Erantzun bat
Euskal Herria gaixoari Petroherria ere erraten ahalko genioke, zeren euskara ez dakit baina petrolioa bai gure herri honetako zoko guzietaraino ailegatzen dela. Eta sartu zait halako inbasio sentsazio bat karrikara ateratzen naizen bakoitzean eta ez dut bertzerik ikusten, azpiegitura fosilak. Egia da inbasioa erabiltzen dela orain neurrigabe aunitzetan, turismoari buruz gutiegi berriki arte, baina karrera belikoan gehiegi inbasio mehatxuen aitzakia, edo modu paranoikoan migrazioaren kontuan edo okupen inbasioan edo bertzelako erabilera demagogikoetan. Baina, hauxe uste dut baietz neurrikoa dela: aspaldixkotik inbadituta bizi gara, eta ez naiz ari arazo nazionalaz, autoen inbasioaz baizik.
Auto artean bizi baikara, autoetan auzoetan baino: autoak portaleko atea edeki eta parean, autoak eskuin, autoak ezker, autoak alde guztietan, lurpean, maldan, Lekeition, Donaixtin, Enkarterrietan, autoen ejertzitoak parkingetan, parkingak ospitale inguruan zeren bi zango bezain naturalizatuak izan ditugunez lau zirrika tokitan egin dugu adibidez Donostiako ospitalea eta Leioako kanpusa, motoen tarrata tinpanoa lehertzen, autoen artean pertsonak, pertsonak autoen azpian, pertsonak espaloi mehar batean zokoratuak autokraziaren marjinatuak, A-8an, bideojokoetan, 4x4ak but-but Baztango mendietan, bram eta dopamina txute bat askatzen den bezala ke eztanda bat autoaren ihes-hoditik, autoak senarraren ametsetan, autoak pantailan eta pantailak autoan, autoak etxe eder baten larraina itsusten, autotzarrak espaloian eta orgattoak errepidean, autoen petrolio-askak gehiagora, eta autoPatxi eta Motomami eta «dame mah gasolina»-rekin mugitzen genuen gerria, hezurretaraino sartua baitugu motonormatibitatea, eta autoen seinaleak alde guzietan zeren ez zen existituko zebrabiderik edo semafororik autorik gabe, ezta «stop» seinalerik ez zoru guzia marraz beterik autoak aparkatzeko edo ez aparkatzeko edo segi edo geldi edo «Solo taxi bus».
Nola ailegatu gara honaino? Nola izaten ahal da gure karrikak toki arriskutsu bilakatu izana? Ezin dizu baloiak ere pixka bat ihes egin zeren etorriko da balaztada bat, klaxon kolpea eta haurra susto aurpegiaz baloia eskutan SUV erraldoi baten itzalpean, barnean gidaria ufaka, ea haur puta horiek ez duten bertze tokirik jostatzeko, baino haur puta horiek belardira ezin dira joan zeren belardia zegoen tokian orain parking bat dago. Ni gaur egun haurra izanen banintz etxean geldituko nintzateke.
Gure garraio pribatu fosilaren afera egiazki kezkagarria da, baina, proportziozko arretarik bereganatzen al du ezkerraren interesetan? 2022an 117 lagun hil ziren EHko errepideetan, 2023an 75. Gure gazteak xehatzen ari ditu modernitate likidoak bere suizidio eta trafiko istripuekin. Istripuak dira, baina urtero istripu eskerga handia gertatzen delarik, errepide bazterretan minez beteriko hainbertze lore ditugularik oroigarri, agian esku-artean osasun publikoko arazo larri bat dugula onartu beharko dugu, lan «istripuekin» bezala. Airearen kutsadurak 1270 heriotza eragin zituen EAEn 2022an. Zarata jasangaitzak estres arazoak sortzen ahal ditu eta malaostia gidatzeak. Espazio publikoaren%70 hartzen dute hiri eta herri-gune aunitzetan, dena moldatu baitugu auto sakratuari breazko alfonbra luzatzeko eta, doike, klima arazoaren iturri garrantzitsuenetako bat dira.48 gasolindegi gehiago EAEn 2020tik 2024ra.
Erantzun onak beharko ditugu petrolioaren topografiak eraldatzeko eta horietako batzuk entzun genituen Ekotopaketetan Uxue Jauregi, David Hoyos eta Biziz-Biziko Marta Abiegaren ahotik. Bertze erantzun bat Parisitik etorri da berriki. Herri galdeketa egin eta makro-proiektu batean 500 karrika gehiago oinezkoentzako zolatu eta berdetzea onartu dute.10.000 aparkaleku aire. Han gertatzen ari dena hunkigarria da eta mezu ederra du Parisko Akordiora ere hurbiltzen gaituelako. Herri gozagarriagoak, berdeagoak, sozialagoak. SUVak kanpora, herritarrak karrikara. Eta eredu ere Gasteiz, biribilguneetan bueltaka harrapatuta egotetik 180 km bidegorri eta 12.500 bizikletentzako aparkaleku egitera pasatu baita. Gure Amsterdamtxoa Arabaren bihotzean. Zenbat egiteko gure herrietan.
Petroherri honen mixaren%80 baina gehiago hidrokarburo kapitalista eta hilgarriak direlarik, iruditzen zait lehentasunezkoa beharko lukeela arreta azpiegitura fosilengan paratzeak, mozorrotutako heriotza baitago SUVen iragarki naturazaleen gibelean.2030erako isuriak erdira murriztu behar baditugu, zein da plana Hego EHko 2.000.000 autoekin? Nola irauli karriketako autoen inbasioa? Eta landa eremuan ze proposamen garraioarekin? Baserrietan? Zenbat elektriko beharko ditugu? Nola desazeleratu autoaren indar eraldatzailea gure industria ere zirrika horretan egonik? Bi gauza bederen beharko ditugu trantsiziorako: xumetasuna, inork ez baitakigu segurtasun osoz nola atera ataka fosil konplexu honetatik; eta, purismoak alde batera utziz, proposamen ahalik eta zorrotzenak!
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.