Roge Blasco
Elkarrizketa
Josu Iztueta Azkue
Bidaiaria

«Laster ikasi genuen sekretua ez zela asko irabaztea, gutxi behar izatea baizik»

Josu, Tolosako Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan, 2022an. (Idoia ZABALETA | FOKU)
Josu, Tolosako Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan, 2022an. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Josu Iztueta Azkue (Tolosa, 1957) bidaiari estimatua da Euskal Herrian, munduko tokirik berezienetara egin dituen bidaiengatik eta 42 urtez bidaiariak garraiatzen aritu delako, lehenik Nairobitarran, bolantea Ángel Ortizekin partekatuz, eta gero furgonetan bere kabuz. Aldi berean, hainbat espediziotan parte hartu du. Adibidez, 1985ean Nairobitarrarekin Egiptoraino joan ziren, Nilo ibaiko 500 kilometro piraguan arraunean jaisteko. 1988an, Groenlandia kostatik kostara zeharkatu zuten eskiekin pulkatik tiraka.

Sonatua izan zen Eskandinavian eskiz, piraguaz eta bizikletaz egindako zeharkaldia edo ‘Pangea’ espedizioa, kontinente bakoitzeko zokogunerik sakonenetara iristea helburu zuen egitasmoa. Halaber, aipagarria da lagunekin Josuk egindako beste abentura bat: Jack London eta urre-bilatzaileak bezala ibili ziren Yukon ibaian barrena.

Nairobitarra, jatorrian, Hondarribia-Donostia ibilbidea egiten zuen autobus bat zen. 1980an, Nairobira bidaiatzeko egokitu zuten eta bertan gelditu zen. 1982an, mudantza-kamioi bat egokitu ondoren, hogei urtez Afrika iparraldean, Europan eta Amerikan –Alaskatik Ushuaiaraino– mugitu ziren. Guztira, ia milioi bat kilometro egin zituen Nairobitarra berriak.

Kanpamentu lasai batean (2024), lotarako lekua non izango den jakin gabe ibiltzen ohituta. (Josu Iztuetak utzitakoa)

2002an, Josuk zortzi plazako bigarren eskuko furgoneta bat erosi zuen Europan eta Marokon bidaiariak gidatzen jarraitzeko, eta Boisen (Idaho) eskuratutako beste furgoneta batekin Alaskan, Kanadan eta Estatu Batuetan ibili zen. Horrela ibili da beste bi hamarkadan.

Pandemia heldu zen, 65 urte bete zituen eta erritmoa aldatzea erabaki zuen. 2024ko udaberrian ‘Transpirenaica’ egin zuen (joan-etorria), bizikletaz, eta udan, berriz, oinez. Udazkenean, Estatu frantsesa zeharkatu du, kanoan, Mediterraneotik Atlantikora, Midiko kanaletik Okzitaniako Tolosaraino, Garonaren alboko ubidetik jarraituz Bordeleraino 450 kilometro arraunean egin ondoren. Gabonetan 30 bizikleta eraman zituen furgonetan, Paiportan (Valentzia) banatzeko, eta ur eta elikagaien banaketan ere parte hartu zuen.

Josu eta Anjel (2002). Hogei urtetan bidaietan batera ibili dira. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Ekaitzak harrapatuta, Groenlandian (1988), ezerezaren erdian, babesik gabe. (Josu Iztuetak utzitakoa)

Josuk berak aitortu digu: «Uste dut bizitza azeleratua izan dudala, kontagailuaren orratza beti laranjan. Orain ralentian nago, baina ez dut motorra gelditzerik nahi».

Zenbait espediziotan taldean eta Nairobitarran eta furgonetan bidaiariekin bidaiatzetik orain bakarrik mugitzera. Nolakoa izan da prozesua?

Gure hautua izan zen bidaietatik bizitzea. Laster ikasi genuen sekretua ez zela asko irabaztea, gutxi behar izatea baizik. Beren kabuz iritsiko ez liratekeen pertsonentzako ibilbideak antolatzen hasi ginen. 23 urte besterik ez genituen eta 20 laguneko taldeak adibidez Aljeriara eramateko erantzukizuna genuen.

«Angelek eta biok Nairobitarra gidatu genuen hogei urtetan. Joan-etorriko bidaiak ziren, inoiz ez ginen lau hilabete baino gehiago egoten Tolosatik kanpo, hori baitzen gure kanpamentu nagusia»

Aduanak, kontrolak eta basamortuak zeharkatu genituen. Zorte handia izan genuen, zuhurrak izaten ikasi genuen, baina inoiz ez da nahikoa. Horrela, Angelek eta biok Nairobitarra gidatu genuen hogei urtetan. Joan-etorriko bidaiak ziren, inoiz ez ginen lau hilabete baino gehiago egoten Tolosatik kanpo, hori baitzen gure kanpamentu nagusia.

Canal du Midin, 2024an, traste guztiak kanoan sartuta Mediterraneotik Bordelera. (Josu Iztuetak utzitakoa)

Txileko Santiagon Nairobitarra utzi genuenean, furgonetarekin jarraitu nuen lagunekin bidaiatzea gustatzen zitzaidalako. Orain, 42 urteren ondoren, nire buruaren erantzule soilik izan nahi dut. Gainera, bakarrik joanez gero, errazagoa da bertakoekin harremanetan jartzea, haiekin egotea gustatzen baitzait.

Nola jasaten dira eragozpenak Pirinioetako mendikatean zehar modu autonomoan mugitzen zarenean?

Oso zorrotza izan nintzen, dendarekin beti. Lurrean lo egitera ohituta nago. Nire bizimoduan urte gehiago eman ditut horrela ohean baino, egun gehiago dutxarik gabe dutxarekin baino, egun gehiago hotz jaten bero baino. Merke bidaiatzera ohituta nago, janaria neuk egiten dut eta hilabete pasa dezaket 500 eurorekin edozein lekutan; baina, horretarako, prest egon behar duzu erosotasunei uko egiteko, hala nola aterpeetan ostatu hartzeko.

Kalifornian, 1993an. Bizikleta da berarentzat merke bidaiatzeko tresnarik egokiena. (Josu Iztuetak utzitakoa)
Zergatik egin duzu «Transpirenaica» bizikletaz zein oinez?

Gogoan dut 16 urte nituela Tolosako Club Alpino Uzturren Pirinioetako mapa zabaldu genuela eta Kantauri itsasotik Mediterraneora oinez joatea erabaki genuela. 17 eta 20 urteetara bitarteko udetan lan egin behar izan nuen, eta gero Nairobitarra hasi zen. Ez nuen inoiz uda librerik izan, zeharkaldi horretarako garairik onena ekainaren amaieratik irailera bitartekoa baita.

Berrogeita hamar urte geroago, bizikleta elektrikoan lehenengo eta ondoren oinez saiatzeko motibatuta ikusi nuen neure burua, Higerreko itsasargitik Creusekora. Guztira, 40 egun izan dira oinez udan. Lagun batek bizikleta elektriko bat utzi zidan eta errepide txikietatik hegoaldeko isurialdetik joan eta iparraldetik itzuli nintzen. 800 kilometro, joateko, eta beste hainbeste, itzultzeko.

Groenlandian, 1988an. GPSrik ez zegoenean, sestante batekin kalkulatzen zuten latitudea. (Josu Iztuetak utzitakoa).
Laponian (1998), sei lagun hiru hilabetez Eskandinavian egon zirenean. Nora, noiz, nola baino inportanteagoa da, Josurentzat, norekin zoazen. (Josu Iztuetak utzitakoa)
Nola bururatu zaizkizu ohiz kanpoko hainbeste espedizio?

Nairobitarrarekin egiten genituen bidaiak besteen oporrak ziren. Guk ere gozatzen bagenuen ere, gure lana zen. Hainbeste ordu bolantean paisaiari begira emanda, nire lagunekin espedizio batera joatea nuen amets, erantzukizunak partekatuz, arriskuak eskotean banatuko balira bezala. Esaldi batek zera dio: «Azkar iritsi nahi baduzu, zoaz bakarrik; urrutira iritsi nahi baduzu, egin ezazu taldean».

Port de la Selvan, Mediterraneoan (2024), «Transpirenaica», GR 11, Hondarribian hasi eta oinez Mediterraneora iritsitako egunean. (Josu Iztuetak utzitakoa)
Zein dira errepikatzeko gustukoen dituzun lekuak?

Neure buruari galdetzen diot: nola da posible basamortu hotzek burua hainbeste berotzea? Zergatik erakartzen naute hainbeste inuitek, samiek, Islandiako arrantzaleek edo Alaskako urre bilatzaileek? Agian izango da iraupen-eskian Aralarren hasi ginelako eta Eskandinavian eta Groenlandian jarraitu genuelako. Askotan itzuli naiz Alaskara, Patagoniara eta Marokoko basamortura. Eta Zeelanda Berrian ere hiruzpalau aldiz egon naiz; lehenbizi duela 40 urte.

Sahara basamortuan (1983), Nairobitarrarekin, 20 urtez bizimodu eta bizibide izan duen autobusarekin. (Josu Iztuetak utzitakoa)
Zergatik izan dira beti emakumeak zuen espedizioetako funtsezko parte-hartzaileak?

Bere garaian berritzailea izan zen. Bizardun esploratzailearen irudia desmitifikatu nahi genuen. Presentzia femeninoa oso garrantzitsua zen. Ez zen kasualitatea, 20 urte genituenean Dina Bilbao ezagutu baikenuen Esako urtegian baltsa batean. Gizonok biologikoki ez ditugun gaitasunak dituzte emakumeek zoritxarraren eta erresistentziaren aurrean. Hori emakume afrikarrek argi eta garbi erakusten dute, gose eta egarri diren arren gai direlako haurdun geratzeko eta familia aurrera ateratzeko.