Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Nahia Quincoces eta Asier Labairu gailendu dira Mendiko Eskiko Euskal Herriko Txapelketan

Izabako Bandres-Karolo Oroimenezkoak atzo hartu zuen hitzordu garrantzitsu hori. Elurraren baldintza oso zorrotzek eroriko bat baino gehiago eragin zituzten. Igone Campos faboritoak, adibidez, sorbalda atera zuen. Denera, 200 eskiatzailek parte hartu zuten.

Quincocesek eta Labairuk txapelak jantzi zituzten Izaban.
Quincocesek eta Labairuk txapelak jantzi zituzten Izaban. (BANDRES-KAROLO OROIMENEZKOA)

Otsailaren hamabosgarrenak mendiko eskiko hitzordu herrikoi bat jaso du: Bandres-Karolo Oroimenezkoa. Izabako ‘geltokian’ makina bat eskiatzaile bildu ziren. Azken ekitaldi honetan 200 izan dira. Oro har, esan daiteke proba hori ez zela guztiz biribila izan. Eta horren errua ez zuten antolatzaileek izan, baizik eta elurraren baldintzek. Udaberriko eguraldiak aldaketak sortu zituen prestatutako bi ibilbideetan. Lakhura mendiaren inguruetan jokatutako ibilbidea prestatzen hasi zirenetik elur asko joan zen, eta, ondorioz, hasierako asmoa aldatzen joan behar izan zuten antolakuntzakoek egunez egun. Hori gutxi ez, eta gaueko izotzaren eraginez oso gogor zegoen elurra, eta horrek ere zaildu egin zuen jarduna, hala eskiatzaileentzat nola antolatzaileentzat.

Baldintza horien ondorioz, hainbat ezbehar izan ziren. Nesken mailan, adibidez, Igone Campos faboritoetako bat zen; bada, lehen jaitsieran, eroriko baten ondorioz sorbalda atera zuen. Elur-jausi txiki bat ere izan zen jaitsieretako batean, eta, eskiatzaileen segurtasuna bermatzeko, antolakuntzak puntu horretan karrera moztu zuen atzean zetozen eskiatzaileek handik berriro pasa beharrik izan ez zezaten.

Lehiari dagokionez, aurreratu behar dugu Bandres-Karolo Oroimenezkoa Euskal Herriko Txapelketarako eta Kopako lehen probarako baliagarria izan dela. Oro har, garaipenaren eta lehen postuen bila lehiatu zirenen artean jardun ederrak eta estuak ikusi ziren.

Txapelak

Emakumezkoen lasterketan, Camposen istripua alde batera utzita, Marta Riba katalanak Bandres-Karolo Oroimenezkoa irabazi zuen 2:38:56 denborarekin. Nahia Quincoces (2:41:59) eta Uxue Fraile (2:48:10) bigarren eta hirugarren postuetan sailkatu ziren, hurrenez hurren. Euskal Herriko Txapelketa Quincocesentzat izan da. Bitxia bada ere, beteranoa izateko, bizkaitarra beste garaipen batekin egin da. Bederen, Quincoces pozik zegoen eginiko lasterketarekin: «Zeuden elur aukerekin ibilbidea zoragarria izan da. Ingurua, giroa, antolakuntza, dena, oso berezia da guretzat, eta aurten ere pila bat gozatu dut. Pena izan da Igoneren erorikoa. Karrera guztia horrekin arduratuta pasa dut. Mendian horrelakoak pasatzen dira; ea orain azkar osatzen den».

Bestalde, mutilen kategorian, lehen hiru sailkatuen artean lehia oso estua bizi izan zen. Daniel Izquierdo soriarra lehena izan zen helmuga puntuan 2:09:15 kronoarekin. Asier Labairu minutu batera heldu zen bigarren postuan, eta hirugarrenean Ander de Miguel (2:12:46). Nesken mailan bezala, lasterketan bigarren postua erdietsi zuenak txapela jantzi zuen. Hots, Labairu Euskal Herriko Txapelketaren irabazle berria da: «Ibilbidea basatia izan da. Baina hori da gustuko duguna, eta gozatu dugu. Ni oso ondo sentitu naiz, goraka sentsazio onekin eta beherantz konfiantzarekin. Aurrekoak oso gertu ibili gara gure artean eta oso polita izan da».