Gureak, mende erdiko erantzun baikorra

Gureak euskal enpresa taldea da, 50 urteko ibilbide arrakastatsua egin duena. Arrakasta hori ez dagokio soilik enpresa batez hitz eginda berehala pentsatu ohi denari, etekin ekonomikoari, alegia, baizik eta batez ere etekin sozial eta humanoari, desgaitasuna duten pertsonei lan aukerak sortu eta beraien gizarteratzea sustatzea baitu helburu. Ezohiko enpresa da, beraz, eta ezohiko moduan sortu zen, Atzegi Gipuzkoako adimen urriko pertsonentzako elkarteko familia talde batek egin zuen galderatik: «Eta gureak, zer?». Mende erdiko ibilbidea du erantzunak. Gureak ez da enpresa publiko bat, baina zalantzarik gabe zerbitzu publikoa eskaintzen du; desgaitasuna duten pertsonei eta laguntza premia handienak dituztenei egokitutako lan aukera egonkorrak sortzen eta kudeatzen ditu.

Irabazi asmorik gabeko merkataritza elkartez osatutako enpresa taldea da Gureak, Atzegi da haren bazkide nagusia eta zenbait instituzio publikoren partaidetza ere badu. Talde sendo eta dibertsifikatua da, industriaren, zerbitzuen eta marketinaren sektoreetan diharduena eta ehun ekonomikoan ondo txertatua. Gaur egun 6.100 pertsonak lan egiten dute bertan; horietatik %83k desgaitasunen bat dute, %33tik gorakoa. Langilerik gehien-gehienak Gipuzkoan daude, eta ehunka batzuk, Arabako eta Nafarroako instalazioetan. Enpresa guztietan bezala, gatazkarik ere ez da falta, baina horri dagokionez ere ezohikoa da, bere kudeaketa dela eta; izan ere, lan prozesua ere bat dator enpresaren misioarekin; langileei egokitua da, eta  ez alderantziz.
 
Esan bezala, bideragarria da mende erdiko ekimen hori arlo ekonomikoari dagokionez, hala behar baitu bere helburu sozial eta humanoak aurrera ateratzeko, benetako meritua ematen diona. Izan ere, balioak ardatz dituen ekimena da, elkartasunean, berdintasunean, integrazioan oinarritzen den enpresa. Ba al da inbertsio hoberik? Jendarte zibilaren dinamikotasunaren adibide ona da Gureak. Euskal komunitatearen indargune diren jarreren eta ikuspegien erakusgarria da: inori itxaron gabe, arazoak planteatu, irtenbideak bilatu, egin behar dena egin eta, elkarlanean, proiektua aurrera atera.

Bilatu