NAIZ

Joseba Ezkurdiaren aita zendu da, pilotariak Binakako txapela eskuratu eta ordu gutxira

Arbizuko aurrelariak duela egun batzuetatik ingresatuta zegoen Mattin aitari txapela eskaintzeko tartea izan zuen igandean, finalaren ostean, baina astelehen honetan buelta eman behar izan du Donostiara zetorrela, Buruz Buruko aurkezpenera, aitaren osasunak okerrerantz egiterakoan.

Joseba Ezkurdia, igandeko Binakako finalean.
Joseba Ezkurdia, igandeko Binakako finalean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Mattin Ezkurdia, Joseba Ezkurdia Arbizuko pilotariaren aita, astelehen honetan zendu da, bere semeak Binakako txapela lortu eta oraindik 24 ordu pasa ez direnean. Indarra eta kemena izan dira aitak semeari utzitako azken ondarea; izan ere, igandean Binakako txapela eskuratu zuen pilotan bi urte konplikatu samar igaro ostean.

Duela egun batzuetatik zegoen ingresatuta Ezkurdia aita eta igandean, ospakizunetara abiatu aurretik, aurrelariak aitari bisita egin zion bere hirugarren txapela eskuratu ostean garaikurra eskaintzeko.

Astelehen honetan, ordea, Joseba Ezkurdiak buelta eman behar izan du Donostiara zetorrela, Buruz Buruko aurkezpenera, aitaren osasunak okerrerantz egiterakoan.

Joseba Ezkurdiaren aitaren egoera ezagutzen ez zutenentzat, albisteak ezustekoan harrapatuko zituen ziur aski. Hala ere, Aspeko pilotaria bera asko hunkitu zen igandean, txapela eskuan, ama eta aitari eskaintzerakoan. «Txapel hau beraientzat da, beraiek baitira txapeldunak», azpimarratu zuen malko artean.

Rezusta, Bergaran, Binakako txapela irabazi eta biharamunean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Rezusta, pozik txapelarekin

Gertaeren zurrunbilo horretan, Beñat Rezustak ere inoiz baino biharamun gogorragoa izan du gaurkoan. Arbizuko ospakizunetatik Bergarako, bere herriko, pilotalekura abiatu da arratsaldean bertan txapela hedabideei eta pilotazale gazteenei erakusteko.

«Lehenengo txapela berezia da eta hirugarrena lortzeko esfortzu handia behar izan dut», aitortu du Aspeko atzelariak hebabideen aurrean.

Halaber, aitortu du «Tolosarekin batera Binakako titulu gehien duen gipuzkoarra izatea datu polita dela; baina oraindik ez dudana Buruz Burukoa da».