Eserlekuak
Zutik edo etzanda egotearen erdibidean, premiazkoa bazaigu, eseri egiten gara atseden hartzeko. Ekinaldi baten nekeak eskatzen dizu esertzea, zutik egoteak ez dizunean ematen behar adina atseden, etzan behar izateraino leher eginda ez zaudenean. Horretarako dauzkagu —lan egiteko, ezer egin gabe egoteko, otorduetan esertzeko eta abar ere bai— aulkiak, kadirak, bankuak, hamaika eratako eserlekuak, kalean, pasealekuan, bulegoan, aretoan, etxean, nonahi. Munduan biztanle bakoitzeko hamar eserleku daudela kalkulatu dute beste zereginik ez duten batzuek.
Ez dira, ordea, denak berdinak eserlekuak; ez dira gauza bera aulkia eta tronua, besaulkia eta hondartzan eguzkia hartzeko kadira tolesgarria. Ez dira berdinak erosotasunean, ez dira denak zernahitarako erabilgarriak, ez dute guztiek balio, dotorezia eta maila bera. Esaiozu handi-mandi edo handi usteko hainbati tronua utzi eta behiak jezteko hiru hankako txikian eseri daitezela! Agintea eta handitasuna adierazten baititu tronuak, eta hiru hankakoa, edozein zorutan kili-kolorik egiten ez duen bakarra izan arren, apaletan apala da, eta nekez ikusiko duzu halakorik leku handiosetan, jende arranditsuen ipurdietan.
Behiak jezteko ez, noski, eta ezeren ganorarik gabe eserita egote aldera egoteko ere ez: «etorkizunerako inbertsioa» egite aldera erosi ditu eserlekuak Gasteizko Udaletxeak. Ez dituzte asko erosi; bi besterik ez, Europa Jauregian ipini eta «gure hiriaren irudirik ederrena eskaintzeko». Zeuzkatenak baino eserleku gehiago eskatzen omen zizkieten ekitaldiak antolatzen dituzten enpresek. Horregatik erosi behar izan omen dituzte eta, erosten hasita, lehen zituztenak bezalakoak hartu dituzte, bakoitza 2.519,22 euro ordainduta. Bejondeiela!
Eserlekuak, handia edo txikia den, ipurdian biguna edo gogorra, bizkar etzana edo zuzena, edo ohe antzeko butaka izan, lanerako edo kuluxka egiteko erabiliko duzu, edo mahaian otordurako… Europa Jauregirako erosi dituztenak izan daitezke Gasteizen ederra erakusteko, bertako udal gobernuko turismo zinegotziak azaldu duen moduan. Baina, diru publikoarekin erosi dituztenez, itxura gehiago dauka hiritarren kontura barre egiteko gogoa zeukatela eta horretarako aproposak izango direla. Algaraka eta nasai barre egiteko ere ona baita patxada, eta patxadarako aldea baitago eserlekutik eserlekura.

«Mi vida es mía y de quien yo quiera, no de todo el mundo»

Do comer, beber e arder

TCA en hombres, un trastorno a controlar

«Los cárteles no son terroristas; son empresas capitalistas que usan la violencia para legitimarse»
