
ALTUNA III-ARANGUREN 11
EZKURDIA-REZUSTA 22
Binakako Txapelketa Nagusiko sailkapenaren puntaren puntan daude Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta, hiru partidatik hirurak irabazita, Laso eta Iztuetak bezala. Baina Bartzelonan 11-22ko azken emaitzak dioena baino askoz gehiago sufritu dute Altuna eta bigarren erdia ezkerreko eskua minduta amaitu duen Aitor Arangurenen aurka.
Partidaren aurreneko zatian Jokin Altunak musika jo du eta dantzan aritu dira Ezkurdia eta Rezusta. Alabaina, dema 8-6 zela Rezustak erreboteraino sekulako ezkerkada jo du eta Arangurenek, pilota zortzi eta erdira atera delarik, errebotea eraman nahi izan du. Tamalez, kolpe txarra jaso du eta ahalegin horren ostean eta handik aurrera partida erabat amildu da.
Hautsirik ez omen du Aginako atzelariak, baina ezkerra sartzeko beldurra erakutsi du eta partida hasierako konfiantza eta kontzentrazioa erabat galdu ditu. Antzera, Altunak jokoa nahasteko ahaleginak egin ditu, baina txapara behar baino pilotakada gehiago joan zaizkio. Bete-beteko partida izaten ari zena bikote urdinaren erakustaldi bilakatu da Aragurenek min hartu duenez geroztik.
Bikain abiatu da ba partida! Hasi eta aitaren batean pilatu ditu Jokin Altunak azken jardunaldian adina tanto. Bartzelonako pilotalekua erasorako hobea da nonbait defentsarako baino eta horretaz baliatu nahi izan du Amezketakoak. Hala, dantzan erabili ditu aurreneko tantoetan berdin Ezkurdia nola Rezusta ere.
Kosta zaie urdinei partida berdintzea, Arangureni jokoaren zama eraman arazteko apustua uste baino zailagoa suertatu zaielako Ezkurdia eta Rezustari. Ondorioz, Arbizuko aurrelariak aurreko koadroetan ere tantoak egiteko erabakia hartu du eta noski, Altunari tantoa sartzea ez da ezinezkoa, inondik ere, baina aurrelari gipuzkoarrari aukera emanez gero, honek ez du barkatzen kontraerasoan.
Altunak 5-4koa zabalean dejada eginda amaitu du eta akordatzerako, Aranguren eta biak 7-4 aurreratu dira, sake buelta bikain baliatuta amaitu baititu tantoak Altunak. Amezketakoarentzat tamalez, arriskuak hartu beharrak akatsak egitea ere berarekin dakar, eta txapara bidali duen erremate baten ostean urdinek sakea berreskuratu ez ezik, gorrien erasana ere behartu dute.
Arangurenek hartu du kolperik txarrena, Rezustak errebotera –bederatzi eta erdian bote egiten duen pilotakada omen da dejadarik onena, zaharrenek diotenez, eta hantxe bote egin arazi dion Bergarako ezkerrak– bota duen zartakoa erantzuteko ahaleginean ezker eskuko hatz punta batean kolpe minbera askoa hartu du eta aldageletara sartu-irtena egin behar izan du. Jarraitu ahal izan du Agina auzokoak, baina ezkerra sartzeko beldurrez azaldu da. Ondorioz, 8-9koan aurrea hartu du bikote urdinak.
Altunak eskuin bolea bikain bati esker 9nakoa ezarri du, baina jokoaren ekimena erabat aldatu da. Arangurenek ezkerra babestea bilatu du eta Altunak, beriz, Arangureni lana kentzea. Horren ondorioz kale pare bat egin ditu Amezketakoak, baina Rezustak bere ezker eskuko kanoia dantzarazi duelarik, Arangurenek ezkerrez zerbait baduela antzeman da. Hori bai, erreboteko zulotik bazterturiko pilota ez eramatea ez da gertatu ezin den zerbait. Bada, aurreneko tantoetan komeriak izan arren, aurreneko atsedenaldi luzera 9-12 aurretik iritsi dira urdinak, eta orduan ere Aranguren aldageletara joan da. Enpresako osasun zerbitzuen esanari jaramon eginez, hautsirik eta lekutik ateratzerik ere ez omen zaio gertatu.
Txaloak bai, errukirik ez
Vall d'Hebron pilotalekuko ikusleak ohartu dsira Arangurenen ezkerra ez dagoela oso katoliko eta Aginako atzelariari txaloak eta animoak ez zaizkio falta izan ezkerrez sartu behar izan duen bakoitzean, baina horrek ez ditu ez Ezkurdia ezta Rezusta ere errukitu, eta minaren poderioz konfiantza galduta, hasieran arazorik gabe frontisera eraman dituen pare bat pilota behera joan zaizkio: 9-16, Rezestaren misila errebotera sartu aurretik erantzun ezin Arangurenek jauzi eginda jo duen arren.
Ahalegindu dira gogotik gorriak, baina urdinek aukerako pilota astintzea baino askoz gehiago ere egiten badakitela erakutsi dute, 9-17ko tantoan bistan geratu den bezala. Altunak eta Arangurenek lortu dute urdinen tanto ilara etetea, baina partida ordurako hautsita, 11-18ko markagailuarekin osatu dute azken atsedenaldi luzea lau pilotariak. Esan behar, bere baldarrean, Arangurenek kasu honetan ez duela aldagelatik pasa beharrik izan eta gutxienez partida amaitu arte irauteko bermea eman duela.
Baina ez du bestetarakorik eman norgehiagokak. Ezkurdiak ez diete aukerarik eman atzetik aurrera egiteko eta ikusi egin behar gainera datorren astean Arrasaten Artola eta Marizkurrenaren aurka jokatzeko moduan egongo ote den Aitor Aranguren edo zein atzelarirekin dagokion jokatzea Altunari.
PARTIDAKO FITXA
Jokoaren Iraupena: 56:38 minutu. Pilotakadak: 475. Sakez: 0 Altunak eta 1 Ezkurdiak. Jokoan egindakoak: 9 Altunak eta 0 Arangurenek; 8 Ezkurdiak eta 3 Rezustak. Galdutakoak: 6 Altunak eta 4 Arangurenek; 2 Ezkurdiak eta 0 Rezustak. Markagailua: 1-0, 1-1, 3-1, 3-2, 4-2, 4-3, 4-4, 5-4, 7-4, 7-5, 8-5, 8-9, 9-9, 9-10, 9-17, 10-17, 11-17, 11-18, 11-22. Gorabeherak: Binakako Txapelketa Nagusiko hirugarren jardunaldiko azkenengo partida, Bartzelonako Vall d'Hebron pilotalekuan. Aurreneko sakea, urdin. Kolpe txarra jasota, aldageletatik bi ostera egin ditu Arangurenek, baina partida amaitu ahal izan du.

«No se necesita la propiedad de una casa para vivir; lo importante es vivir, no poseer»

«Comandos Anticapitalistas de ETA», ¿ignorancia o errata intencionada de la consejera?

Despliegue tecnológico sin precedentes en el Bidasoa ante la preocupante situación del salmón
