Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Bost euskal lasterkari Top 10ean sailkatu dira SWS nazioarteko zirkuituan

La Palman jokatutako Los Acantilados del Norte lasterketan Oihana Kortazar, Lide Urrestarazu, Naiara Irigoyen, Aitor Ajuria eta Aitor Blanco protagonistak izan dira. Bitartean, Ainara Alcuazek eta Xabier Maciasek irabazi dute Nafarroako Txapelketa.

Urrestarazu, Kortazar eta Irigoyen lehen bosten artean sailkatu ziren.
Urrestarazu, Kortazar eta Irigoyen lehen bosten artean sailkatu ziren. (ACANTILADOS DEL NORTE)

Mendi lasterketen edo trail running-aren lehien denboraldia pixkaka forma hartzen ari da. Joan den asteburuan, besteak beste, bi hitzordu ofizial jokatu ziren. Lehena, International Skyrunning Federation (ISF) erakundeak antolatutako Acantilados del Norte. Eta bigarrena: Nafarroako Txapelketa.

Nazioarteko izaera duen proba horri dagokionez, esan behar dugu Skyrunner World Series-eko lehena izan zela. Hots, erregulartasunaren zirkuituaren lehen etapa. Urtero bezala, hainbat euskal ordezkarik parte hartu zuten, eta, oro har, aurrera dezakegu saio bikainak egin zituztela. Eta hori diogu, mutilen zein nesken kategorietan, bost korrikalari lehen hamarren artean sailkatu zirelako: Oihana Kortazar, Lide Urrestarazu, Naiara Irigoyen, Aitor Ajuria eta Aitor Blanco.

La Palmako Acantilados del Norte lasterketak 29 kilometro eta 2.000 metroko desnibel positibo ditu. Ibilbide malkartsu zein ederra. Bada, erregulartasunaren zirkuituaren lehen hitzordua izateko lasai asko baiezta daiteke lasterkariak oso-oso sasoiko heldu zirela. Irabazleek errekorrak gainditzeaz gain, beste zortzi korrikalari aurreko denbora onenen behetik egon ziren.

Emakumezko kategoriari dagokionez, Denisa Dragomir oso indartsu irten zen, eta lehen 20 kilometroetan lasterketaren buru joan zen. Baina Marta Martinez atzetik zuen, eta azken kilometroetan espainiarra aurreratu eta garaipenarekin egin zen 3:02:06 denborarekin. Errumaniarra bost minutura helmugaratu zen. Hirugarren postua Kortazarrentzat (3:07:57) izan zen. Elgetarra ez zen fin hasi, baina lasterketaren erdian sentsazio eta erritmo ona berreskuratu eta podiumaren hirugarren kutxara igo zen. Urrestarazu laugarren postuan sailkatu zen (3:08:15) eta Irigoyen bosgarrenean (3:08:27).

Mutilen kategorian, lehen hamar kilometroak oso biziak izan ziren; lehen bost sailkatuen artean soilik bi minutuko aldeak zeuden. Iazko irabazle Roberto Delorenzi buru zegoen, baina 18. kilometroan Luca del Pero italiarrak aurreratu eta La Palmako proba irabazi zuen 2:30:08 denborarekin. Suitzarra bigarrena izan zen italiarrarengandik bederatzi segundora, eta Lorenzo Beltrami italiarra hirugarrena bi minutura. Lehen euskal lasterkaria, Ajuria, zortzigarren postuarekin egin zen, eta Blanco hamargarrenarekin.

Alcuaz eta Macias

Bestalde, Jurramendi 360 lasterketak Nafarroako Txapelketa jaso zuen. 27 kilometroko eta 1.600 metroko goranzko desnibela zituen ibilbidean lehia estuak ikusi ziren. Xabier Maciasek erakutsi zuen mutilen mailan lasterkari sasoikoena izan zela. Erritmo oso azkarrean irten zen, eta, ondoren, ondo kudeatu zituen ateratako aldeak. Iruindarra lehena izan zen helmuga puntuan 2:32:15 kronoarekin.

Jesus Mari Alegria bigarren nafar azkarrena izan zen; lasterketan hirugarren postuan sailkatu zen Alvaro Osanz aragoiarraren atzetik. Eta nafar podiumaren hirugarren postua Jokin Arretxeak sinatu zuen.

Emakumezkoen kategorian, antzeko egoera bizi izan zen. Ainara Alcuaz goitik behera kontrolatu zuen Jurramendi 360 lasterketa, eta txapela jantzi ere 3:07:54 denborarekin. Izaskun Olleta bigarren postuarekin egin zen, eta Itziar Oteiza hirugarrenarekin.

Azkenik, gazteen mailan, Aitor Berianek Nafarroako titulua eskuratu zuen. Eta beteranoetan: Sergio Aramendiak eta Blanca Saez-Morgak.