«Ez naiz ezeren jabe sentitzen, ezta neure buruaren jabe ere»
Ba al dakizu zer den «trobairitz» bat? Definizio bila aritu zaitezke han eta hemen, bazterretan galdetu, Internetera jo... Hitz batzuen definizioek, ordea, hitzari berari egiten diote kalte. Horregatik, «trobairitz» hitza aditzen duzun hurrengoan, oroitu zaitez Maite Larbururekin.

Udaberriko lehen astelehen arratsaldea da Ereñotzun. Eguzki printzak negukoak dira oraindik. Argazkiak egiteko, paisaian murgildu eta oinak uretan sartu ditu Maite Larburuk (Hernani, 1979). Horixe da, beharbada, musikariaren patua: oinak uretan bizitzea, paisaiaren parte izatea. Paisaia eta ur horietatik sortutako diskoa da Larbururen bakarkako ibilbidean hirugarrena den 10 abestiz osaturiko “Maizter”.
Amsterdameko kontserbatorioan Antzinako Musikan espezializatu ondoren, hogei urtez ibili da hara eta hona, Europa erdialdeko talde historizista esanguratsuenekin jotzen. Amsterdamen bizi zela, Neighbor-ekin eman zuen ezagutzera bere burua, bi disko argitara emanez. Musikaz harago, Axut eta Artedrama antzerki konpainiekin “Amua” zein “Hondamendia” antzezlanetan parte hartu zuen musika sortzaile, interprete eta aktore bezala. Egun, Ereñotzun bizi eta podcastak zein filmetarako soinu bandak ere egiten ditu. Beti oinak uretan, beti paisaiaren parte.
Maizter, zeren maizter? Nire buruaren maizter. Horrek esan nahi du nire burua eta biok bi garela, nire buruan maizter bat baino gehiago gaudela, maizter ugari. Aldi berean, bizitzaren eta munduaren maizter ere banaiz. Pixkanaka, geruzaka, handitzen eta hedatzen joan daiteke maiztertasuna. Antzerkiarekin, oso lan kolektiboan, jendez inguratuta, lau urte pasa ondoren, inor gabe nonbait sartzeko beharra neukan eta hortik sortu zen maizterraren ideia. Espazio bat irekitzen eta delimitatzen duen disko bat egin nahi nuen, entzulea bertan sartu zedin eta ni ere bertan egon nendin. “Espazio batean sartuko naiz” erabaki bezain pronto, ordea, kanpora ateratzeko gogo handia piztu zitzaidan eta grabagailuarekin inguruko hotsak harrapatzera abiatu nintzen. Naturaren hotsak diskoaren maizter izatea nahi nuen, gu naturaren maizter garen bezalaxe. Amari egindako zorrak inoiz ordaintzen ez diren gisan, naturarekikoak ere ez dira inoiz berdintzen eta zorrak kitatzeko nire modua dakidana eginez soinuekin sortzea da.
Zer da, efimerotasunaren aldarri bat ala behin-behinekoaren ohartarazpen bat? Biak ziurrenik. Efimeroaren aldarriak ezinbestean dakar “ze erremedio!” bat. Niretzat oso lotuta daude musika eta efimeroa, bizitza eta efimeroa. Existentziaren oso metafora ederra iruditzen zait musika, oso bat-batekoa delako, etorri bezain azkar pasatzen delako. Alde horretatik, diskoak badu engainutik, efimeroa den zerbait finkatzeko aukera ematen dizulako. Zuzenekoa da benetan gertatzen dena, baina saiatu naiz efimeroak diren gauzak diskoan harrapatzen. Horregatik grabatu dut nik.
Ibiliak irakatsitakoaren ondorioz? Orain arteko nire estudioko esperientzietan, sormenetik urruntzen nintzela sentitu dut. Sortzen ari zaren kantu baten demoa grabatzen duzunean, grabazioa oso gertu dago sormenetik: grabatzen zoaz, egiten ari zarenaz jabetzen eta haizea lagun grabatzen duzu sortzen ari zaren kantua. Zoritxarrez, lehendabiziko aldiz gertatzen den zerbait interpretatzen duzunean darizun freskotasun hori galtzen duzu estudioan, demoa erreproduzitzera edo kopiatzera jotzen duzulako. Pena pixka bat ematen zidan horrek. Nik grabatuta, kantuaren jaiotzaren usaina, kolorea eta dardara mantendu nahi nituen. Horregatik, disko honek artisaua izan behar zuen. Esaterako, ahotsa, askotan behin edo bi aldiz baizik ez dut grabatu. Teknikoki, agian, gauzak ez daude perfektu, nik nahiko nituzkeen moduan, baina abestiek taupada bat daukate.
Zentzumenei eta gorputzari lotutako diskoa da? Bai. Diskoak badu norbere baitan maizter izatetik, liburu bat irakurtzen duzunean besteen azalean edo gorputzean sartzeak sortzen duen esperientziatik. Norberak, musikagintzan edo dena delakoan, ez du beti gauza bera bilatzen. Musika entzutean, filmak ikustean, liburu bat leitzean, zerbaitek hunkitu eta dardara, harridura edo malkoa sortzen badit, horren bila abiatzen naiz ni. Nahi nuke nire musikak ere hortik zerbait izatea, nahiz eta denok ez dugun hunkidura bide berdinetan topatzen.
Latan itxitako produktuen sasoian bizi gara. Diskoak ekarri du hori. Garai batean, disko bat, grabaketa bat, dokumentu bat zen. XIX. mendeko pianista batek nola jotzen zuen jakin edo Amazoniako tribu bateko kideen hizkeraren berri izateko grabatu eta hor gelditzen zen, ondorengoek horren testigantza bat jasotzeko moduan. Gerora, ordea, diskoa eredu bihurtu zen eta horrek tranpa dakar. Disko batean ia-ia nahi duzuna egin dezakezu, baina eguneroko bizitzak ez dauka horrekin zerikusirik eta hori musikarion kalterako da askotan. Disko bat gezur bat da, fantasia bat. Diskoa da musikarekiko, filma antzerkiarekiko dena.
Diskoa nostalgikoentzako fetitxe bihurtzen ari da, alabaina. Orain ezer ez da existitzen, dena dago hor nonbait, zintzilik, inork ez dakiela non. Oso bitxia da objektuen jendea izan garenok muturreko mudantza hori ezagutu izana bizitza bakarrean. Letrak paperean begiratu ahal izatea, “zer esan du?”… Uste dut gaurko gazteei ez zaiela asko inporta. Kantuak banaka dauzkate eta askotan ez dakite norenak diren ere. Harrigarria da, oso ezberdina. Gaur egun, mundua gehiago fidatzen da ikusten denaz entzuten denaz baino. Uste dut horrek eraman gaituela azaleko gizarte honetara. Entzuten ikasi behar dugu.
Nola bizi duzu hori musikari gisa? Orokorrean, begia belarriari gailendu izanak, alde batetik, askatu egiten nau eta, bestetik, drama bat da. Zer gertatzen da sare sozialetan? Irakurtzeko asko baldin badago, ez da irakurtzen. Aurpegi baten argazkia ageri bada, like gehiago daude berehala. Musika bera, sakelakotik aditzen da, oso gaizki entzuten den gailu batetik, ez dago graberik... Horrek, segur aski, inkontzienteki, sortzeko moduan eragiten du. Ni saiatzen naiz nire alde erabiltzen, ez nire kontra. Oso disko gutxi salduko dudala pentsatzen badut, postprodukzioan soinu batzuk binauralki tratatzen aritu eta diskoa mugikorretik entzungo dela aurreikusten badut... ez dut diskorik egingo. Horregatik, nire intuizioari eta sormenaren indarrari jarraitzen saiatzen naiz.
Zeren maizter zara sortzen duzunean? Ez dakit. Tiratzen nauena oso misteriotsua da. Noski, badakit zerk erakartzen nauen, nire tendentzia eta gustuak zeintzuk diren, ze heziketa jaso dudan... Baina gehien maite dudana ez dakidan hori da, tiratzen nauen indar ezkutu bezain misteriotsu hori, sinesten dudalako denona berdina dela: aitzinekoei tira egin dienak tiratzen digu guri eta etorriko direnei ere horrek tirako die.
Entzulearen maizter zara? Bai, eta beldurra ere ematen dit entzulearen maizter izateak. Prozesuaren une batean, ez duzu entzulearengan horrenbeste pentsatzen, libreago zara, zu zara zure entzulea, baina etapa hori amaitzen denean, sortu duzuna entzule batzuen belarrietara iritsiko dela badakizunean, zer irudituko zaien, gustatuko zaien, zerbait eragingo dien, pentsatzen hasten zara eta oso lur gatazkatsua da. Gainera, gaur egungo munduan dena da makro, eta ni mikro noa. Orain dena da zenbat: zenbat jende, zenbat disko saldu, zenbat kontzertu, zenbat elkarrizketa, zenbat like... Ni beste bide batetik nabil. Horrelakoa naiz. Nire estilo zein musika egiteko moduen maizter naizela iruditzen zait askotan. Agian, ez dut enkajatzen. Batzuetan, horrek min ematen dit eta, besteetan, horren aldarria egiten dut.
Mundu mailako joerak Euskal Herrira berandu iristen direlako gertatzen zaizu hori? Ez dakit; beharbada, bai. Adibidez, musika elektronikoaz jendeak “uau, ze modernoa!” esaten duenean, ahaztu egiten zaio aurreko mendeko 40ko hamarkadan hasi zela musika mota hori. Jendeak, ez dakit noren diskoari buruz, “ze elektronikoa den!” dioenean, ez da ohartzen betiko kantuak egin dituela elektronikaz jantzita, harmonikoki zein formalki denok erabiltzen ditugun betiko lau edo zortzi konpasetako esaldiak direla, ez dagoela berrikuntzarik. Akaso, ez gaudelako hain ohituta azpimarratzen ditugu halakoak, ala, agian, entzuten dugun guztia murriztu eta estilo batean homogeneizatu delako. Euskaldunak oso modernoak gara baina, aldi berean, oso ñoñoak. Ni barne.
Merkatuaren maizter zara? Bai; beste bat gehiago naiz, nire kontraesanekin, munduan bizitzen. Horregatik naiz ni ere oso modernoa eta oso ñoñoa. Ni ere merkatuan nago, ni ere Instagramen nago. Sartzen naiz jolas horretan, sartzen naiz kartzela horretan. Saiatzen naiz modu osasungarri batean horrekin bizitzen edo, gutxienez, niri kalterik eragiten ez didan modu batean erabiltzen. Esaterako, sare sozialek tripako mina eragiten didatenez, erabili orduko itzali egiten ditut.
Musikariarentzat diskoa egitea eta kontzertuak ematea ez dela nahikoa dirudi. Exijentzia gero eta altuagoa da. Zure itxurak, zure irudiak, zure iritziak, garai batean baino askoz pisu handiagoa du zure lanaren zabalkundean. Baina, musikaria baldin bazara, zergatik eman behar duzu zure iritzia? Entzulea ez da kantuak entzun eta interpretatzeko gai? Zer gehiago esan behar du musikariak? X sare sozialean nire usteak zabaltzen edo eztabaidetan kateatzen ibili behar dut? Harrigarria da. Gero eta presio gehiago dago zure izatetik kanpoko figura bat sortzeko, pertsonaia bat izateko eta, tamalez, izaera bikoizte horrek nahasmenduak eragiten ditu askorengan. Azkenean, sare sozialetako profilean jartzen duguna garela sinesten amaitzen dugu eta, gehienetan, ez dator bat garenarekin.
Ezerk irauten ez duen aroan bizitzeak areagotzen ditu exijentzia eta presioa? Irauteko, txiklea ahal bezainbat estiratu beharra dagoela dirudi: orain hatzaren punta erakutsi, gero eskua, ondoren eskumuturra, besaurrea... Jendea zain-zain eduki behar omen da. Agian, milaka disko saltzen dituzten mundu mailako artistekin hala izango da, baina guk ere logika horretan sartu behar dugu? Hori da jendea engantxatzeko eskaintzen duguna? Zur eta lur uzten nau. Hainbeste publikatzen da egunero, hainbesteko eskaintza dago... benetan uste dugu dena begiratzen dugula? Nahikoa denbora daukagu denetarako?
Amarekiko zorrak ez zirela inoiz ordaintzen zenioen hasieran; eta norberekikoak? Nire kasuan, ez. Oso autoexijentea naiz, oso perfekzionista eta nire buruarekin oso gogorra. Horrela, oso zaila daukat nirekiko zorrak ordaintzen. Aldi berean, nahi nuke adin bat izatera iritsi eta esan: “Momentuan nahi dudana egin eta, batzuetan, zoriontsua izan naiz!”.
Ausarta, jolastia eta librezalea ere bazarela esango nuke. Pozten naiz hori transmititzen badut. Asko dibertitzen naiz. Asko dibertitu naiz disko hau grabatzen eta kontzertuetara datozenak dibertiarazi nahi nituzke. Baina horrek ez du kentzen oso exijentea naizela nire buruarekin. Asko kostatzen zait gauzak pasatzen uztea. Askotan gogorarazi behar diot nire buruari, bizitza bezala, hau badatorrela eta badoala, joaten utzi behar dela, askatu.
Baina, bitartean, errazagoa dirudi BEC betetzea, Hernaniko kultur-etxea betetzea baino. Pabiloien kultura esaten diote. Mundua makro doalako. Aspaldi bizitakoa berriz bizi nahi izateko joera bat dago, batetik. Bestetik, musika parrandarekin lotzen du jende askok eta, ondorioz, “esperientzia osoaren” bila jotzeko tendentzia dago. Zorionez, ez naiz diskoak saltzetik ala kontzertuak ematetik bizi. Nire kantautore fazeta nire aurkezpen-txartela bezalakoa da; hortik etortzen zaizkit gainerako lanak. Berez, antzinako musikan espezializatu nintzen baina, Euskal Herrian hori egitea ezinezkoa denez, nire musikagintza moldatu behar izan dut. Hala, nire kantugile fazetak eskaintzen dit beste lan asko egiteko aukera: podcastetarako zein filmetarako soinu-bandak, antzerkia… Egiten dudana aditzera emateko modu bat dira niretzat diskoak, ez pop star bat bezala bizimodua ateratzeko bidea. Bakoitzak jakin behar du bere lekua zein den.
Zure autoexijentziak zerikusia dauka zure formazio musikalarekin? Bai eta izaeraz ere horrelakoxea naiz. Gogoratzen naiz, haurra nintzela, azterketa neukanean beti esaten nuela ezin nuela egin, ez nuela gaindituko... Eta gero, akaso, hamarra ateratzen nuen. Horri musika heziketa klasikoa gehitzen badiozu, pentsa! Terriblea da, izugarri lehiakorra; izan ditugun irakasleak izanda, ez dakit nola atera garen bizirik. Zapaldu egin gaituzte. Nire berezko printza itzali nahi izan zuten, eta gaur egun musika egiten jarraitzen badut, berezko txinparta oso handia neukalako da. Ero handi bat naiz.
Ikasketak amaitutakoan, horregatik ez zenuen ohiko bidea hartu? Hor ere ez nintzen mainstream izan. Musika ikasi duten nire belaunaldikide gehienek orkestra sinfoniko ala kontserbatorio batean amaitu dute lanean. Egiari zor, aukera askoz gehiago ez daude Euskal Herrian. Baina ni kanpora joan nintzen, antzinako musikan espezializatu eta freelance zirkuitu batean ibili naiz hara-hona. Ez dut lanpostu finkorik eduki. Alde horretatik, antz handiagoa izan dut popa edo rocka jotzen duen musikari batena Euskadiko Orkestrako biolin-jotzaile batena baino. Hori izan zen nire aukera. Beti aukeratu ditut bestelako bideak, beharbada ez hain ziurrak, baina nire ustez oso aberatsak. Horri esker, bazterrean dagoen jende oso interesgarria ezagutu dut, sekulako musikariak, eta horrek eman didanak ez du preziorik.
Ez da gauza bera orkestraren itzalean ala, norbere buruaren ordezkari, mikro aurrean aritzea. Oso ezberdina da. Nik orkestra txikietan jo dut, gehienbat. Ez naiz solista eta ez dakit izaera hori dudan. Asko gustatzen zait akonpainatzea. Popean edo rockean, asko ikusten da aurpegia jartzen duena, baina nik ez dut musika horrela bizi. Niretzat instrumentu guztiek, ahotsak barne, jotzen duten pieza osoak dauka balioa. Hala ere, ez da gauza bera zure kantuak jotzea ala hilik dagoen pertsona baten piezak interpretatzea. Bakarka hasi nintzenean, nire musikaren baitan askeagoa izango nintzela uste nuen. Besteen pieza bat jotzen duzunean, estilo baten bila ari zara beti, erreproduzitu beharreko soinu bat erakusten dizute. Izan ere, arrazoi guztiak biltzen ditu musikak. Ikasi egin behar dituzu lehenik eta askatu ondoren. Nire abestiekin hasi nintzenean, “nahi dudan bezala kantatu dezaket, ez dut inor imitatu behar!” pentsatzen nuen. Bidean gauza asko ikasi behar izan ditut: piezak sortzen, konpontzen, kantatzen, gitarra jotzen... Baina libreagoa naiz. Esaterako, zuzenekoetan, batzuetan, libre sentitzen naiz orain. Dena ahazten dut, burua gelditu egiten da eta gauzak gertatu egiten dira. Ez dakit hori den askatasuna, baina hortik gertu behar du.
Musikari bat zu ibili zaren gisan aktore lanetan ibiltzea ere bada askatasuna? Ero batzuek eskaintza egin eta beste ero batek, ezjakintasun handi batetik, baietz esan zien. Ez bazara ezjakintasunetik abiatzen, ez duzu inoiz ezer egingo. Zertarako abiatuko zara amaieran zain daukazuna zer den aurrez baldin badakizu? Hasieran, ez dakizu zer den ondo eta zer gaizki. Asko gustatzen zait hori. Oso librea zara. Ofizio bat ezagutu ahala, txuria izateari uzten dio lientzoak. Hastapenak, aldiz, atzerrira bizitzera joaten zarenean bezalakoak dira: inork ez daki nongoa zaren, ezkerra edo eskuina, aspergarria ala txispaduna, larburutarra ala garmendiatarra, ez daukazu etiketarik, ez daukazu ezer... Libre zara besteentzat eta besteak libre dira zuretzat. Baina horrek ere ezin du betiko iraun eta, atzera begiratzen dudanean, “nola arraio sartu nintzen horretan?”, pentsatzen dut orain.
Zer ikasi duzu antzerkian? Antzerkia ere musika bat dela. Azken finean, musika bezala interpretatzen da testua. Gainera, antzerkian, beharbada, emozioekiko babes bat eraikitzen ikasten duzu. Kontua da pertsonaiaren emozioa erreproduzitu behar duzunean, emozio hori benetan bizi behar duzula zure baitan. Niri oso gogorra egiten zitzaidan hori. Benetako aktoreek jakingo dute euren burua hortik babesten. Zure pertsonaia beti haserre baldin badago edo suizida bat baldin bada eta bi urtez berarekin bizi behar baduzu, zure burua babesten ikasi behar duzu derrigorrez. Nor naiz ni? Noraino naiz pertsonaia? Zer dago nigandik eta zer ez pertsonaia horretan? Babes hori falta zitzaidan niri.
Orain badaukazu? Ezetz uste dut. Hori garatzeko ofizio-urte asko behar dira, ziurrenik. Are gehiago, ez dakit erabat garatzea benetan posible den. Orain gutxi, Oscar andana dituen Daniel Day-Lewis aktore britainiarrari entzun nion, teatroan Hamletekin jiran zebilela, Hamleti semearen mamua agertzen zitzaion unean, antzokian aitaren mamua ikusten hasi zela bera. Egun batean, antzokitik alde egin eta ez da sekula itzuli antzerkia egitera. Filmak baizik ez ditu egiten ordutik. Berak ez badauka babes hori; nola edukiko dut nik?
Podcastgintzan ere bazabiltza. Musikaz harago, soinuak erakartzen zaitu? Ziurrenik, bai. Disko honetan ere, asko dago podcastgintzatik edo azken urtean egiten aritu naizen horretatik. Ez da kasualitatea “Holobiontea” fikzio podcastean landutako soinu binauralen bidea urratu izana diskoan ere. Ez da kasualitatea Isabel Cadenas Cañonek bere azken podcasterako eskatu zidan “Sukaldea” izeneko kanta ere diskoaren parte izatea. Oso podcast zalea naiz betidanik, asko entzun ditut bidaiatu dudanean eta soinuen bidez munduak eraikiz istorioak kontatzeak liluratzen nau. Umetan ere ipuin grabatuak entzutea nuen gustuko.
Zure musikagintzaren ipuina garatzen doa? Bai, eta bere garapenak logika bat daukala uste dut. Hasierako diskoetan bidaian bizi nintzen, ingelesez mintzo nintzen egunaren %95ean; gerora bizimodua aldatu eta hona etorri nintzen... Disko bakoitzak dauka nire musikaren eta bizitzaren bilakaeraren isla nabarmena. Bizi dudanetik edaten du nire musikagintzak eta nire musikagintzatik egiten ditudan diskoek.
Nola nahi zenuke jarraitzea ipuinak? Etortzen dena ongi etorria izango da, baina nahiko nuke nire musikagintza garatzen jarraitu. Orain gero eta denbora gehiago pasatzen dut estudioan. Horregatik, estudio txukun bat eraikitzen ari naiz. Lehen bidaian pasatzen nuen denbora estudioan igarotzen badut, nire sormenean ere nabarituko da. Oso ongi datorkit estudio bat eskura eduki ahal izatea, leku propio bat emateaz gain, askorik mugitu gabe diru-iturri bat eskuratzeko modua delako. Hala, nahiko nuke nire musikari fazeta ezberdinak konbinatuz malabarrak eginez jolastea: tarteka kanpora ateratzea, gainontzeko musikariekin kolaborazioak egitea, kontzertuak ematea, filmetarako soinu-bandak sortzea, podcastak... Maiztertasuna, funtsean. Nire ezaugarrietako bat dela uste dut. Ez naiz ezeren jabe sentitzen, ezta neure buruaren jabe ere.