Ordaindu beharreko albiste batean sartu zara eta zure kontu pertsonaleko klik bat kontsumitu duzu.
Xabier Bañuelos
Sad Hill, hiruko duelua
Hilerri bakarti bateko hilobi batean 200.000 dolar konfederatu daude lurperatuta. Sad Hill-eko kanposantua da: pistola eskuan, spaghetti western-eko azken duelu famatuenetako baten eszenatokia. Eta non egongo, eta...
Sad Hill hilerriari buruzko kartela. (X. BAÑUELOS) (X. BAÑUELOS)
Azken kokalekua San Pedro de Arlanza monasterio zaharrean dago; bere hondarretan, hain zuzen; X. mendeko harribitxi arkitektoniko erromaniko eta gotikoa da. Pelikulan barrualdea erakusten zaigu; San Antonioren misioko gelak, kanpainako ospitale bihurtuta
Tirurururiiii, tuuuriiiruuu, tirurururiiii, tuuuriiiruuu, tirurururiiii, turiruriiii, tirurururiiii tuuuriiii… Horrela esanda, zentzurik gabeko silaba ilara dirudi, esanahirik gabea. Baina horren atzean kanta baten doinua dagoela antzematea ez da zaila. Gainera, esango bagenu horren musika Ennio Morriconerena dela, eta ona zen baten, itsusia zen beste baten eta gaiztoa zen beste baten aurpegiak makillatzen dituela, ez dago zinemazale handia izan beharrik filma asmatzeko.
Nolanahi ere den, lagun batekin nengoela, aipatutako melodia txistukatzen hasi nintzen eta, zinemazalea dela erakutsiz, espero nuena esan zuen: «Zer, duela gutxi ikusi duzu ‘Zintzoa, gaiztoa eta itsusia’, ezta?». Nire erantzunak txunditu samar utzi zuen: «Bai, bueno, joan den astean Sad Hillen egon naiz; badakizu, Clint ‘Ilehoria’ Eastwood, Lee ‘Sententzia’ van Clif eta Eli ‘Tuco’ Wallach-en arteko hiruko duelua gertatzen den hilerrian… Berriz ikusi beharra neukan».
Kanposantuaren ikuspegi orokorra. (X. BAÑUELOS)Metalicari eta ‘The Ecstasy of Gold’ bertsioari eskainitako gurutzea. (X. BAÑUELOS)Tuco urkatu zuten zuhaitza. (X. BAÑUELOS)
Eta teletransportadorea erabili duen Enterpriseko tripulatzaile baten aurrean balego bezala begiratuz, hau esan zidan: «Baina noiz egon zara zu azkenaldian Estatu Batuetan? Hori Texasen edo Mexiko Berrian egongo da gutxienez». Ezin izan nion barreari eutsi, ezetz azaldu aurretik, azkenaldian ez nuela AEBra bidaiatu. Nire lagunaren alde esan behar dut ‘Muino Triste’ hau non dagoen, duela gutxi arte, Far West-ean giroturiko filmetako frikiek soilik zekitela. Gaur egun ezagunagoa da, baina ezta oso ezaguna ere.
‘Zintzoa, gaiztoa eta itsusia’ filmaren zale baten gurutze deigarria. (X. BAÑUELOS)
San Pedro de Arlanza ospitale militar konfederatuaren panoramika. (X. BAÑUELOS)
AHANZTURATIK BERPIZTERA
Imajina dezagun zer den 1.500 soldaduko erregimentu bat zure etxe aurrean aurrez abisatu gabe agertzen ikustea. Eta hori 1966an gertatzea, Gaztelako goi-lautadako basamortu batean galdutako herri pare batean, bien artean 300 biztanle biltzen ez zituztenetan. Horixe gertatu zen Burgosko Contreras eta Carazo udalerrietan. Segur aski, herrikideen artean bat baino gehiago izutu zen, beste gerra zibil bat piztu ote zen. Eta, egia esan, ez zebiltzan oso oker, gerra zibila baitzen, baina Atlantikoaz haraindi ehun urte lehenago gertatutako beste munstro eta izugarrikeria batzuk fikzionatuz, Estatu Batuetako Sezesio Gerrakoak.
Soldadu militar haiek helburu bikoitzarekin iritsi ziren hara: zinemako dekoratu batzuk eraikitzeko eskulana izatea, eta “dolarraren trilogia”-ren azken filmean estra gisa aritzea
Soldadu militar haiek helburu bikoitzarekin iritsi ziren hara: zinemako dekoratu batzuk eraikitzeko eskulana izatea, eta “dolarraren trilogia”-ren azken filmean estra gisa aritzea. Garai hartan, Espainia ohiko eszenatokia zen nazioarteko pelikulak filmatzeko, eta Sergio Leonek Arlanza ibaiaren ertzeko eremu horiek hartu zituen bere duelu eta borroketarako kokaleku apropos gisa. Esan eta egin. Leonek proposatu zuen, eta Francok bere armada utzi zion behar zuenerako. Batzuk, 250, hilerri bat eraikitzera bidali zituzten; beste batzuek zubiak zutitu, lubakiak zulatu eta presondegiak eraiki zituzten; eta beste batzuek unionisten eta konfederatuen uniformeak jantzi zituzten tiroka eta bonba-eztanda artean ibiltzeko –jaurtigairik gabeak eta dinamita erabilita–, batailak, espetxeak eta kanpaina-ospitaleak birsortzen.
HIRU EGUN ESKASEAN
Horrela sortu zen zinemaren historiako eszenatoki ikonikoenetako bat, Sad Hill hilerria. Hiru egun eskasean eraiki zuten. Leku teatral eta hunkigarria da, greziar tragedia bati dagokiona. Dramatikoa da bere paisaiaren itxuragatik, Burgos hegoaldetik aldendutako estepa moduko bat, soila, desolatua… eta Carazoko Haitzeko kareharrizko mendixkek mugatua; zeruaren urdinak estalitako berde serioz osatutako landaredi urria janzten dute horiek.
Eta dramatikoa da, halaber, gogora datozkigun irudiengatik: ‘The ectasy of gold’ entzuten da urrunean, Tuco hilobi artean eroaren pare korrika doan bitartean, 5.000 hilobien artean desesperatuta, urrea dagoen hori aurkitu nahian; hiruren arteko duelua, begiraden lehen planoak, tiro bat eta Sententzia bere hilobi barrura hilda erortzen; zinemaren historiako esaldia Ilehoriaren ahotik, alegia, «mundua bi kategoriatan banatzen da, errebolberra kargatuta dutenak eta lurra aitzurtzen dutenak. Zu aitzurtzen dutenetakoa zara» eta Tucok aitzurraz lurra ateratzen du eta txanpon-zakuak aurkitzen ditu izenik gabeko hilobian; eta Tuco gurutze gainean urka-bilurra lepoan duela, eta Ilehoria sokari tiro egiten, eta Tuco «mila gurasoren semea zara!» oihukatzen.
Hilerriko erdiko zirkulua, non hiru protagonisten arteko duelua egin zen ‘Zintzoa, gaiztoa eta itsusia’ pelikulan. (X. BAÑUELOS)
ISILTASUNA NAGUS
Diseinua Carlo Simi eszenografoaren irudimenetik atera zen. Erromatar koliseo fantasmagoriko baten alter egotzat hartu zuen, non gladiatoreak errebolberrez armatzen diren eta publikoa heriotza bera den. Kanposantu biribil konbexu handi bat da, hilobiak zirkulu zentrokideetan jarriak dituena, beheranzko harmailekin. Prima caveak, lehen ilarak, hondarrezko plaza bat inguratzen du, 30 metroko diametroa duen harrizko zezentoki bat, non isiltasuna nagusi den.
Tuco bezala, baina diru-goseak itsutu gabe, bertako hilobien artean paseatzen gabiltza «Arch Stanton-3 February 1862» jartzen duenaren bila. Eta ikusi dugu haren ondoan jarraitzen duela “Unknown” inskripzioa daramanak. Badakigu dena attrezzoa dela baina, hala ere, irudimenezko gorpuen presentzia bakarrarekin ere ezinegon eta babesgabetasun sentsazioa daukagu.
Clint Eastwooden silueta. (X. BAÑUELOS)
Azken eszena filmatu ondoren, hilerria ahanzturan erori zen ia desagertzeraino, urruneko paisaia batean aztarna bat besterik ez izateraino. Baina 2014an Sad Hill kultur elkartea sortu zen, filma egin zen Burgosko eszenatokiak berreskuratu eta balioan jartzeko helburuarekin. Urtebete geroago, hilobi bat babesean hartzeko kanpaina abiatu zuten, eta ordutik denak zaharberritzea lortu dute. Horrela berreskuratu du hilerriak bere jatorrizko itxura, eta memoria zinematografikorako espazio bihurtu da.
Hilerriaren goialdean Clint Eastwooden metalezko silueta dago, pontxoa eta kapela eta guzti, bi errebolberrez markoztatutako kartel batekin batera, Sad Hill dioena
Gainera, aparkaleku bat egokitu zuten, seinale-kartelak jarri ziren, oroimenezko erliebe bat eta argibide-panel bat. Hilerriaren goialdean Clint Eastwooden metalezko silueta dago, pontxoa eta kapela eta guzti, bi errebolberrez markoztatutako kartel batekin batera, Sad Hill dioena. Horrela, Ilehoriaren itzala lagun izango dugu, Itsusiaren burua zintzilik zegoen zuhaitza bilatzen gabiltzala.
Bien bitartean, gurutzeak eta egurrezko hilarriak topatuko ditugu, izenokin: Sergio Leone, Ennio Morricone, hiru protagonistak, Metálica, Antonio Resines, Jim Morrison, Charlie Brown, Eskorbuto, Claudia Cardinale, Antonio Mercero edo Rodriguez de la Fuente, ehunka zinemazaleren artean eta are euskaraz inskribatuta ere: Ezezaguna eta Aupa Bederatziak!
Soldadu ezezagunaren hilobia, non urrea ezkutatuta dagoen. (X. BAÑUELOS)
BESTE ESZENATOKIAK
Baina gure ibilbide zinematografikoa ez da Sad Hillen agortzen. Egia da mitomanoentzako esperientzia bat dela, eraiki zen gainerakotik gutxi geratzen baita. Hala ere, interesgarria da filmak Burgosen dituen beste hiru kokalekuak bisitatzea. Adibidez, Langstoneko batailaren aztarnak aurkitzea. Unionistak eta konfederatuak alde banatatik borrokan aritzen ziren Arlanza ibai gaineko zubiak 100 metro zituen. Baina desagertu egin zen, Tucok eta Ilehoriak leherrarazi egin zuten filmatzean, eszenarik ikusgarrienaren zati gisa. Eta natura berea denaz jabetu bada ere, oraindik ikus daitezke lubakietako zuloetako terrazak eta ebakiak.
Battervilleko gotorlekuko gatibu-eremua benetako batean inspiratu zen, Andersonvilleko unionisten presondegi latzean, Georgian. Gaur egun, eraiki zen lurra eta oinplanoaren laukizuzena markatzen duten zangak besterik ez dira geratzen, hesien oinarri izan zirenak. Baina tokia edertasun soilekoa da, eta merezi du bertara hurbiltzea. Gainera, azalpen panel batek filmazioaren berri ematen du eta filmean bete-betean sartzen gaitu.
Stanton-en hilobia. (X. BAÑUELOS)
Azken kokalekua San Pedro de Arlanza monasterio zaharrean dago; bere hondarretan, hain zuzen; X. mendeko harribitxi arkitektoniko erromaniko eta gotikoa da. Pelikulan barrualdea erakusten zaigu; San Antonioren misioko gelak, kanpainako ospitale bihurtuta. Zinemaren magiari esker, Clint Eastwood eriondo dagoela Almeriako eraikinera sartu eta Burgosen agertzen da; izan ere, misioaren kanpoaldea Cortijo del Fraile da, Nijarren, baina barrualdea San Pedro de Arlanza da. Pelikulan kasik alferrikakoa da lekua identifikatzen saiatzea, dekoratuez arduratu zenak lan bikaina egin baitzuen eta gaur egun bisitatzean ez da batere antzik sumatzen.
Baina «kasik» esan dugu, badago-eta detaile txiki bat oso adierazgarria eta, zalantzarik gabe, gauden lekura eramaten gaituena. Izan ere, une jakin batean, Ilehoriari basamortuko erredurak sendatzen ari zaizkionean, ezkerrean dagoen leihoak San Pelaio baselizaren -San Pedro el Viejo- ingurua erakusten digu atzealdean -912. urtetik dago harkaitz horren gainean-. Leiho horrek gogorarazten digu ia 60 urte geroago, Eastwood, Wallace eta Van Clif protagonista dituzten irudiei jarrai diezaiekegula, Leone buru dutela eta Morriconek maisutasunez musikaz girotzen dituela.