Binakako Txapelketako play-offak: bi txartel eta zortzi motibazio ezberdin
Ostegun honetan abiatuko dira Binakako Txapelketako play-offak, Tolosan; ostiral gauean jarraituko dute, Zornotzan; eta igandean erabakiko da, Eibarren, finalerdietako ligaxkan egongo den laugarren bikotea. Lehiakide bakoitza era ezberdinean iritsiko da hitzordu garrantzitsura.

Azaroaren amaieratik hona, Binakako Txapelketako ligaxka luze honetan amaiera arte tentsioan izan diren pilotazaleek ez dute atsedenerako tarterik. Azken jardunaldiko azken neurketan erabaki zen play-offetara sailkatuko zen laugarren bikotea. Baina hori jakin ondoren, adi! Izan ere, ez da asteburura itxaron beharrik –edo ostiralera, ohituta gauden moduan–; ostegun honetan bertan hasiera emango zaio finalerdietako ligaxkan sartzeko kanporaketari.
Tolosako Beotibarren arituko dira Artola-Mariezkurrena II.a eta Elordi-Zabaleta. Ostiral gauean, berriz, Zornotzako pilotalekuan, Jaka-Imaz eta Peña II.a-Albisu arituko dira aurrez aurre. Osteguneko irabazlea zuzenean sailkatuko da Ezkurdia-Rezusta eta Laso-Iztueta dagoeneko dauden finalerdietara. Galtzaileak, hala ere, beste aukera bat izango du igandean, Eibarren, ostiraleko irabazlearen aurka.
Lau bikoteek materiala aukeratu zuten astelehen eta asteartean. Baina nola iritsi da bikote bakoitza dema honetara?
ARTOLA-MARIEZKURRENA
Bikote honen duda handiena aurrelariaren egoera izan daiteke. Alegiarrak ez zuen azken jardunaldian jokatu, eskuko minengatik. Guztira, bost partida galdu ditu ligaxkan, eta azken-aurreko jardunaldian Mariezkurrena izan zen bajan egon zena; beraz, aste batzuk badira elkarrekin jokatzen ez dutela. Alde ona da Berriozarko atzelaria sasoi bikainean iritsiko dela, azken jardunaldian erakutsitako mailari erreparatuta. Hala eta guztiz ere, «gure onena eman beharko dugu irabazteko, eta helburu horrekin aterako gara», adierazi zuen Artolak.
ELORDI-ZABALETA
2023ko txapeldunek ligaxka nahiko gorabeheratsua jokatu dute aurten, baina hala ere laugarren postuan amaitu dute, zortzi garaipenekin. Kasualitatez, kanporatuta dauden Peio Etxeberria-Martijarekin batera, partida guztiak elkarrekin jokatu duten bikote bakarrak dira. Azken lehia 21-22 irabaztetik datoz, egundoko desgastea sufrituz, baina egun bat gehiago izan dute energia kargatzeko.
JAKA-IMAZ
Kasu honetan atzelariarengan izango da arreta. Oiartzuarra eskuko minez aritu da azken asteetan –Segurako azken-aurreko jardunalditik–, baina inflamazioa jaitsi egin da, pilotalekuan egun pare bat piloteatzen aritu da eta, azken ordukorik ez baldin badago, «jokatzeko prest nago», ziurtatu zuen astearteko material aukeraketan. Azken neurketan, ezbeharrengatik partida bakar bat ere galdu ez duen Jakak Eskiroz izan zuen bizkartzain, 21-22 galtzeko.
PEÑA II.A-ALBISU
Azken neurketan lorturiko txartelak eman dezakeen indarrez iritsiko da bikotea play-off hauetara. Astean zehar gertaturiko polemika alde batera utzi –partidaren ondoren behintzat iritzia bai eman zutelako–, eta Peña II-Albisuk uste baino askoz errazago irabazi zieten Altuna III.ari eta erabaki teknikoarengatik Aranguren ordezkatu zuen Bikuñari (4-22). Baikoko bi gipuzkoarrek zazpi partidatik bost irabazi dituzte bigarren itzulian, eta oso kontuan izateko bikotea izango dela dirudi.

Los trabajadores de Guardian aceptan las indemnizaciones y la empresa cerrará este abril

Las lesiones de Zabarte apuntan a un pelotazo de foam aunque la Ertzaintza lo niega

«Comandos Anticapitalistas de ETA», ¿ignorancia o errata intencionada de la consejera?

Agur desde este viernes a las curvas del pantano de Esa para ir al Pirineo aragonés
