NAIZ

El Salvadorgo Tourra bigarren postuan eta bi etapa irabazita amaitu du Usoa Ostolazak

Txirrindulari zarauztarrak laugarren etapa etapa irabazi du eta sailkapen nagusian bigarren amaitu du, Yanina Kuskova uzbekiarra hirugarren izan den bitartean. Puntu bila abiatu dira Laboral Kutxakoak eta harrapakin ona bereganatu dute.

Usoa Ostolaza, El Salvadorgo Emakumeen Tourreko azken etapako garaile.
Usoa Ostolaza, El Salvadorgo Emakumeen Tourreko azken etapako garaile. (@LABORALkTeam)

El Salvadorren jokatu den emakumeen Tourreko sailkapen nagusia Elena Hartmann –Ceratizit Pro Cycling– suitzarrak irabazi du, baina euskal txirrindularitzak uzta oparoa eskuratu du ere. Usoa Ostolaza Laboral Kutxa Euskadi Fundazioko txirrindulariak bi etapa garaipen lortu ditu, aurrez Nahuizalcon amaitu zen etapa irabazi ostean, Euskal Herrian igandetik astelehenerako goizaldean jokatu den laugarren eta azken etapa ere patrikaratu baitu txirrindulari zarauztarrak. Horrez gain, Hartmannengandik bi segundora, gipuzkoarra sailkapen nagusiko bigarren postuaz jabetu da, Ostolazaren taldekide Yanina Kuskova uzbekiarra hirugarren sailkatu den bitartean, irabazlearengandik sei segundora.

Etapa abiatu aurretik Ostolazak sailkapen nagusiaren bila, edo etaparen bila bederen joateko intentzioa azaldu zuen. «Ez da ibilbide oso gogorra, baina helmugara iritsi baino hamar bat kilometro aurretik gaintxo bat pasa behar dugu, eta pendiza handiegia ez bada ere, saiatuko gara han taldea sakabanatzen», esan zuen.

Ceratizit taldeak oso estu lotu du tropela eta, ondorioz, Elena Hartmannen lidergoa ezin izan du ezbaian jarri Laboral Kutxa Euskadi Fundazioak. Nolanahi, esprinta bikain bideratu du Euskal Herriko taldeak Arianna Fidanza italiarraren bitartez Ostolaza helmugan aurreneko postuan pasa zedin. Bada, Ostolaza izan da Santa Ana hirian hasi eta amaitu den 94 kilometroko etapako garailea, Tamara Dronova-Balabolina Roland taldeko errusiarra eta Fidanza Ostolazaren taldekidearen beraren aurretik.

Uzta oparoa ez da hor amaitu, ordea. Ostolazak mendiko sailkapena ere bereganatu du, eta Laboral Kutxa Euskadi Fundazioa izan da taldekako sailkapeneko irabazlea.

UCI puntuen bila egin du bidaia hau Laboral Kutxak, eta lehen lasterketa honetan harrapakin garrantzitsua bereganatu du, 260 punto baino gehiago poltsikoratuz.

Beste hiru lasterketa

«Gure helburua sailkapen nagusiari eraso egitea zen, baina Ceratizitek ere talde indartsua ekarri du hona eta zorionak eman behar dizkiogu. Ez dugu lortu, baina Usoarekin behintzat garaipena errepikatu dugu, eta ‘Ari’ hirugarren izan da. Taldea oso ondo aritu da da, eta orain beste hiru lasterketa ditugu aurretik. Gogo handiz egingo diegu aurre, amaiera polita lortzeko asmoz», adierazi du emaitza hauen harira Peio Goikoetxea kirol zuzendariak.

Izan ere, oraindik talde honek badu zereginik El Salvadorren, beste hiru lasterketatan parte hartu behar baitute. Asteartean Grand Prix El Salvador (1.1) proban; asteazkenean, Grand Prix Presidente (1.1) lasterketan; ostegunean, Grand Prix Surf City (1.1) deman. Naia Amondarain, Yuliia Biriukova, Arianna Fidanza, Yanina Kuskova, Usoa Ostolaza, Catalina Soto eta Laura Tomasi ariko dira lasterketa hauetan guztietan, Laboral Kutxa Euskadi Fundazioa El Salvadorren uzta handitzen jarraitzeko borrokan.