Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

‘Oroi garen oro’, Beatriz Chivitek «bizi funtsa» biltzen duten oroitzapenak poesia bihurtu ditu

Lagun, ezagun zein ezezagunei bizitzako zein unerekin geratuko liratekeen galdetu die azken 12 urteetan Beatriz Chivitek. Jasotako oroitzapenetatik abiatuta saiakera poetiko bat idatzi du eta Pamiela argitaletxearekin kaleratu du.

Beatriz Chivite, ‘Oroi garen oro’ liburua aurkeztu berritan.
Beatriz Chivite, ‘Oroi garen oro’ liburua aurkeztu berritan. (Maialen Andres | FOKU)

Unibertsitatean zegoela, asteburutan haurrak zaintzen zituen Beatriz Chivitek (Iruñea, 1991), eta haur horietako batek galdera bat egin zion lokartu aurretik: «Bizitza bihar bukatuko balitz, zein da barnean geratuko litzaizukeen unea?». Idazlea ez da oroitzen zer erantzun zion, baina urteetan egin dio galderak barnean oihartzun eta bertatik jaio da ‘Oroi garen oro’ saiakera poetikoa.

Astelehen goiz honetan aurkeztu du Chivitek bere poesia liburu berria, Donostian, Pamielako Lander Majueloren laguntzaz. Editoreak aitortu du zalantzak izan zituztela liburuaren sailkapenarekin, eta azkenerako poesiaren apalategian kokatu dutela.

«Gizateriaren irudi poetikoa» egiten du Majueloren ustez, eta munduan zehar topatu dituen lagun eta ezezagunei aipaturiko galdera pausatuta osatu du liburua. «Esperantza antzeko zerbait eragin dit, batasun bat galdera xumeei erantzuterakoan», kontatu du editoreak.

Chivitek adierazi du «oso azkar» idatzi ohi duela, baina liburu honen kasua bestelakoa izan dela, zein unerekin geratuko litzatekeen galderari tiraka, 12 urtean zehar 300 bat oroitzapen jaso ditu idazleak, eta bilketa lan hori egitearekin batera, oroitzapen horiei eman nahi zien formari «buelta asko» eman dizkiela azaldu du.

Transkribatu egin zituen lehendabizi, ondoren oroitzapen horietatik istorio laburrak idatzi, baina horrekin ere ez zegoen guztiz konforme eta poesia bihurtu zituen. Duela bi urte «prosa-poetikoaren forma» eman ziola azaldu du, eta momentu horretan hasi zela eman nahi zion forma ikusten: testuinguru motz bat gehitu zien poesiei, «kursiban daude liburuan testuinguratze horiek, eta horiek dira nik pertsona horiekin dudan oroitzapen zehatza», gaineratu du.

300 oroitzapen jaso, 70 plazaratu

Izan ere, 70 oroitzapen bildu ditu liburuan, oroitzapen bakoitza zenbakituta dago eta izenburua ageri da lehendabizi, ondoren, oroitzapen hori izan duenaren inizialak eta lekua, gero, kurtsiban, idazleak pertsona horrekin duen oroitzapenaren testuinguratzea, eta azkenik dator idazleak poesia bihurtutako oroitzapenaren idazkia. «Bizi funtsa biltzen duen bilduma» da Chiviterentzat aurkeztu berri duen liburua.

Askotariko gaiak jasotzen direla esan du eta «egunerokotasunarekin» lotuta daudela gehienak. Bestalde, haur baten jaiotza, «ni sentitzearen momentua, zure burua aurkitzearena» edota naturarekin lotura zuzena dutenak direla errepikatzen diren gehienak. Oroitzapen guztiak ez direla alaiak adierazi du, baina «batzen gaituena» topatu daitekeela.

Oroitzapenetako asko audio bidez jaso ditu, eta kontatu du audio horiekin zerbait egitea asko gustatuko litzaiokeela, nahiz eta hori beste proiektu bat litzatekeela uste duen. Izan ere, 300 oroitzapen ditu pilatuta, 52 herrialdetakoak eta hizkuntza ezberdinetan; horien guztien audiozko plazaratzea darabil buruan.