
EZKURDIA-REZUSTA 22
PEÑA-ALBISU 16
Ezkurdiak eta Rezustak ito artekoak eman dizkiete Jon Ander Peña eta batik bat Jon Ander Albisuri. Ez dira gorriak errematean batere fin aritu, baina piloteoa menpean izan dute uneoro. Hala, 14-6 ere aurretik izan dira. Jon Ander Peñak hartu du urdinen jokoaren ekimena eta 18-16raino ekarri du norgehiagoka, Binakako Txapelketako finalerdietan galduta ere ahalik eta tanto gehien egitea nahitaezkoa baita. Hala ere, Albisuk 12 pilota galdu ditu orotara, ataundarrak aspaldian jokatu duen neurketarik eskas eta deserosoenean eta horrela ia ezinezkoa da irabaztea, are gutxiago Ezkurdia eta Rezustak erakutsi duen ahalmen fisikoa duen bikote baten aurka.
Hasieratik mingostu zaie dema urdinei. Hala, Jon Ander Peñak txapapera botatako bi pilotakadarekin eta Albisuri gorago joan zaion beste batekin hasi da norgehiagoka. Eta alde txiki horretatik abiatuta Aspe enpresari bizirik geratzen zaion bikote bakarra ihesean abiatu da. Akordatzerako, Peñak atzean sekulako ezkerkada jo eta urdinek egin duten aurreneko tantoa iristerako, 8-2 aurretik jarrita izan dira Ezkurdia eta Rezusta.
Bazen kezka apur bat bikote gorriarengan, bi astean partidarik jokatzeke iritsi delako Ogetako neurketa honetara. Berehala uxatu dituzte, ordea, kezkak eta beldurrak; izan ere, egurrean bikain asko aritu baitira nola Arbizukoa hala Bergarakoa. Aldiz, aspaldian eman duen mailaz oso behetik ekin dio partidari Jon Ander Albisuk. Egia da Rezusta nagusi izan duela hasiera horretan, baina horrez gain erabaki oker batzuek ere hartu ditu, zabaletik efekturik gabe egin duen bi hormakoa, esaterako, txapapera joan zaiona gainera.
Nolanahi, 8-1 aurreratu badira ere gorriak, Jon Ander biak ez dira etsitzeko etorri Gasteiza eta lanari ekin diote. Peñak atzean sartu duen tantoaren ondotik sake bikain askoa ere sartu du zabalean eta apur bat berotu da beraien jokoa. Alabaina, Albisu Rezustaren horren menpe izan delarik, asko hurbiltzerik ere ez dutela lortu urdinek.
Tarteka zenbait errematetan kale egin du Joseba Ezkurdiak, baina tanto ia guztiak gorriek nahieran eraman dituzte, tarteka Albisuk pilotakada ederrak emanagatik edota Jon Ander Peñak jokoa aurrean nahasten ahaleginak egin baditu ere.
Albisuk Binakako Txapelketa aparta egiten ari da, baina aurrean aspaldiko Rezustarik onena aurkitu du. Beti bezain lirain mugitu da Bergarako ezkerra, aurrera, atzera eta baita zabalera ere, eta bere pilotakada bakoitzak abiadura eta pozoia izan ditu. Horren aurrean Ataungo atzelariak ezin izan du nahi bezain eroso jokatu, are gutxiago Ezkurdia boleaz eta aurkari bien tartera jotzen hasi denean. Horrez gain, aurreneko atsedenaldira bidean tanto luze eta gogor pare bat jokatu dituzte, eta biak ala biak Albisuren nekearen ondorioz erori dira gorrien alde.
Peñaren ahaleginak
Izan ere, 12-6 jarri dute markagailua aurreneko atsedenaldi luzera iristerako. Une batez urdinek etsia hartzeko itxura ere hartu dute, baina ihes eginda Albisuk lortu duen tanto baten bitartez eta ostean Jon Ander Peñak errematean hartu dituen arriskuen ondotik, beste bultzadatxo bat lortu dute Tolosakoak eta Ataungoak: 15-10.
Deseroso aritu da tarte horretan Joseba Ezkurdia, Peñaren eskuin boleakadaren bat zikin samarra izan ote den protestaka. Aldiz, Tolosako aurrelariak bere atzelariari tira egiten jarraitu du eta aspaldiko partez hiru tantora hurbildu dira Jon Ander biak: 15-12. Itxura baten Peñaren ekimenak Albisuri arnasa hartu eta kantxan asentatzeko modua eman dio ataundarrari eta horrez gain, urdinek pilota egokia atera dute atzetik aurrerako bidea egiten hasteko.
Sakez egin duen hirugarren tantoari esker 15-13 hurbildu dira urdinak, baina orduan Albisuri behera joan zaio pilota. Jakina da pilota biren arteko aldea egunetik gauerakoa adinakoa izan daitekeela, baina Peñaren beste erremate bikain batek –laugarren koadrotik sartu duen ezker gantxoa– sakea berreskuratu eta pilota apropos hura berreskuratzeko parada eman die urdinei.
Albisu, ordea, ez da beste egun. batzuetan bezain fin aritu eta bere mailarako errazegi galdu dituen bi pilotari esker gorriek aldea berriz ere zabaldu ahal izan dute bigarren atsedenaldi luzera iristerako: 18-14.
Ez du etsi bikote urdinak eta ez da Ezkurdiaren egunik onena izan errematean, baina Albisuk bereziki, hasieratik kontrakarrean hasitako partida ezin izan dute zuzendu eta goregi edo behereegi dela, kontrakantxara dela... hainbeste pilota galduta, gorriek hasieratik bideratu duten partida bereganatzea erdietsi dute azkenerako.
FITXA TEKNIKOA
Iraupena: 66.42 minutu. Pilotakadak: 578. Sakez: 0 Ezkurdiak eta 3 Peñak. Jokoan egindako tantoak: 4 Ezkurdiak eta 2 Rezustak; 5 Peñak eta 3 Albisuk. Galdutako tantoak: 5 Ezkurdiak eta 0 Rezustak; 4 Peñak eta 12 Albisuk. Markagailua: 1-0, 3-0, 3-1, 4-1, 8-1, 8-2, 8-3, 9-3, 9-4, 9-5, 10-5, 10-6, 11-6, 14-6, 14-7, 14-8, 15-8, 15-9, 15-13, 16-13, 16-14, 17-14, 18-14, 18-15, 18-16, 19-16, 22-16. Gorabeherak: Binakako Txapelketako finalerdiertako ligaxkaren aurreneko jardunaldiako partida, Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatua, 622 lagunen aurrean. Parioak gorrien alde, 100 80ri. Aurreneko sakea, gorri.

Franco, «perplejo» en su regreso para celebrar el 75 aniversario de la Txantrea
.jpg)
Fallece una joven de 15 años y otra persona de 21 resulta herida en un accidente en Getaria

Gazte Asanblada de Burlata anuncia un acuerdo con el Ayuntamiento para el nuevo Gaztetxe

Rescatados 13 excursionistas sorprendidos por la marea en el flysch de Zumaia
