GAUR8
ZAINTZA PARTEKATUA

Komunikazioa eta koherentzia, banatu diren gurasoentzat gako garrantzitsuak

Seme-alabak dituzten eta dibortziatzen diren bikoteen ia erdiak zaintza partekatua adosten du. Banaketak aldaketa dakar seme-alaben bizitzetan, eta gurasoek hartzen dituzten jarrerek asko baldintzatzen dute prozesua. Komunikazioa, koherentzia, segurtasuna eta seme-alabak gatazketatik aparte uztea; horiek adituen aholkuak.

Banaketak une zaurgarriak izan ohi dira seme-alabentzat. Gurasoen jarrerek asko baldintzatu dezakete trantzea.
Banaketak une zaurgarriak izan ohi dira seme-alabentzat. Gurasoen jarrerek asko baldintzatu dezakete trantzea. (GETTY IMAGES)

Dibortzioen kopurua igotzen ari da azken urteotan, eta seme-alabak dauden kasuetan, gero eta ohikoagoa da zaintza partekatua. 2023ko datuen arabera, dibortzioen %48,4tan zaintza partekatua adostu zen. Gurasoen banaketak eragin emozionala, soziala eta ekonomikoa du familian eta, bereziki, seme-alabengan.

Zenaida Aguilar Kataluniako Unibertsitate Obertako (UOC) Psikologia eta Hezkuntza Zientzietako irakaslearen hitzetan, «adingabeak beldurra eta antsietatea sentitzera irits daitezke gurasoak banandu bitartean». Adituak gaineratu duenez, gero eta ohikoagoa da banantze-prozesuetan dauden familiek terapia behar izatea. Ikusten den arazo nagusietako bat da adingabearen bizitzari eragiten dioten erabaki garrantzitsuetan gurasoen arteko adostasunik eza. «Gurasoen arteko komunikazioa eta adostasuna funtsezkoak dira seme-alabek banantzearen ondorio emozionalak jasan ez ditzaten», nabarmendu du.

NOIZ KOMUNIKATU SEME-ALABEI

Seme-alabei banaketaren berri emateko une perfekturik ez da existitzen, baina adituek gomendatzen dute gurasoak elkarrekin dauden une bat aukeratzeko, babes emozionala eman ahal izateko. Izan dadila seme-alabekin konektatzeko une bat, eta informazioa prozesatzeko lekua ematen saia daitezela. «Seme-alabak oraindik oso txikiak badira, garrantzitsua da hizkera erraza erabiltzea eta banantzea beren errua ez dela ulertzen dutela ziurtatzea», gaineratu du Aguilarrek. «Funtsezkoa da gurasoak seme-alaben galderei erantzuteko prestatuta egotea, segurtasun emozionala ematea eta banantzearen berri eman ondoren ezohiko edozein sintomari oso adi egotea».

Hortik aurrera, badira banaketa prozesuak osasuntsuago eta samurrago bihurtzeko zenbait klabe. Jarraian, UOCko adituaren bost aholku: Lehendabizikoa, «gurasoen artean komunikazio argia eta etengabea izatea». Aguilarren esanetan, garrantzitsua da gurasoek banandu ondoren komunikatzen jarraitzea, erabakiak koordinatzeko eta seme-alabekin gertatzen denaren berri izateko, eta edozein arazori buruz ohartaraztea, irtenbide koordinatuak pentsatzeko.

Bigarren aholkua: «Bi etxeetan arau koherenteak ezartzea. Garrantzitsua da bi etxeetan muga eta arau berberak izatea, haurren artean nahasteak saihesteko ordutegiei, elikadura-jarraibideei, eskolara laguntzeari edo eskolaz kanpoko jarduerei dagokienez».

Hirugarrenik, «arriskutsua da haurrak gurasoen arteko gatazketan sartzea eta, bereziki, bata edo bestea aukeratzeko eskatzea. Kasurik txarrenak auzitegietan amaitzen direnak dira, zeinetan adingabeei eskatzen baitzaie deklaratzeko norekin geratu nahi duten. Oso garrantzitsua da gurasoek seme-alaben aurrean beste gurasoaz gaizki hitz egitea saihestea».

Seme-alabei segurtasuna eta egonkortasun emozionala ematea da laugarren gomendioa. «Gurasoek ziurtatu behar dute haurrak seguru eta egonkor sentitzen direla, batez ere aldaketa-egoeretan. Txikienek trantsizioko objektuak behar izan ditzakete, hala nola peluxe bat, argazki bat... beste gurasoarekin konektatuta sentitzeko etxe batetik bestera joaten ari direnean».

Eta, azkenik, beharrezkoa bada, bilatu laguntza profesionala. «Adingabeek erakusten badute ez dutela banaketa ondo kudeatzen, gomendagarria da gurasoek laguntza profesionala bilatzea, hala nola familia-terapia edo banakako terapia haurrentzat», bukatu du Zenaida Aguilarrek.