NAIZ

Zahartzea eta zainketen beharrari buruzko ‘Biziaria’ ikerketa abiatuko du Lakuak

‘Biziaria’ ikerketa proiektua burutuko du Lakuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 12 eskualdetan, 70 urtetik gorako 2.000 adinekori elkarrizketak eginda. Xedea «zahartze ona eta zainketen arreta hobetuko dituzten politika publikoetan aurrera pausuak» ematea da.

Adineko pertsona bat, Donostian paseoan.
Adineko pertsona bat, Donostian paseoan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bizi iraupena eta kalitateari buruzko ikerketa abiatuko du Lakuako Gobernuak, ‘Biziaria’, «zahartze ona eta zainketen arreta hobetuko dituzten politika publikoetan aurrera pausuak» emate aldera. Horretarako, 12 eskualdetan 70 urtetik gorako 2.000 adinekori elkarrizketak egingo dizkiete.

‘Euskadiko Zahartzeari eta Zaintzari buruzko Luzetarako Estudioa’ proiektua 70 urte eta gehiagoko biztanleriaren bizi-baldintzak denboran zehar aztertzean eta ebaluatzean datza, haien egunerokotasuna ezagutzeko eta, horrela, zahartze-prozesua hobetu ahal izateko. Azterlanaren helburu nagusia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 70 urteko edo hortik gorako biztanleen behatoki bat ezartzea da, «zahartze ona eragiten duten prozesuak eta zaintza-ibilbideak aztertzeko».

«Euskadin bizi-itxaropena gehieneko historikoetan dago gaur egun», oroitarazi du Ana Belén Otero Ongizateko Sailburuordeak. Jakitera eman duenez, gaur egun emakumeak batez beste 86,6 urterekin hiltzen dira EAEn, eta gizonak 81,2 urterekin. Hori dela eta, Oterok uste du «gizarte osoaren ardura» dela bizitzaren azken uste horietan haien bizi kalitatea hobetzea.

Zahartze ona errazten duten testuinguruak eta inguruneak ezagutu nahi dituzte ikerketarekin. «Auzoarekin, etxebizitzarekin, osasun eta gizarte-zerbitzuekin lotutakoak, baina baita harremanekin, jarduerekin edo aisialdiarekin lotutakoak ere» aztertuko dituzte.

Proiektu honen emaitzekin, zahartze ona eta zainketen arreta hobetuko duten politika publikoak diseinatu nahi ditu Lakuako Gobernuak.

Aurrekontua eta ikerketa taldea

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko sailak proiektua garatzeko 500.000 euroko aurrekontua bideratu du eta hainbat adituk parte hartu dute prozesuaren diseinuan. Aholku-batzorde zientifikoan London School of Economics, Universitat de Girona, UNED, Gizalab Fundazioa eta CIBERFESeko adituak batu dira. Ikerketa talde laguntzailean, ordea, EHUko, Matia Fundazioko eta Mondragon Unibertsitateko ikertzaile ugarik dihardute.