
Binakako Txapelketa ligaxkako aurreneko faseko amaierara iritsi da halakoren batean, baina oraindik final-laurdenetako kanporaketetan zein bikote sartuko diren ez dago erabakita; ezta ere Peio Etxeberria eta Julen Martijarekin batera zein beste bikoterentzat amaituko den txapelketa ere. Hain zuzen, horixe erabakiko da igandean Altuna III.a-Bikuñaren eta Peña II.a-Albisuren artean. Pilota aukeraketa saioa izan da asteazken honetan eta, igandera begira, mentalizazioa eta lan eskerga egiteko beharra dira nagusi.
«Denerako prest egon beharko dugu. Kazetariek tentsioa eta urduritasunari buruz finaletako bezperetan galdetu ohi dute, baina finaletara iristeko, aurretik hil ala biziko kanporaketa asko gainditu behar dira, eta mentalizatuta egon beharko da: partida ondo hasiz gero ez erlaxatzeko, edo gaizki ekinez gero, kanpoan gera gaitezkeela buruari bueltaka ez hasteko, gertatzea baduen kontua bada ere», iritzi dio Jokin Altunak.
Egun deserosoak izan dira hauek, hain zuzen, Altuna eta Bikuñarentzat. Batetik, Amezketako aurrelaria oso haserre azaldu zen larunbatean Seguran galdu eta gero, pilota hautaketa moduarekin. Zentzu horretan, Martin Alustiza hautatzailearekiko kritikarik ez zuela egin argi utzi nahi izan du: «Piloten lote hau dexente gustatu zait, Seguran atera zutena ez zitzaidan batere gustatu, baina esan nuena da pilotak hautatzeko metodoa ez zaidala batere gustatzen. Martinek [Alustizak] jartzen dituen pilotak jasotzen duen lote batetik dator. Martini berari esan diot pertsonalki bere aurka ez daukadala ezer, baina protesta metodoagatik zen».
Alabaina, hori baino aldaketa bortitzagoa izan da azken orduko atzelari aldaketa. «Errendimendu eskasa» argudiatuta, Iñigo Bikuña izango du aurrerantzean bizkartzain Altunak, Aitor Arangurenen lekuan. Horri begira ere, Jokin Altuna oso kritiko mintzatu da enpresaren jokamoldearekin.
«Sorpresa handia izan da eta gustukoa ez. Oso argi utzi nahi dut enpresaren erabakietan ez dudala zerikusirik. Niri Arangurenek berak abisatu zidan erabakiaz eta gero enpresarekin hitz egin nuen, enpresaren erabakiak baitira. Inori ez zaio gustatzen halakorik gertatzerik, are gutxiago azkeneko jardunaldian; gauza bat da sei edo zazpigarren jardunaldian aldaketa bat erabakitzea, baina hamahirugarren jardunaldian... Gainera elkar animatzen topera ari ginen txapelketa zaila izaten ari delako eta Aitorri babes guztia eskaini nahi nioke, gehien izorratuta bera egongo delako», azpimarratu du Amezketako aurrelariak.
Arangurenekin txapelketa osoan zehar pasatakoak gogoan izan ditu Altunak. «Aste batzuetan entrenatzeko komeriak izan ditugu: eskutik izorratuta egon ez garenean, hatzen batetik, edo gaixorik... Horrek eragina izan du errendimenduan eta nik neuk partidan zentratu nahiko nuke», amaitu du Buruz Buruko egungo txapeldunak.
Partidaren pisua eraman
Pilotekin gustura geratu delarik, Altunaren aburuz «erasora jotzen duenak min ematea baduela pilota hauekin». Bikote biek «bigarren itzuli hobea» egin dutela azpimarratu du Amezketakoak.
«Azken asteburuan galdu egin genuen baina aurrez bi bikote handiri irabazi genien, baina Peñak eta Albisuk ere aurkari handiei irabazi die. Jon Ander Albisu txapelketa oso handia egiten ari dela uste dut eta Peña, berriz, hobeto ikusi dut azken partidetan eta bistan da edozeinek duela irabaztea», aipatu du.
Horrez gain, Iñigo Bikuñarekin Artola eta Mariezkurrenaren aurka egin zuten partida bikainaren harira, orduko hartan Amezketakoak izan zuen pisua eta garrantzia ere errepikatu nahiko luke.
«Denerako mentalizatu beharko badugu ere, irabazteko guk ere agindu beharko dugu. Iñigok, bere jokatzeko eragatik, aurkariari mina emateko gaitasuna badauka; Artola eta Mariezkurrenaren aurka beraiek aginduko zutela zirudien baina ez zen horrela izan», gogoratu du.
Bestalde, bikotearen pisua Jokin Altunak eraman beharko badu ere, Iñigo Bikuñak zama handia eramango du bizkarrean, partida honetara iritsi den moduagatik batetik eta baita Peñak eta Albisuk ziurrenik jokoa atzean kargatuko dutelako ere.
«Ez da txapelketan sartzeko modurik egokiena. Aitor laguna dut, baina kontu hauek enpresaren erabakia dira guk pilotariok ez dugu hor zerikusirik, gure lana pilotan jokatzea baita eta kantxan sartzen garen bakoitzean ahalik eta lan hoberena egitea», iritzi dio atzelari donostiarrak.
«Nire bikotea Jokin izanda, aurkari guztiek atzean kargatzen dute jokoa, eta saiatuko naiz ondo eusten. Jokinek badakit ahal duen guztietan lagunduko didala, eta ea bien artean lan horri ahalik eta ondoen erantzuteko kapaz garen», adierazi du, Artola eta Marizkurrenaren aurka egin zuen partida bikaina gogoan.
«Nire buruarentzat partida hura oso garrantzitsua izan zen, ikusteko lehen mailako partida bati aurre egiteko kapaz nintzela eta nik uste igandean konfiantza gehiagorekin etorriko naizela, baina lana gogorra izango da berdin berdin», onartu du.
Atzetik aurrera
Bestalde, isilean eta aurreneko itzulian partida bakarra irabazi arren, final-laurdenetako txartela garaipen bakarrera dute ere Jon Ander Peñak eta Albisuk.
«Hiruzpalau partida badaramazkigu irabazi ezean kalera joateko arriskuan gaudela, eta guretzat aurreko asteetatik ez da aldatzen kontu hau: irabazi eta bizirik segi edo kalera goaz. Baina ez pentsa horrek inolako abantailarik ematen digunik. Aurrean izango dugun bikotea ere ohituta dago egoera horietara eta oso partida gogorra espero dugu», azpimarratu du Jon Ander Peñak.
Altunaren atzelari aldaketagatik ere ez du halako abantailarik antzeman Tolosako aurrelariak. «Iñigo ondo ikusten dut. eduki dituen aukeretan ondo erantzun du eta partida oso gogorra izango da, zalantzarik gabe. Jendeak Bikuña gutxiago balitz bezala ikusten du, baina mutil honek oso gogor ematen dio pilotari eta aukerakoa duenean primerako kolpea dauka. Berarekin ere kontuz ibili beharko dugu», nabarmendu du.
Gutxienez, Jon Ander Peña gustura azaldu da «asteburu honetan irabazi edo ez, Txapelketako azken asteetan gure benetako maila eman dugulako. Aurreneko buelta oso txarra egin genuen, baina gure maila behintzat ematea lortu dugu. Alde horretatik behintzat, konfiantzaz heltzen gara neurketara», nabarmendu du.
Tolosako aurrelariak gaizki pasa zuen Txapelketako aurreneko zati horretan, baina Ataungo atzelariaren sendotasunean oinarrituta, gorantz egin du berak ere, eta hor ikusten dituzte beren aukerak igandera begira.
«Jokoz ni neu oraintxe nago hobekien. Oso gaizki egon naiz aurreneko itzulian, baina buelta ematen ari naiz. Lau eta Erdikotik eskuetatik ikaragarri sufritu dut. Partida bat edo laga dut jokatu gabe eta alde horretatik ez daukat inolako aitzakiarik, baina entrenatzeko bai izan ditudala arazoak eta horrek beti konfiantza galtzea eragiten dizu; orain ari naiz konfiantza hori berreskuratzen», onartu du Peñak, igandeko hitzordua noiz iritziko zain.
Zentzu horretan, aurreneko itzulian Altuna eta Arangurenen aurkako partida gogoan, «segurtasun apur bat» gehiago beharko dutela aipatu du. «Jokinek beste bikotearen akatsak oso ondo baliatzen ditu. Partida luzatzeko eta gurea emateko beldurrik gabe etorri behar dugu», zehaztu du, azkenik.

«Comandos Anticapitalistas de ETA», ¿ignorancia o errata intencionada de la consejera?

Agur desde este viernes a las curvas del pantano de Esa para ir al Pirineo aragonés

«Robo y triple» de Pablo Iglesias a Vito Quiles
