkiak, ile motza, zigarroa eskuan, eta begirada indartsua, garbi islatzen du Jimenezen izaera. «Oso berezia, ertz asko dituena, modernoa eta abangoardista» bezala definitu dute Jimenez komisarioek. «Bere lanetan soma daiteke ze aurreratua izan zen», adierazi dute.

Naif bezala hartu izan dira bere hainbat obra. Lehen itxuran ikusten denaz harago begiratzera gonbidatu dituzte bisitariak komisarioek, frankismo betean egindako lanak izanik. 

30 urteko ibilbidean atzera begira jarri eta 133 lan ikusgai jarri dituzte Haizea Barcenillak eta Ane Lekuonak. Jimenezen garrantzia ulertzeko hainbat gako aipatu dituzte prentsaurrekoan eta hedabideontzat egindako ondorengo bisitan.

Ijitu familia feminizatu batetik zetorren margolaria, eta senitartekoak –ama, ahizpa eta senarra, Alfredo Bizcarrondo, Bilintxen biloba– alboan izan zituen. Rosario ahizpa flamenko dantzaria zen eta berarekin lotzen zuen konplizitatea ikus daiteke hainbat margotan. Bere komunitatearen babesa izan zuen.

Unibertso emankor bezain zabala

Kubo Kutxa hartu duen erakusketak Jimenezen unibertso emankor eta zabala jarri du agerian, historiak sortzailearekin duen zorra kitatu nahian. Haren izena eta pintura euskal artearen historia modernoan merezi duen lekuan kokatu ahal izango da modu honetan. Harriduraz hartu zuten komisarioek Jimenez «hain ezezaguna» izatea. «Egin beharreko» erakusketa da ostegun honetan aurkeztu dutena bien esanetan.

Gelaz gela, Jimenezek sortutako margoen bilakera ikusiko du bisitariak, bizitzako etapa bakoitzarekin bat eginda. Aro surrealistak irekitzen du erakusketa, 1937tik 1945era doana. Hortik 1949ra egindako ‘monigoteak’ datoz ondoren. Esperimentazioa nagusituko da 1949tik 1955era doan aldian. Eta informalismo materikora lerratuko da Jimenez 1955etik 1961rako. ‘Misterioaren ehundurak’ izenburupean aurkeztu dute komisarioek 1965etik 1974rako etapa. Eta ‘Itxierarik gabeko amaiera’-k ematen dio amaiera bisitari.

Kolore ilunak garai batzuetan, biziak beste batzuetan, erratratuak, bodegoiak, lan abstraktuak... denetarik egin zuen. Bere lan esperimentalek esperotako erantzuna jaso ez zuen urteetan erakusketatan merkatuaren nahiari men egin arren, ez zion sekula utzi bere bilaketa artistikoa utzi.

Bere kabuz ikasi zuen margotzen eta Argentinako exilioan hasi zen modu profesionalean lanean. «Margolaria sentitzen naiz guztiz, bai, gauza guztien gainetik. Margotzeari utziko banio, pentsatzen dut zerbait gaizki legokeela. Ez pentsatu atsekabetzen nauenik autodidakta izateak. Uste dut abantaila ugari dituela. Eremu honetan, beste guztietan bezala, burua garbi eta nahi duzuna hautatzeko aske edukitzeko aukera ematen dizu, helburu akademizistarik gabe. Denbora asko behar izaten duzu gauza horiek gainetik kentzeko». Bere hitzak dira.

Donostiara bueltan

1945. urtea Donostiarako itzulerak markatu zuen. Figura nabarmena izan zen bertako panorama artistikoan. Kulturarekiko jakinminak poesia eta filosofia irakurtzera bultzatu zuen. Nabarmentzekoa da zientziekiko kuriositatea ere.

Arte munduko hainbat pertsonekin sareak ehuntzen jakin zuen Jimenezek. Hala ere ‘euskal artea’ deitutakotik kanpo utzi zen, gizon sortzaileak protagonista bilakatuz. Arrazoiak aletu dituzte komisarioek. Batetik, 1975. urteaz geroztik hasi zen idazten historia eta ordurako hilda zegoenez ezin izan zuen bere burua defendatu. Bestetik, Gaur taldetik kanpo geratu izanak ere eragina izan zuen artearen historiografian merezi duen lekua ez ematen. Informalismoak ez zuen Euskal Herrian beste leku batzuetako arrakasta izan eta hori ere beste arrazoi bat izan daiteke.

Bere lanen bila, deialdi zabala egin zuten komisarioek eta makina bat margo jaso dituzte Donostiako eta inguruetako herritarrenak, etxeko paretean Jimenezen lanen bat zutenena. Kubo Kutxan daude orain. 133 pintura aukera dituzte baina askoz gehiago izan zitezkeen.

Gaixotasun batek eraman zuen artista. Goizegi. Haren lanak eta ibilbideak hainbat galdera sortzen ditu oraindik ere. Hortik erakusketak hartu duen izenburua, ‘Maria Paz Jimenez - misterioa argitzea’. Erakusketaren harira, bere figura ardatza hartuko duen sinposioa egingo da martxoaren 7an. Narratiben berrikusketa, emakumeen rola frankismoaren testuinguru kulturalean, hainbat estilo piktorikoren sozializazioa, hala nola abstrakzioa, edo dantza flamenkoaren eta arte plastikoen arteko loturak, izango dira aztertutako gaiak.

Ostiral honetan ateak ireki eta maiatzaren 18ra arte egongo da erakusketa. Kutxa Fundazioaren Kubo aretoaren 25. urteurreneko programazioan txertatzen da, beste bi emakume artistekin osatuko dena datozen hilabeteetan: Maria Cueto eta Maider Lopez.

Sarrera doan da.

Kokapena

Kubo Kutxa
Zurriola, 1
Donostia. Gipuzkoa