Kazetaria / Periodista

Miamiko kubatarrak, Trumpen deportazioekin ulerkor

AEBko komunitate latino eskuindarrena izan da historikoki Floridako kubatarrena. Trumpen alde bozkatu zuten gehienek, kanpainako puntu garrantzitsuenetan jarri arren migratzaileen deportazioa. Orain, herrialdean egoteko baimen berezia galdu dute ehunka mila kubatarrek, baina ulertzen dutela diote.

Ezkerrean, Domino plaza, Habana Txikiko erdigunean, auzuneko nagusien topalekua. Eskuman, Habana Txikiko 8. kalea, ezagunena eta turista gehien erakartzen dituena.
Ezkerrean, Domino plaza, Habana Txikiko erdigunean, auzuneko nagusien topalekua. Eskuman, Habana Txikiko 8. kalea, ezagunena eta turista gehien erakartzen dituena. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Maximo Gomez parkeari Miamin Domino Park deitzen diote bertakoek. Hor elkartu ohi dira komunitateko adinekoak, parkeari izena ematen dion jokoan aritzera. Goiz euritsuan, mahai gehienak beteta daude, dominoan asko, xakean ere bai beste batzuk. Denak ari dira espainieraz, Kubako aldaeran. Ingelesik entzutekotan, ziurra da Miamira etorritako turistak direla. Batzuetan posible da elkarrizketa, beste batzuetan, mahaikide bati eskatzen diote erantzuteko: Estatu Batuetan urteak eta batzuetan hamarkadak eman arren, ez dute ia ingelesik egiten euretako askok.

«Duela 35 urte iritsi nintzen», dio Amadorrek, bere txanda iristeko domino partida noiz amaituko itxaroten duen bitartean. Beste senide batzuk ere Kubatik kanpo dituela gaineratu du: «Bi alaba ditut Kanariar uharteetan». AEBko herritarra da, eta sorterrira ere itzuli izan da familia bisitatzera, inolako oztoporik gabe.

Aldameneko mahaian Osbaldoren aurkako xake partida okertu zaio Juan Manueli. Prezioak zenbat garestitu diren aipatu du, eta horregatik eman ziola botoa Donald Trumpi: «Arazo handiak daude. Ekonomia hobetuko duelako eman diot botoa. Eta badakit gogorra izango dela immigrazioarekin, baina gaizkile mordo bat sartu dira azkenaldian. Horiek ez daukate lekurik hemen». Julian, berriz, ez dator bat. Antikomunista da, eta Kuban preso egon zela dio. AEBn hamarkadak eman ostean, Trumpen aurka dago: «Egiten ari dena ez da demokratikoa, jendea horrela atxilotzea eta kanporatzea».

Babesaren amaiera

‘TPS’ deitu ohi zaion 530.000 baimen humanitario (parole, ingelesez) baino gehiago utzi ditu bertan behera Trumpen Administrazioak venezuelar, kubatar eta haitiarrentzat. Agindua hilaren 24an barru sartuko da indarrean; dozenaka mila etorkinek emailak jaso dituzte dagoeneko orain arteko babes estatusaren amaieraren berri ematen.

Miamiko metroan hiru hizkuntzatan daude seinaleak: ingelesez, espainieraz eta Haitiko kreoleraz. Hialeah barrutian biztanleen %95 latinoak dira, eta antzeko kopuruak daude Coral Gablesen. «Hemen legezko immigrazioaren aldekoak gara. Nire gurasoak immigrazio legalaren fruitu dira», dio Esteban Bovo Hialeah-ko alkate eskuindarrak. Coral Gables-en bezala, errepublikano bozkatzen du Miami metropolitanoko hiri honek, eta Trumpen politikekin erabat lerratuta daude. Baita immigrazioaren aurkakoetan ere, bertako biztanle ia guztiak etorkinak edo haien seme-alabak izan arren. Elkarlan hitzarmen berezia sinatu berri dute ICE Immigrazio-Poliziarekin, bertako udaltzainek ere ICEri laguntza emateko.

Oraintsu arte, horrelako gai arantzatsuetan sartzeak komunitatearen protestak ekarri ohi zituen. 2017an Miami-Dadeko konderriak etorkinak bertako ziegetan giltzapetzeko agindu zuen ICEk eskatuta, eta milaka lagun kalera irten ziren protestan. Aurten, hitzarmen horren aurkako bilera informatibo batera hiru lagun baino ez dira agertu. «Ulertzen dut batzuek traizio egin dietela sentituko dutela, gehienok Trumpen alde bozkatu genuelako, baina hau ez da auzi pertsonala. Muga luzaroegi egon da zabalik», dio.

Bertako zortzigarren kalearen inguruari Habana Txiki deitu izan zaio, Kubatik etorritako komunitate handiagatik. Luzaroan iraultzatik ihesi egindako oposizioaren bilgune izan da, azken urteotan Latinoamerikako gainerako migratzaile ekonomikoen antzeko profilak ugaritu arren. Desberdintasun batekin: Washingtonek gainerako etorkinei ematen ez zien babesa zeukaten Kubatik iristen zirenek, eta automatikoki bertan bizi eta lan egiteko baimena ematen zien, bisarik izan ez arren. Kubako Gobernuan luzaroan salatu zuen politika horrek berak sustatzen zuela kubatarrek iparralderantz jotzea. Barack Obamarekin amaitu zen politika hori, eta Habanak txalotu zuen jarrera aldaketa. Ordutik, teknikoki beste edozein etorkinek jarraitu beharreko prozedura bera izan dute kubatarrek ere. Baina bazuten abantailarik, oraindik ere, venezuelarren antzera: asiloa eskatu eta, automatikoa izan ez arren, gutxienean urteetan luzatzen zen prozesua zabaltzen zen, Estatu Batuetan bizi eta lan egiteko eskubidea ematen ziena.

Edozelan ere, Washingtonek eta Habanak badituzte akordioak Mexikotik zein itsasoz iritsitakoak kanporatzeko. Duela bi urte ekin zioten deportazioei; Joe Bidenen agintaldiak mila kubatar baino gehiago bidali zituzten Karibeko uhartera bueltan.

Eskuinerantz

AEBko komunitate latinoetan beren inguruko hiri eta eskualdeetan baino handiagoa izan ohi da demokraten aldeko botoa: Texasko mugaldean, New Yorketik Filadelfiarainoko tartean, Kalifornian... nork bere ezaugarri eta berezitasunak ditu, noski. Puertorricarrak automatikoki estatubatuarrak dira, jaioterria Washingtonen menpeko kolonia bat izanik, demokraten aldera lerratu izan den komunitatea da. Berdin mexikarren artean, asko dira bigarren eta hirugarren belaunaldiko mexikar-estatubatuarrak. Amerika Erdialdekoen artean dago eten argiena ziurrenik herritar izan eta ez izatearen artean, baita familia beraren baitan. Edozelan ere, masiboki demokrata bozkatu izan dute azken bozketetan, eta joan den azaroan bereziki, gizon gazteen artean errepublikanoen arteko joera indartsua nabaritu arren. Boto latinoan salbuespena Floridako komunitate kubatarra izan da, historikoki: antikomunista sutsuak, Miamin demokratak nagusi zirenean ere, errepublikano bozkatu ohi zuten (boto latino progresista puertorricarrena izan ohi zen).

Venezuelarrak izan dira azken urteotan gehien hazi den komunitateetako bat AEBn, Floridan bereziki. Miamiko Doral barrutian inon baino nabarmenagoa da Venezuelako kultura eta sukaldaritza. TPSarekin babestutako herritarren artean babes hori galdu zuten lehenak ere izan ziren, Trumpen agintaldiaren hasieran bertan. Orduko hartan izan zen protestarik eta agerraldia ere egin zuten. Aste batzuk lehenago Donald Trumpen alde kanpainan aritu zirenen sentipena zen «ez soilik traizio egin digutela, erabili gaituztela ere bai», salatu zuen Adelys Ferro Venezuela-AEB caucusaren sortzaileak.

Aste honetan, venezuelarrentzat TPS babesa urte eta erdiz atzeratu dute, 2026ko urrira arte. Komunitateak pozarren hartu du albistea, eta Florida hegoaldeko ordezkari errepublikanoek, kubatar jatorriko Elvira Salazar eta Doraleko ordezkari den Mario Diaz-Balart, esaterako, tantoa euren zakuan markatzen saiatu dira «Albiste bikaina. Borroka honen buru egon naiz hilabeteetan. Mila esker Administrazioari, zuzen dagoena egiteagatik. Baliatu dezagun tarte hau Maduro kanporatzeko», idatzi zuen kongresista eskuindarrak. Arazoa da ez zela egia esaten ari. Gobernuak ez du bere kabuz luzatu venezuelarren babesa, are gehiago, gogor kritikatu du TPSa itzuli beharra. Edward Chen San Frantziskoko epaile federalak agindu du Trumpen erabakia blokeatzea. Are gehiago, Kristi Noem barne segurtasuneko idazkariak erabakia atzera botatzeko asmoa dauka, gehiengo kontserbadorea daukan Auzitegi Gorenera iristeko.

Miamitik irten gabe, Doraletik 25 minutura Little Haiti dago. Ameriketako herrialderik behartsueneko dozenaka mila lagun iritsi dira Joe Bidenen Administrazioak emandako babesarekin. Komunitatea askoz zaharragoa da, Notre Dame d’Haiti elizak mende erdia dauka. Aspaldi hemen daudenetako batzuek Donald Trumpen alde bozkatu badute ere, orain gehiegi datozen aitzakian, gehienek elkartasuna adierazten dute babesik gabe gera daitezkeen herrikideekin. «Haitin egoera gero eta okerragoa da. Nora itzuli ere ez daukagu», dio Jeanek NBC katean. Batek baino gehiagok Barne Segurtasuneko emailak eta gutunak jaso dituzte orain arteko babes estatusa amaitzear dela jakinarazten, eta, herrialdetik alde egin ezean, kanporatu egingo dituztela.

Habana Txikian turistak domino parketik pareko izozki dendara doaz. Beste batzuk puruak erostera joan dira, badira zuzenean Kubako musika entzutera tabernara eseri direnak ere. Guayabera alkandorak saltzen dituen Amadorrek dio ulertzen dituela Trumpen politikak, eta aurreko egunetako deportazio hegazkinetako bat aipatu du: «Kuban pertsekutatuta zegoela esan eta etengabe zihoan hara bisitan». Luis Miguel duela zortzi hilabete iritsi zen, alabak aurretik egindako bidearen ostean familia elkartzea eskatu zuelako. Ez dago pozik aurkitu duenarekin, eta urte erdian lanik aurkitu ezinik dabilela dio: «Ez dago inon lanik, hilabeteak daramatzat bila, alferrik». Hala ere, ez du kezkarik herrialdeko politika berriarekin, bertan geratzeko babesa baitauka: «Batzuk, bai, kezkatuta daude. Paperak eguneratu ez dituztenek orain arazoak dituzte».

Bidea gurutzatzen Ramon dator. 25 urte daramatza hemen, baina perutarra da, ez kubatarra. «Urteetan egon dira kubatarrak hemen agintzen. Dena haiek nahi zuten bezala egin da», esan du. Baita berak ere: bisa amaitutakoan AEBn geratzea erabaki zuen. Gero, «kubatar batekin ezkondu nintzen paperak lortzeko». Aspaldiko kontuak direla dio, dagoeneko jubilatuta dagoen Trumpen botoemaileak. «Honezkero ez dut uste herritartasuna kenduko didatenik», dio irribarretsu.