Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Señorak

Aitortuko dut lehenbiziko aldiz ‘¿qué desea señora?’ galdetu zidatenean hotzikara sentitu nuela, jenioa txartu zitzaidan eta parekoa tuntuna zela pentsatu nuen. Baina, neurria hartzen ari naiz hitzari. Uste dut gero eta gehiago gustatzen zaidala.

Garai batean norbaiten señora izatea tokatzen zen derrigorrez, gizonezko baten emaztea. Edonor ez zen señora hala ere, klase sozial distiratsukoak ziren señorak, etxean beste emakume batzuk zituztenak komuna garbitzeko eta haurrei zorriak kentzeko. Haientzat, emakume langileentzat, ‘etxeko señora’ zen bestea, gainetik zeukatena. Ama izateko eta etxeko martxa eramateko ona zen señora. Gero, eguna etxetik kanpo ematen zuten gizonezko okupatu horiek, dibertimendua beste gorputz batzuetan topatzen zuten askotan, inoiz ‘señora’ izatera iritsiko ez ziren emakumeen azal gazte eta gastatuetan.

Beste esangura batzuk ere izan ditu hitzak. «Váyase a su casa, señora» esaten zieten poliziek 80ko hamarkadan euskal presoen aldeko manifestazio askotan lehen lerroan paratzen ziren emakumeei, amei. Gona belaun azpiraino, hantxe, lehen lerroan, justua ulertzen zutenaren aldeko gure señorak. Galizian droga trafikoaren kontra altxatu ziren amak ere señorak ziren, «ez eroak, ez terroristak», oihu egiten zutenez haiek ere Poliziaren parean.

Eta zer esan, gure etxeetako señorez. Ekonomian doktoreak, egunero mahaian jatekorik ez falta izateko kalkulu zorrotzak egiten zituztenak, lagunekin txokolatea hartzea maite zutenak, alargundu ondoren partxisaren artea deskubritu zutenak, galtzerdi batek katu batek adina bizitza izan ditzakeela artez erakutsi zigutenak jostorratzarekin, barreari eta negarrari tokia egiten ziotenak sukaldeko amantalean, astean behin ileapaindegira joatea erlijio baten parte zela erakutsi zigutenak. Gure etxeetako señoren inguruan orbitatu dugu, zein ezinbestekoak ziren konturatu gabe. Itzali direnean konturatu gara arnasa eskastu zaigula geroztik. Orduan topatu ditugu poltsikoetan haiek utzitako irakaspenak, karamelu forman.

Gaurko señorak gara gu, haien ondorengoak. Josten ez dakitenak, inor ez dutela zainduko erabaki dutenak, txokolatea baino garagardoa nahiago dutenak, umeak zintzilik dabiltzanak, bakarrik nahiago dutenak, josten ikasten ari direnak, konpainia derrigor behar dutenak. Hemen gaude, señoroen parean, bizitza bizigarriak utopia hartuta, baita martxoaren 9an ere.