NAIZ

Laso eta Iztuetak gori-gorian jarri dute finalerdietako ligaxka

Unai Lasok eta Martxel Iztuetak finalerdietako ligaxkako bigarren partida irabazi dute igande honetan, Peña-Albisu 22-16 mendean hartu ostean. Garaipen honekin, finalerako bidean dena airean dago, lau bikoteek baitaukate beren aukerak.

Laso, gantxo bat egiteko posizioa hartuta.
Laso, gantxo bat egiteko posizioa hartuta. (Gorka RUBIO | FOKU)

Binakako txapelketaren gogortasuna azken jardunaldiraino iritsiko da. Multzoen fase nagusia oso parekatua izan zen, oro har –azken jardunaldian erabaki ziren play-offak–, eta finalerdiek ere tankera berdina hartu dute. Igande honetan, Laso eta Iztuetak lehen puntua batu dute, Peña eta Albisuri 22-16 irabazi ostean.

Lehen partidako galtzaileek neurtu dituzte indarrak Astelena pilotalekuan, tentsio handiko dema eskainita. Bi zati izan ditu partidak eta bukaeran finalerdietara zuzenean jauzi egin zuten Laso eta Iztueta izan dira garaileak. Garaipen honekin, lau bikoteek dauzkate beren aukerak finalerako sailkatzeko –batzuek beste batzuek baino gehiago–. Noski, ondoen kokatuak larunbatean bigarren dema irabazi zuten Ezkurdia eta Rezusta dira baina, hala ere, gaurko irabazleen aurka ziurtatu beharko dute txartela.  

Artola-Mariezkurrena ere puntu bakarrarekin daude eta poltsikoa hutsik, Peña-Albisu. Hauek elkarren aurka jokatuko dute eta baliteke hiruko berdinketa egotea, izan bi puntura edo bakarrera. Modu horretan, kalkulagailua atera beharko da, tantoen aldea erabakigarria izango baita.  
Izan daitezkeen emaitzak askotarikoak dira eta, aukerak guztientzat dauden arrean, ulertzekoa da Peña eta Albisuren goibeltasuna Eibarko partida galdutakoan egin dituzten adierazpenetan. Play-offean beraien bertsiorik onena atera eta finalerdietan lekua egitea lortu ostean, penatuta agertu dira egindako akatsekin. «Gu baino gehiago izan dira, gu baino akats gutxiago egin dutelako», esan du Jon Ander Peñak.

Oldarkor hasi du partida tolosarrak eta Lasorekin izan duen gantxoen dantzan, irabazten atera da Peña, Albisuk ere sendo eutsi dion bitartean. Iztueta zalantzekin aritu da, partidaren tentsioaren eraginez, eta hau atzean sartu eta aurrean ongi errematatuta, urdinek alde polita lortu dute (7-10 eta 9-12).

Gorrien partzialak

Aldageletatik bueltan, gidoia erabat irauli da. Iztueta indartsuago bat ikusi da, Albisu atzean mantentzen, behartzen... Ataungoak defentsa ona erakutsi du lehendabiziko zatian, baina bigarrenean akatsak pilatu ditu –orotara, 7 galdutako–. Partidaren nolakotasuna ongi deskribatzen dute Laso eta Iztuetak, biek, egindako bosna tantoek. Zartako ederrak eman ditu atzelari tolosarrak eta amore eman du Albisuk. Partida iraultzeko 7-1eko partziala lortu dute lehendabizi gorriek eta bigarren zatiko markagailua 13-4 izan da beraien alde. «Orokorrean nahiko partida txarra izan da, denok akats asko, baina gaitz erdi irabazi dugula», adierazi du Iztuetak, kantxan bezain argigarri.

FITXA TEKNIKOA

LASO-IZTUETA 22

PEÑA II-ALBISU 16

Partidaren iraupena: 60:42 minutu. Pilotakada kopurua: 410 pilotakada. Faltak: Lasok 1 eta Peñak 1. Egindakoak: 5 Lasok eta 5 Iztuetak; 6 Peñak eta 1 Albisuk. Galdutakoak: 5 Lasok eta 4 Iztuetak; 5 Peñak eta 7 Albisuk.  Markagailua: 0-1, 1-1, 1-2, 1-3, 2-3, 3-3, 4-3, 4-4, 5-4, 6-4, 6-5, 6-6, 6-7, 6-8, 7-8, 7-9, 7-10, 8-10, 9-10, 9-11-9-12, 10-12, 13-12, 13-13, 14-13, 16-13, 16-14, 17-14, 18-14, 18-15, 19-15, 20-15, 20-16, 21-16, 22-16. Gertaerak: Finalerdietako ligaxkako bigarren partida, Eibarko Astelena pilotalekuan jokatuta. Sakea, urdin.