NAIZ

‘Alde Zaharrean’, Donostiako auzo honi eta «bere bihotz taupadari» egindako omenaldia

Zaharrean Merkatarien Elkarteak aurkeztu du ‘Alde Zaharrean’ abestia, bideokliparekin lagunduta, zenbait lagun ezagun tarteko. Azaldu duenez, «proiektu hau gure auzoari eta bere bihotz taupadari egindako omenaldi bat da».

‘Alde Zaharrean’, honela du izena Donostiako Zaharrean Elkarteak egindako abestiak. Azaldu dutenez, «ospakizun abesti gisa nahi dugu. Guk ilusio handiz landu dugu baino auzo guztiak edozein ekitaldi duenean ilusio berarekin erabiltzea nahiko genuke. Auzotik auzoarentzat egindakoa da».

Eta, ohar batean nabarmendu duenez, abestiaren bideoklipa «amets bat izan zen hasieran, baina jende askoren ilusioari, talentuari eta lanari esker, errealitate bihurtu da. Proiektu hau gure auzoari eta bere bihotz taupadari egindako omenaldi bat da, eta zuek gabe ez litzateke berdina izango».

«Horregatik, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Xabier Zabala eta Andoni Egañari», adierazi du, Zabala «proiektu honen bihotza» izan dela azpimarratuz: «Zure musika gure auzoaren doinu bihurtu da, emozioa eta identitatea eman dizkio abestiari, gure iraganaren eta orainaren arteko lotura bihurtuz».

Eskertu du ere Aitziber Garmendia eta Ramon Agirreren «konplizitatea eta auzo honengan duten maitasuna». «Aitziber, zure energiak eta irribarreak argitu egin dituzte gure kaleak, eta zure parte-hartzeak benetakotasuna eta bizipoza eman dio bideoklipari. Ramon, zure presentziak, zure hitz pausatuek eta zure begiradak sakontasuna gehitu diote istorio honi, zure konplizitateak eta zure maitasunak, auzo honek duen esentzia handitu egin dute», gaineratu du elkarteak.

Halaber, goraipatu du Dave Gorospe, Ruben Caballero, Ritxi Salaberria, Joseba Tapia eta Piter Ansorenak egindako lana: «Zuen doinuek eta erritmoek Alde Zaharreko arima jaso dute, auzo honen nortasuna osatzen duen soinu-tapiz eder bat ehunduz». «Eta, noski, mila esker Klara Mendizabal, Orixe Ikastolako koroko haurrei eta gizonezkoen koroari! Zuen ahotsek argia eta freskotasuna eman diote bideoklipari», azaldu du.