NAIZ

Gasteizen gizarte-bazterkeriako egoeran daudenentzat baliabide gehiago eskatu dituzte

‘Inor ez etxerik gabe’ ekimenetik gizarte-bazterkeriako egoeran daudenentzat «aitzakia gutxiago» eta gizarte-baliabide gehiago eskatu dizkiote Gasteizko Udalari. Gizarte Politiken Batzordean agertu dira eta elkarretaratzea egin dute ondoren. Udalaren arabera, ehun pertsonak kalean lo egiten dute.

‘Inor ez etxerik gabe’ ekimenak Gasteizko Udalean egindako elkarretaratzea.
‘Inor ez etxerik gabe’ ekimenak Gasteizko Udalean egindako elkarretaratzea. (Raul BOGAJO | FOKU)

Gizarte-bazterkeriako egoeran daudenentzat «aitzakia gutxiago» eta gizarte-baliabide gehiago eskatu ditu ‘Inor ez etxerik gabe’ Gasteizko gizarte bazterkeriaren aurkako eta etxebizitza eskubidearen aldeko ekimenak. Ondoren elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean. Ekimeneko kideen arabera 150 pertsona baino gehiago elkartu dira bertan.

Horretarako, Udaleko Gizarte Politiken Batzordean agerraldia egin dute, duela hamarkada batetik pertsona hauei arreta emateko dagoen «ekimenik eza» salatzeko. Gogorarazi dutenez, 2019an kanpaldi bat egin zuten udaletxetik kanpo eta mozio bat aurkeztu zuten, gizarte-baliabideak handitzeko eskatuz, «une horretan jada gainezka baitzeuden». Mozio horren alde EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek bozkatu zuten eta EAJk, PSEk eta PPk, aldiz, aurka.

Pandemiarekin, Udalak, «Gasteizen kalean pertsonak lo egiten ari zirela eta pertsona horiei arreta emateko zentro gehiago behar zirela ukatzen zuenak», Lakuako frontoia ireki zuen ehun egun baino gehiagoz 50 pertsonek bertan lo egiteko.

«Orduan esaten genuen ez genuela nahi pertsona horien ‘normaltasunera itzultzea’ berriro kalean lo egitea izatea, eta, zoritxarrez, gaur egun, esan behar dugu gure hirian 200 pertsona inguru daudela kalean lo egiten», adierazi dute.

100 kalean

Azaldu dutenez, astelehen honetan Gasteizko Udalak «aitortu du» 65 pertsonako itxaron-zerrenda duela aterpetxe batean lo egiteko eta ehun pertsonak baino gahiagok ez dutela non lo egin.

Agerraldian, Lucho Royero Gizarte Politiketako zinegotziak esan du Udalaren baliabideak «mugatuak direla eta ahal duten guztia egiten dutela» egoera horri aurre egiteko, eta adierazi du beste instituzio batzuek, hala nola Aldundiak eta Lakuak, beren eskumenak eta erantzukizunak bere gain hartzea behar dutela. Ekimenetik esan dutenez, «instituzio horiek gobernatzen dituztenak Gasteizko Udalean gobernatzen duten berberak, EAJ eta PSE, direla alde batera utzi» dute.

«Etxebizitza Eskubidearen Aldeko Ekimenetik adierazi diogu bi bideren artean aukeratu behar duela -esan dute-, pilota gainerako instituzioekin pasatzen jarraitu edo egoerari heltzea, gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonen beharrei erantzuteko behar adina baliabide mahai gainean jarriz. Zoritxarrez, bere agerraldian lehenengoa aukeratu du, bere erantzukizunak ez onartzen».

«Borondate politiko falta aldatzeko mobilizazioa beste aukerarik ez digute uzten, eta borrokan jarraitzeko prest gaude, Udalak behingoz jarrera alda dezan lortu arte», deitoratu dute.