NAIZ

Durangoko bonbardaketaren 88. urteurrenean biktimei omenaldia egin diete

1937ko martxoaren 31ean bonbardatu zuten tropa frankistek Durango eta 88. urteurrena den honetan erasoak eragin zituen 231 hildakoak zein gainontzeko biktimak omendu dituzte. Aurten bizirik ateratzea lortu zuten durangarrak izan dira oroimen ekitaldien protagonista.

Lore eskaintza egin diete bonbardaketaren biktimei.
Lore eskaintza egin diete bonbardaketaren biktimei. (Oskar MATXIN | FOKU)

88 urte bete dira tropa frankistek Durango eta Elorrio bonbardatu zituztenetik eta Durangoko Udalak oroimenezko ekitaldia egin du. Ohitura bilakatu den legez, omenaldia egin diete Durangoko 231 hildakoei zein gainontzeko biktima guztiei.

Urtero bezala, lore-eskaintza egin dute Durangoko hilerrian, biktimen oroimenez, eta, ondoren, oroitzapenezko pebeteroa piztu dute Santa Mariako elizpean. Ezkurdi plazan egin duten ekitaldian, Mireia Elkoroiribe alkateak memoria bizirik mantentzearen garrantzia azpimarratu du: «88 urte igaro badira ere, martxoaren 31k presente jarraitzen du durangar guztien memorian». Izan ere, adierazi du oroitzea ezinbestekoa dela horrelakorik berriz gertatu ez dadin.

Aurtengo omenaldian bonbardaketak bizi izan zituzten pertsonengan jarri dute arreta, ez bakarrik Durangokoa, baita inguruko herrietakoak ere. Bertan izan dira, hain zuzen ere, bizirik irten zirenetako batzuk: Mikel Aretxaga, Lidia Igor, Edita Gómez, Maite Andueza eta Emilio Aperribay.

«Zuek izan zarete gertatutakoaren memoria ondoen mantendu duzuenak, denborak aurrera egin arren», zuzendu zaie Elkorobide, eta «miresmen osoa» agertu die. Izan ere, alkateak adierazi du Durangon bonbardaketaren beraren indarkeria ez ezik, «ahanzturaren mina» ere pairatu izan dutela eta berretsi nahi izan du oroimena dela «bakerako bide bakarra.

Aurten ere, goizeko 8.30ean lehenengo aire-erasoaren alarma soinua entzun da Durangon eta arratsaldeko 17.45ean bigarrenarena. Halaber, 19.30ean Andra Mari elizpean emanaldi batekin omenduko dituzte biktimak, Gerediaga Elkartearen eta Kriskitin Dantza Taldearen eskutik.