Nafarroako dantza jantziak ikusgai jarri ditu Iruñean Ortzadar elkarteak
Data
25.03.18 - 25.04.10
Lekua
Nafarroa - Iruñea

‘Erakusketa Euskualdeko jantzia. 100 urte’ erakusketa jarri du ikusgai Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak. Nafarroa osoa biltzen duen dantza jantzien erakusketa honekin itxiko du bere 50. urteurreneko ospakizunak kultur elkarteak. Erakusketa apirilaren 10era izanen da Nafarroako Parlamentuko atarian.
Erakusketa honek Nafarroako dantza tradizionalaren jantzien baitako ibilbidea eskaintzen du, herri desberdinetako 25 jantzirekin.
Duela mende bat
1925ean Madrilen ospatutako Eskualdeko Jantzien Erakusketaren mendeurrena gogoratzen du erakusketak. «Orduko hartan, Nafarroak jantzi eta argazki etnografikoen aukeraketa mugatu batekin hartu zuen parte, Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa eta Luzaideko jantziak erakutsiz. Oraingoan, Ortzadarrek erakusketa zabalago eta adierazgarriago bat aurkezten du, dantzari lotutako jantzi tradizionaletan oinarritua, hain justu. Erakusketa hau dantzaren jatorrizko herrietako elkarte eta partikularrek jantziak uzteari esker egin ahal izan da, eta horrek aberastasun kulturalaren ikuspegi osatuagoa eta benetakoagoa eskaintzea ahalbidetzen du», adierazi dute.
Erakusketa honek emango die itxiera Ortzadarren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldiei, 1975eko martxoan Iruñeko Gayarre Antzokian jendaurrean lehen aldiz aurkeztu zen egunarekin bat eginez. Erakusketa honen bidez «gure kultur ondarearen kontserbazio eta zabalkundearekin duen konpromisoa berresten du, Nafarroako dantza-jantzi tradizionalaren aniztasuna eta historia ezagutzera eta baloratzera gonbidatuz jendartea» Ortzadarrek.
Kokapena
Nafarroako Parlamentua
Navas de Tolosa, 1
Iruñea. Nafarroa