NAIZ

Harrera-familiak behar dira Gipuzkoan 75 haur eta nerabe hartzeko, zazpi premia handiz

Haur edo nerabe bakar batek ere ez duela bakarrik hazi behar azpimarratzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak abiatu duen kanpainak. 682 55 44 33 zenbakia nabarmendu du, familia mota desberdinak irudikatuz eta herritarrei harrera-familia izanez «mesede handia» egin dezaketela gogoraraziz.

Gipuzkoako Foru Aldundiak harrera-familia berriak animatzeko kanpaina aurkeztu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak harrera-familia berriak animatzeko kanpaina aurkeztu du. (GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA)

Gipuzkoako Foru Aldundiak 848 adingabe ditu tutoretzapean, eta horietatik 303 lurraldeko harrera-familietan daude dagoeneko. Orain, sentsibilizazio-kanpaina berri bat abiatu du, familiak harrera-familia izatera animatzeko.

Eider Mendoza diputatu nagusiak, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, eta Ana, Eneritz, Ainara eta Nekanek, harrera familien ordezkari gisa, ikusgarri egin nahi izan dituzte harrera eskaintzearen garrantzia eta beharrean dauden haur eta nerabeak etxean hartzeko prest dauden familien beharra.

Gaur egun, Gipuzkoan, 75 adingabek behar dute harrera-familia bat; horietako zazpik premia berezia dute, gainera.

Mendozak nabarmendu duenez, harrera-familiek Gipuzkoaren «baliorik onenak gorpuzten dituzte», norbaiti etxeko atea irekitzeak «esanahi sakona» baitu gure kulturan. Honakoa gaineratu du: «Adingabeen ongizatea bermatzea etorkizunera begira komunitate gisa egin dezakegun gauzarik garrantzitsuenetariko bat da».

«Esker ona eta errekonozimendua» adierazi dizkie harrera-familia bihurtzeko pausoa eman dutenei. Era berean, «kuriositatea eta gizarteari ekarpena egiteko gogoa» duten familiak animatu ditu pausoa ematera.

Estereotipoak hautsiz

Aurkeztu berri den kanpaina honek harrera-familiei buruzko estereotipoak hausten ditu, eta mezu argi bat zabaltzen du, Peñak adierazi duenez: «Edozein familia izan daiteke harrera-familia, edozein dela ere haien tamaina edo egitura. Ez dio axola bakarri bizi ote zaren ala zure etxean bi, hiru, lau edo bost ote zareten. Garrantzitsuena da haur bakar batek ere bakarrik hazi behar ez izatea».

Gipuzkoako familia-harrerako programak 36 urte beteko ditu aurten, eta babesaren eredu da. Peña: «Familia askok eman diote etxe bat hainbat arrazoirengatik beren familia biologikoekin bizi ezin duten adingabeei; ingurune afektibo eta seguru batean hazteko aukera eskaini diete, haien jatorrizko familiekiko loturari eustearekin batera».

Deitu aurretik erantzuten duen telefono bat

Harrera-familia izan nahi dutenei lehen kontaktua errazteko, telefono zenbaki sinboliko bat diseinatu dute, askotariko familiei beren familia-ereduaz edo kide kopuruaz galdetutakoan erantzun zuten horretan oinarrituta: «682  554  433 zenbakia da. Zenbaki honen bidez helarazi nahi dugu familia guztiek egin dezaketela harrera, adingabeen ongizatea bermatzea dela funtsezkoa», adierazi du Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak.

Programari buruz gehiago jakin nahi dutenak zenbaki horren bidez jar daitezke harremanetan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Webgunea ere bisita dezakete.

Modalitateak

Maite Peñak gogorarazi du borondatezko familia-harrerak aldi baterako familia bat edo familia iraunkor bat eskaintzen diela arrisku-egoera edo babesgabetasun-egoera dela-eta jatorrizko familiarekin bizi ezin duten haur eta nerabeei. «Helburua da adingabe horiei egonkortasuna eta ongizatea ematea afektua ematen dien eta beren premiak asetzen dituen familia zabalean edo beste familia batzuetan», azaldu du. 

Harrera-familia izateak esan nahi du, modu altruistan, adingabea etxeko beste kide bat bezala integratzea, haren garapen emozionala, fisikoa eta soziala bermatuz administrazioarekin lankidetzan. «Ez da adopzioa, ez eta haren aurreko urratsa ere, baizik eta konpromisoan, adingabearen historiarekiko errespetuan eta, onuragarria denean, familia biologikoarekiko harremanari eusteko aukeran oinarritutako babes-neurri bat», argitu du. 

Hiru harrera-mota daude: larrialdikoa, gehienez ere sei hilabetekoa, berehalako ebaluazio-egoeretarako; aldi baterakoa, bi urtera artekoa, jatorrizko familiak errekuperatzeko aukera duen kasuetarako; eta iraunkorra, epe laburrean itzultzeko aurreikuspenik ez dagoenerako.

Adin-nagusitasunera iristean, bizikidetzak aurrera jarrai dezake bi alderdiek hala nahi badute, helduarorako trantsizioan lagunduz.  

Edozein pertsonak edo familiak eska dezake harrera-familia izatea, egonkortasunaren, osasunaren, aldeko ingurunearen, enpatiaren eta konpromisoaren baldintzak betetzen baditu. Neurri hori funtsezkoa da haur kalteberei babes-ingurune bat, afektua eta etorkizunerako aukerak eskaintzeko.