NAIZ

Helena-Arai, Winter Serieseko lehen finalistak aurrelariaren erremateen distirari esker

Irabazleek bi jokoetan menperatu zituzten astelehen gauean Maite-Maialen (11-15 eta 13-15). Datorren astelehenean jokatuko da bigarren finalerdia, Elaia-Oaia eta Ihart-Frida bikoteen artekoa. Gizonezkoen Banakakoan, Barandikak Erkiaga menperatu zuen desenpatean.

Arai, paretara igota, pilota eraman nahian.
Arai, paretara igota, pilota eraman nahian. (ERAMAN JAI ALAI)

Hasiera ikusgarria izan zuen astelehen gauean Euskotren Winter Seriesak, Emakumeen Jai Alai Leagueko 3. probak, hain zuzen ere. Durangoko Ezkurdi pilotalekua giraino zegoela, Helena Barrenetxea eta Arai Lejardiren garaipena ikusi ahal izan zuten. Lehen finalistak dira, bi jokoetan Maite-Maialen (11-15 eta 13-15) menperatu ostean.

Duela hiru urte eta erdi, Durangoko alkateari gutuna idatzi zion Barrenetxeak. Ezkurdi pilotalekuaren egoera penagarria zen orduan eta Helenak ez zuen zesta-puntan non entrenatu. Orain, 2025eko martxoan, Durangoko pilotaleku berritua jendez lepo dago eta Helena goi-mailako pilotaria da. Pare bat urtetan, hobekuntza itzela izan dute emakume puntista guztiek baina Helenaren hobekuntza, nabarmentzekoa da.

Iaztik hona ere aurrerapausoa eman du durangarrak. Astelehen gauean partida ona jokatzeaz gain, erremate onak egin zituen. Saihetseko posturan, oso ondo botatzen du bai barrura eta baita horma bietara ere.

2-0 hasi ziren aurretik Maite eta Maialen, baina hiruna berdindu ostean, lau tantoko abantaila lortu zuten horiek (4-8). Bederatzigarrena dejadaz egin zuen Helenak, sei tanto aurretik ere jarri ziren horiak (5-11) eta 11-15 bukatu zen lehen jokoa.

Bigarrenean ere, marroiak hasi ziren aurretik (3-1), hiruna, seina, zazpina eta zortzina berdindu zuten eta tanto ederrak egin zituen Maite Ortiz de Mendibil arabarrak. Eskuina bikain maneiatzen du eta pilota bikain jarri zuen bai txik-txakean eta baita horma bietan ere.

Atzean berriz, segurtasun handiz jokatu zuten Arai Lejardik eta Maialen Aldazabalek. Araik berak egin zuen horien hamaikagarrena, 9-13 ere izan ziren aurretik baina berriz agertu zen Maite, txik-txakean tanto egiteko.

Datorren astelehenean jokatuko da bigarren finalerdia, Elaia-Oaia eta Ihart-Frida bikoteen artekoa.

Barandika, Banakakoan

Aritz Erkiaga da Durangoko eskolako monitorea eta igartzen da Ispasterkoaren eragina. Hala ere, honek porrota jaso zuen astelehen gauean Durangon, gizonezkoen Banakakoan Barandikaren aurka (10-12, 12-11 eta 3-5).

Erkiaga beti da faborito baina atzokoan gehiago izan zen Barandika gernikarra. Partida ona jokatu zuen Xabik, sakean ondo, eskuinez indartsu eta errebotean, hormabikoz tanto batzuk eginez. Buruz buruko partidetan atzean dago gakoa. Errebesez luzeegi botaz gero, pilota asko ateratzen da errebotean eta hori aurkariarentzat abantaila itzela da. Are gehiago, Erkiaga bezalako pilotari batentzat. Lehen setean, ondo asmatu zuen Barandikak, ez zituen errebotean pilota asko utzi eta lau tantoko aldea ere izan zuen (3-7). Erkiaga berpiztu egin zen, 7-7 berdindu eta 8-7 aurretik jartzeko. Zortzinakoaren ondoren, Barandikak sake-tantoa egin zuen eta 8-10 jarri zen aurretik. Erkiagak berriz berdindu zuen (10-10), baina Barandikak seta ondo ixtea lortu zuen (10-12).

Bigarren jokoan Erkiaga izan zen nagusi. Ispasterkoak sake zailak sartu zituen atzeko hormaren kontra jauzi eginez eta ondoren piloteoan abiadura handia eman zion pilotari, batez ere, Barandikak atzean ondo asmatu ez zuenean. 6-2 jarri zen Aritz aurretik baina Barandikak 6-6 berdintzea lortu zuen. Aritz beti izan zen tanto bat edo bi aurretik (8-7, 9-7, 9-8, 10-8, 10-9), baina Barandikaren dejada batek hamarnakoa jarri zuen markagailuan. Hamaikana ere egin zuten, baina azken tantoa Erkiagarentzat izan zen (12-11) eta desenpatera joan behar izan ziren.

Azken jokoan, 0-2 jarri zen gernikarra aurretik, Erkiagak buelta eman zion (3-2) baina errebotean hormabikoa bota ondoren (3-3), Barandika aurretik jarri zen txik-txak bati esker (3-4). Azken tantoa sakez izan zen. Errebotera bikain atera eta horrela lortu zuen garaipena gernikarrak (3-5).

Datorren astean Olharanek eta Johanek jokatuko dute bigarren finalerdia. Azken hau, Johan Sorozabal da, Banakako Serieseko egungo txapelduna.