
Binakako Serie B Txapelketak ezagutzen ditu finalerdietan izango diren beste bikoteak: Salaberria-Gaskue eta Egiguren V-a.Bikuña. Datorren astean emango zaio hasiera ligaxkari eta bi bikote hauek arituko dira aurrez aurre lehen jardunaldian, Orozkon. Beste lehen lehia Zubizarreta III.a-Morgaetxebarriak eta Senar-Eskirozek jokatuko dute.
Larunbat honetan Labriten jokatutako play-offetako bi partidetako bigarrenak morboa zuen. Murua-Aldabek Zabala-Eskuza ordezkatu zituzten, azken hauek igandean arituko baitira Lehen Mailakoan. Muruak erasora jo du ahal zuen momentu guztietan, eta horrek tantoak eman dizkie urdinei. Hala ere, Aldabe ostiral gauean 22-21 irabaztetik zetorren eta, nahiz eta kameren aurrean onartu ez zela oso partida gogorra izan, azkenerako nekea nabaritu zaio Iruñean.
Hala, gorriek faborito etiketa gainean jarri eta halaxe aritu dira kantxan. Bikuñak Altuna III.arekin batera Lehen Mailako azken jardunaldian gertaturikoagatik arantza kentzeko gogoa zuen, eta bizkarra erakutsi dio Aldaberi.
Aurrean, gainera, Egiguren V.ak galoiak atera ditu eta gehienbat 16-12tik aurrera bikain aritu da. Aurrelari azpeitiarra aldageletara joan behar izan du arazo muskularrengatik, baina itzultzerakoan ez die aukerarik utzi urdinei.
PARTIDAKO FITXA:
Dario-Gabirondo: 15
Salaberria-Gaskue: 22
Pilotakadak: 555. Iraupena: 71:11. Markagailua: 1-0, 1-3, 3-3, 3-10, 5-10, 5-12, 8-12, 8-13, 10-13, 10-14, 11-14, 11-15, 12-15, 12-17, 13-17, 13-20. 15-20 eta 15-22. Sakez egindako tantoak: 3 Dariok eta 0 Salaberriak. Jokoan egindako tantoak: 5 Dariok, 2 Gabirondok, 8 Salaberriak eta 1 Gaskuek. Galdutakoak: 3 Dariok, 10 Gabirondok, 3 Salaberriak eta 2 Gaskuek. Gertakariak: Sarrera eta giro ona Iruñeko Labrit pilotalekuan B Serieko play-offetako partidarako.
Salaberria-Gaskue, bikote sendoa
Jaialdiko lehen partidan, lehia nola joan den ikusita, Salaberria-Gaskueri kosta egin zaie sailkapena ixtea. Pentsa, 3-3tik –bigarren eta azken berdinketa izan da– 3-10era abiatu dira urdinak 0-7 partzial bati esker. Tarte horretan Gabirondori pilota asko kargatu diote eta gazteak huts batzuk pilatu ditu.
Hala ere, gorriek ez dute amore eman eta markagailuan hurbildu egin dira hiru tantora (10-13 eta 12-15). Tartean, aipatzekoa da Dariok sakearekin erabilitako estrategia. Ezkaraikoak modu ezberdinean egin ditu hasierako jokaldiak, eta horietako batean ezker pareta gehiegi erabili du tantoa egiteko.
Ordurako, ordea, Gaskue bikain ari zen atzeko koadroetan eta Gabirondok bere bizkarra ikusten ari zen behin eta berriro. Hala ere, Salaberriak ez ditu gehiegi aprobetxatu bere atzelariak sorturiko espazioak eta horrek aukera eman die gorriei partidan sartuta egoteko. Bigarren atsedenaldi luzearen bueltan aukera guztiak galdu dituzte, gehienbat Salaberriak –tartean amorru garraxiak botaz– pilak kargatu eta, orduan bai, aukerak aprobetxatu dituelako.
Anekdota gisa, Gabirondo pozik agertu da partida eta txapelketa amaieran Dario errioxarrarekin jokatzeagatik, «gaztelera gehiago» ikasi ahal izan duelako tarte honetan.
PARTIDAKO FITXA:
Egiguren VI.a-Bikuña: 22
Murua-Aldabe: 13
Pilotakadak: 547. Iraupena: 64:12. Markagailua: 2-0, 2-2, 9-2, 9-3, 10-3, 10-7, 11-7, 11-8, 12-8, 12-10, 13-10, 13-11, 16-11, 16-12, 20-12, 20-13 eta 22-13. Sakez egindako tantoak: 1 Egiguren V.ak eta 1 Muruak. Jokoan egindako tantoak: 9 Egiguren V.ak, 3 Bikuñak, 8 Muruak eta 2 Aldabek. Galdutakoak: 0 Egiguren V.ak, 3 Bikuñak, 5 Muruak eta 3 Aldabek. Gertakariak: B Serieko play offetako bigarren lehia. Lehen sakea, gorri.
Lehen Mailako play-offa
Binakako Txapelketa luze hau beste fase batean murgilduko da datorren astetik aurrera. Ligaxka amaiezinari behin amaiera emanda, igande arratsaldean play-offetako partida erabakigarria jokatuko dute Eibarreko Astelena pilotalekuan (18.00etatik aurrera).
Hori bai, deskafeinatua izango da lehia; izan ere, Peña II.ak eta Albisu eskuko minengatik ezin jokatu dauden Elordi eta Zabaletaren ordezkoen kontra arituko baitira: Zabala-Eskuza. Aurrelari errioxarrak badaki zer den Lehen Mailako aurtengo txapelketan jokatzea.
Bederatzigarren jardunaldian egin zuen, Jokin Altuna odezkatuz, eta kasualitatez, atzelaria ere ordezkoa izan zen, Arangurenen ordez Bikuña aritu baitzen. Gaur arratsaldean maila ona eskaini eta, zergatik ez, finalerdietako ligaxkarako txartela oparitu nahiko diete Elordi eta Zabaletari.
Peña II.a eta Albisuri dagokienez, ostiral gauean Jaka-Imazen aurka lorturiko garaipenak (14-22) beste aukera bat eman die. Bi Jon Anderrek inertzia positiboa hartu dute, nahiz eta Zornotzan Imazi eskuak ez zion aguantatu eta hein handi batean faktore erabakigarria izan zen hau.

«No se necesita la propiedad de una casa para vivir; lo importante es vivir, no poseer»

«Comandos Anticapitalistas de ETA», ¿ignorancia o errata intencionada de la consejera?

Despliegue tecnológico sin precedentes en el Bidasoa ante la preocupante situación del salmón
