Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Andoaingo Udalak hiru proposamen aztertu ditu A-15 eta N-Ieko errepideko lotunerako

Eztabaida luzea eta katramilatsua da Andoain parean A-15 eta N-I errepidearen lotuneak sortutakoa. Andoaingo Udalak hiru alternatiba mahaigaineratu ditu eta azterketa konparatiboa egin du Sestra enpresak. Hurrengo udazkenean Udalak «iritzi bilketa masiboa» egingo duela aurreratu zuen.

Andoainen aspaldidanik dago N-I eta A-15 errepideen lotunearen artean gatazka.
Andoainen aspaldidanik dago N-I eta A-15 errepideen lotunearen artean gatazka. (Andoni Canellada | FOKU)

Astearte iluntzerako herri batzarra deitu zuen Andoaingo Udalak, ‘Bazkardon A-15 eta N-I errepideen arteko lotunea eta N-Iek Andoainen dituen eraginak hobetzeko aukeren azterketa konparatiboa’ plazaratzea zuen helburu. Ikusmin handia zegoen, Bastero Kulturguneko ekitaldi aretoa bete zen iluntzeko zazpietarako, eta erakusketa gela ere ireki zuten.

A-15 eta N-I Bazkardoko lotunearen gaineko azterketa konparatiboa egiteko Andoaingo Udalak Sestra ingenieritza eta arkitektura enpresa kontratatu zuen. Andoni Alvarez alkateak azterketa konparatiboaren aurkezpena hasi aurretik jakinarazi zuen azterketa konparatiboa herritarrak informatzeko egina dela, mahaigainean egon daitezkeen alternatibak konparatuz, hurrengo hilabeteetan gai eta aditu ezberdinekin solasaldiak antolatuko dituztela eta udazkenean «iritzi bilketa masiboa» egingo dutela. Zehaztu zuen Gipuzkoako Aldundiak pasa den astean aurkezturiko proposamenaren inguruan ez zekitela ezer, eta ondorioz ez dagoela zuzenean azterketa konparatiboan sartuta; nahiz eta bigarren alternatibaren antzekoa den.

Alkateak azaldu zuen Bazkardoko lotunearen inguruan andoaindarrek «lidergoa» hartu behar dutela, eta Udalaren zein Gipuzkoako Aldundiaren arteko «marko konpetentzialetatik harago esku hartu» behar dutela uste du. Aipaturiko azterketaren bidez «irtenbide tekniko bat» proposatu eta herritarrei hitza ematea da Udalaren asmoa.

Aspalditik datorren gatazka da errepideko lotunearena Andoainen. Sestra enpresaren helburua «alternatiba guztiak kontuan hartzen dituen azterketa» bat egitea izan dela adierazi zuen Alvaro Zumelaga enpresako ingeniariak.

2011z geroztik mahai gainean egon diren alternatiben «bertsio onenak» diseinatu eta beraien artean konparatu ditu azterketak. Hiru alternatibak azaldu ondoren irizpide anitzeko analisia egin du enpresak, ezaugarri teknikoak, udalerriari eragiten dizkiotenak, ingurumen-eraginak eta aurrekontuarenak kontutan hartuta.

Hiru alternatiba parez pare

Lehenengo alternatiba edo ‘Sahiesbidea’ deiturikoak 2011n idatzitako proiektua du oinarrian, Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoan egun ezarritako legea betetzeko bi aldaketa egin zaizkio proposamenari: proiektuan uholde arriskua duen zubi bat sartzea eta lehentasunezko fluxu-eremuan betelanak egitea.

Eta ondorioz, saihesbidea deituriko aukeran azaldu zuen Tolosarako norantzan tunel bat sortuko litzatekeela Lasarte parean, eta Bazkardon konexio berri bat egin, Oriako konexioaren bidez; horrela, ibilbidea honakoa geratuko litzateke: Bazkardoko biribilgunea - Buruntzako lotunea - 6. adarra - Tolosako norabideko enborra.

Andoaingo errepidea, 1.alternatiba
Andoaingo errepidea, 1.alternatiba


Bigarren alternatibari ‘Bizikidetza’ aukera gisa izendatu dute, 2021ean Aldundiak C-II deiturikoa du oinarri alternatiba honek, eta gaur egun Aldundiak aurkeztu duenarekin «antzekotasun handienak» dituena dela azaldu zuen ingenieriak. 2021eko proposamenari zenbait aldaketa gehitu zizkioten.

Aitortu zuen alternatiba honek ez duela lortzen «azpiegitura erdigunetik urruntzea», baina herritar gehien biltzen diren eremutik pixka bat urruntzen duela, Urnieta-Tolosako lazoa iparralderantza okertuz hegoalderantza beharrean, eta horrela Mimendi-Bazkaro ingurunetik aldenduko litzatekela.

Andoaingo errepidea, 2.alternatiba
Andoaingo errepidea, 2.alternatiba


Bi alternatibak aztertzen ari zirela, hirugarren batekin egin zuten topo Sestra enpresako adituek, eta ‘konponbide mixtoa’ proposatu dute: «Horrela, 1. eta 2. Alternatiba bakoitzaren zati bat bateratuko duen hirugarren alternatiba eratu da. Alternatiba hau eremuaren hegoaldeko sektorean (Sorabilla - Allurraldeko hegala - Oria ibaiaren bidegurutzea). Zumelagak azaldu zuenez, ‘Bizikidetza’ alternatibaren lazoaren zatia hartzen du batetik, eta bestetik, hegoaldean, ikastolaren hegoaldean, tunela egingo litzateke».

Andoaingo errepidea, 3.alternatiba
Andoaingo errepidea, 3.alternatiba


Lau multzokatzeen ondorioak

Irizpide anitzeko analisia egin du Sestra enpresak, lau multzo handitan banatu dute azterketa: irizpide teknikoak, udalerriari eraginak, ingurumen eraginak, eta aurrokontuan. Puntuazioak eman zizkioten alternatiba bakoitzari aipaturiko multzo bakoitzean (eta multzo bakoitzaren azpi ezaugarriak ere puntuatu dira).

Lehengo atalak, «irizpide teknikoak» deiturikoak, errepidearen ezaugarriak lantzen ditu. Kasu honetan, lehenengo alternatiba litzateke egokiena, 6,4ko mediarekin, bigarren alternatibak 5eko puntuazioa du eta hirugarrenak 5,1ekoa.

Udalerriaren eraginei dagokionez, alde handiarekin lehenengo alternatiba litzateke onena 9,4ko puntuazioarekin (multzo honetan planeamenduaren eraginak, zeharkako iragazkortasuna, afekzioak eta desjabetzeak, ikusmenera eragindakoak eta genero ikuspuntua barnebiltzen dira). Bigarren alternatibak 4,4ko puntuazioa du eta hirgarrenak 3,4koa.

Ingurumen-eragina multzoan, hirugarren alternatiba da egokiena, 7,1eko puntuazioarekin. Lur soberakinak, landaretzari eragindakoak, faunari eragindakoak, ubideen geomorfologiari eragindakoak, uraren kalitateari eta kontabilitate ekologikoari dagokiona, lurren okupazioari, ondare kulturalari, zaratari eta aireari eragindakoak jasotzen ditu. Lehenengo alternatibak, 2,9ko puntuazioa du eta bigarrenak 6,4ko puntuazioa du.

Zumelagak azaldu zuen lehenengo alternatibari puntuazioa jaisten zaiola azpiegitura berriak sortu beharko liratekelako, eta mendiaren zati bat suntsitu. Bestalde, herrigunetik gehien urruntzen den alternatiba izaki, ibilgailuen eragindako zarata eta aire kutsadura urrunago egongo litzake.

Diru kostuei erreparatuz gero, garestiena lehenengo alternatiba aterako litzateke, eta merkenaa bigarrena, hirugarrengoa, aldiz, erdibidean dago.

Ponderazioen balorazioak

Azterketa konparatiboa egiteko, balorazio global bat egin zuten alternatiba bakoitzarekin, adierazi zuten lau multzoei garrantzi bera eman diotela, guztiei %25 eman diote. Ponderazioak horrela eginez gero, bigarren alternatibak izango luke puntuaziorik altuena, 5,8koa, ondoren, 5,6 punturekin bigarren alternatiba legoke, eta baxuena hirugarren alternatiba, mixtoa,  5,2ko puntuazioarekin.

Hala ere, azpimultzo bakoitzari emandako garrantziarekin 85 konbinazio ezberdin egin dituzte, eta 85 konbinazio horietatik 28etan izan da «onena» lehenengo alternatiba. EBigarren alternatiba, aldiz, 57 kasutan. Hirugarren alternatiba ez da onena irten ezta konbinazio batean ere.

Herritarrak arduratuta

Galdera-erantzunetako tartean, herritarrek hartu zuten hitza, eta bereziki nabarmendu zuten baloratu beharreko azpimultzo bakoitzari zenbateko garrantzia eman behar zaion zehaztu behar dela. Izan ere, herritarren ustez, udalerriarekiko eraginak eta ingurumenak garrantzia berezia hartu behar dute.

Bestalde, hitza hartu zuten gehienak oso kritiko agertu ziren puntuazio orokor onena bigarren alternatibak izatearekin, izan ere kostu ekonomikoan merkeena dela eta puntu asko jasotzen dituela kexatu ziren. Hala ere, lehenengo alternatiba deiturikoa berriz mahai gainean egoteaz poztu ziren zenbait parte hartzaile, izan ere, udalerriarentzat eta ingurumenarentzat egokiena horixe litzatekela defendatu zuten.

Hitzartzeak hitzarte, kritiko azaldu ziren herritar guztiak, gaia lantzen jarraitzeko beharrezkotasuna azpimarratu zuten, eta azken hitza Gipuzkoako Aldundiak izango badu ere, herritarren hitza errespetatzeko galdegin zuten. Amaitzeko, Alvarez alkateak, gogoratu zuen gaia lantzeko mahai bat osatuta dagoela alderdi politiko guztiekin, herri plataformako kideekin eta Sorabillako auzo elkartearekin. Bertan proposatuko dira gaian sakontzeko elementu gehiago, eta hainbat formakuntza eta eztabaida foro antolatuko ditu Udalak; urrian, berriz, «iritzi bilketa masiboa» egiteko asmoa aurreratu zuen.