NAIZ

Trans Pertsonen Lehen Mailako Arretako Zerbitzuak jarriko ditu abian Osakidetzak aurten

Osakidetzak aurten jarriko ditu abian Trans Pertsonen Lehen Mailako Arretako Zerbitzuak (tLMAZ), osasun zentroetan, pertsona horiei «ospitalez kanpoko ingurune atsegin batean» harrera egiteko eta trantsizio medikoko prozesuan dauden bitartean laguntza emateko.

LGTBI Harrotasunaren Eguneko mobilizazio bat, artxiboko irudian.
LGTBI Harrotasunaren Eguneko mobilizazio bat, artxiboko irudian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Osakidetzak iragarri du aurten jarriko dituela abian Trans Pertsonen Lehen Mailako Arretako Zerbitzuak (tLMAZ), pertsona horiei «ospitalez kanpoko ingurune atsegin batean» harrera egiteko eta trantsizio medikoko prozesuan dauden bitartean laguntza emateko.

Osakidetzak badu 2009tik Genero Identitatearen Unitate bat (GIU) Gurutzetako Ospitalean. Sortu zenetik 1.308 pertsona artatu ditu.

Arreta sanitarioa eskatzen duten trans pertsonen kopuruak gora egin du azken urteotan, eta igoera hori bereziki esanguratsua da adingabeen artean. Abian jarri zen lehen urteetan, artatutako pertsonen batez besteko adina 27 urtetik gorakoa zen, eta, azken urteetan, 18 urtetik beherakoa izan da. Zehazki, azken urtean 140 eskaera berri erregistratu dira eta horietatik 70 adingabeei dagozkie. Asistentzia eskatzen dutenen adinaren beheranzko joera hori nazioartean ere identifikatu da.

Trans Ikusgarritasunaren Egunaren harira zabaldu duen oharrean jakitera eman duenez, trans pertsonak artatzeko zerbitzuak Lehen Mailako Arretako zerbitzuekin indartuko dira. Osasun zentroetan egongo dira, herrialde bakoitzean bana: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Osakidetzak nabarmendu duenez, Lehen Mailako Arretako (LMA) taldeek «posizio estrategikoa» dute osasun premiak goiz detektatzeko, sexu eta genero aniztasunarekin lotutakoak barne. Gainera, «funtsezkoa da LMAko taldeek trans pertsonei harrera egitea eta prozesu osoan zehar laguntzea».

tLMAZ horiek genero aniztasunaren arloko prestakuntza duten psikologoek osatuko dituzte batik bat. Askotariko eginkizunak izango dituzte, hala nola erabiltzaileei eta haien senideei laguntza psiko-emozionala ematea eta Lehen Mailako Arreta Taldeetako eta GIUko profesionalekin koordinatuta lan egitea.

Neurri horiek abian jarri aurretik, trans pertsonei arreta emateko gida sanitario bat argitaratuko da, ebidentzia zientifikoan oinarrituta eta Gasteizko Parlamentuaren 4/2024 Legearen edukiarekin bat datorrena, pertsona transak genero identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa.

Gida horren helburua da trans pertsonei zuzendutako protokolo asistentziala eguneratzea, Lehen Mailako Arretako Taldeen, trans pertsonentzako Lehen Mailako Arretako Zerbitzu berrien eta Gurutzetako Genero Identitatearen Unitateko profesionalen arteko sare lanaren bidez.

Gidak alderdi hauek jasotzen ditu, besteak beste: trantsizio medikoko prozesuetan jarduteko gomendioak, zirkuituen definizioa eta trans pertsonen eskubideak. Dokumentua osasun zerbitzuetako profesionalek eta transexualen eta familien elkarteek egin dute.