NAIZ

Etxebizitzaren arazoari heldu dio EH Bilduk Iruñean ‘Etxebizitza ez da jolasa’ jardunaldiarekin

Etxebizitzaren auziaren inguruan EH Bildu egiten ari den dinamika mobilizatzailearen barruan, solasaldia egin du alderdi subiranistak asteazken honetan Iruñean. Besteak beste, Oskar Matute diputatuak eta Mikel Zabaleta parlamentariak hartu dute parte.

‘Etxebizitza ez da jolasa. Soluziobidean’ jardunaldia, asteazken honetan Iruñean.
‘Etxebizitza ez da jolasa. Soluziobidean’ jardunaldia, asteazken honetan Iruñean. (EH BILDU)

EH Bilduk martxoaren 16an Donostian abiatu zuen ‘Etxebizitza ez da jolasa’ dinamika mobilizatzaileak asteazken honetan Iruñean izan du jarraipena. ‘Etxebizitza ez da jolasa. Soluziobidean’ jardunaldiak antolatu ditu alderdi subiranistak, etxebizitza larrialdiari buruz eta mahai gainean jartzen ari diren soluziobideen inguruan hausnartzeko.

Madrilgo Kongresuko EH Bilduko diputatu den Oskar Matutek eskaini du hitzaldi nagusia, etxebizitzaren problematikaren nondik norakoak azaldu eta etxebizitza bezalako oinarrizko eskubidearekin negozio zeinek eta nola egiten duen argitzeko.

«Etxebizitzaren arazoari irtenbideak bilatzea erabateko lehentasuna da EH Bildurentzat. Horretarako, etengabe ari gara lanean. Neurriak hartzen edota tresna gehiago eskuratu nahian. Orain arte, lege-egitura guztia boteretsuenen eta espekulatzaileen mesedetan egon bada ere, tresna berriak eskuratu ahal izan ditugu azkenaldian, EH Bilduren lan eta ekimenari esker ere bai. Orain, Nafarroan ere bai, posible da gune tentsionatuak sortu eta alokairuen prezioei mugak jartzea», azaldu du Matutek.

Herrialdean lurreratu dute ondoren etxebizitzaren problematika, nafar esperientziak deituriko mahai-inguruaren bitartez. Mugimendu independentistak azaldu duenez, EH Bildu «aitzindaria» izan da administrazioei bestelako etxebizitza-politikak egitea ahalbidetuko dieten tresnak emango dizkieten akordioak bilatzen, baita tresna berri horiek erabiltzerakoan beste etxebizitza politika batzuk martxan jartzeko ere.

Iruñea eta Arakilgo esperientziak

Horren adibide diren EH Bilduk gidatutako Iruñeko eta Arakilgo Udalen esperientziak ezagutzeko aukera izan da jardunaldietan, Joxe Abaurrea, Oihana Olaberria eta etxebizitza gaiaz arduratzen den Mikel Zabaleta foru parlamentariarekin batera.

Bere aldetik, Marta Diez Antsoaingo alkateak adierazi du «etxebizitza eskubidea bermatzea EH Bilduren lehen mailako lehentasuna dela; eta lehentasun hori gure jardun instituzionalera ere» eramaten dute.

Zentzu honetan, gogoratu du Antsoainen etxebizitzak apartamentu turistiko gisa erabiltzeko lizentziak urtebetez eteteko hartu berri duten erabakia. Modu honetara, Baztanen edo Iruñean egin bezala, «pisu turistikoen ugaritzeak izan ditzakeen ondorio negatiboei aurrea hartu nahi izan diogu, herriko pertsonek etxebizitzak eskuratzeko dituzten zailtasunak arintzeko helburuz».

Izan ere, gaur egoera «larria» dela nabarmendu du Diezek: «10 pertsonatik ia 9k diote zaila dela Iruñean etxebizitza bat arrazoizko prezioan aurkitzea. Horregatik, arduraz eskura ditugun baliabide guztiak erabiltzen ari gara».

Zentzu horretan, eskatu du ez ahazteko Nafarroako udalerrien % 92 eremu tentsionatu izendapenetik kanpo geratu direla. «Landa-Eremuaz ari gara, despopulatzen ari den Nafarroaz ari gara. Zonalde horietan ere, etxebizitzaren egoera larria da eta merkatuaren esku-hartzea beharrezkoa da. Izan ere, hutsik dauden edo noizean behin erabiltzen diren etxebizitza asko daude, eta herritar gehienek ezin dituzte etxebizitza horiek eskuratu», deitoratu du.