Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Donostiak 12 milioi euro bideratu ditu kultur industriara, horietatik 8 sortzaileengana

Donostia Kulturak iazko jardueraren memoria aurkeztu du asteazken honetan. Datuen artean aipagarria da Udalak kultur industriara bideratzen duen diru kopurua, hamabi milioi eurokoa. Hortik ia zortzi sortzaileengana.

Jazzaldiak 185.600 ikusle erakarri zituen iaz.
Jazzaldiak 185.600 ikusle erakarri zituen iaz. (Jon URBE | FOKU)

Donostia Kulturak iazko jardueraren memoria aurkeztu du asteazken honetan. Datu asko eskaini dituzte Jaime Otamendi zuzendari-kudeatzaileak eta Jon Insausti Kultura zinegotziak. Horien artean aipagarria da Udalak kultur industriara bideratzen duen diru kopurua, hamabi milioi eurokoa. Horietatik ia zortzi sortzaileengana.

Otamendik hedabideoi, Donostia Kulturako langileei eta hiritarrei eskerrak emanez hasi du bere partehartzea.

Finantziaketari helduta, zergen bidez donostiarrek 26 milioi euro ematen dituzte eta horri dirulaguntzen bidez Donostia Kulturak lortutako 6 milioi euro gehitzen zaizkio. «Denera 32 milioi euro inbertitzen edo gastatzen ditugu», zehaztu du zuzendariak.

Hauek dira datu zehatzak: 3,5 milioi euro inguruko diru-sarrerak eskuratu ziren sarreren salmentarekin (193.000 ikuskizunetan, eta 151.290 San Telmo Museorako sarreretan). Horri babesletzak gehitzen badizkiogu, 6 milioi euro baino gehiagoko diru-sarrerak izan zituen Donostia Kulturak; eta Udalaren 26 milioi euroko ekarpenarekin, 32 milioiko aurrekontua izan zuen Erakundeak.

Egunean 20 kultura ekitaldi egiten dira Gipuzkoako hiriburuan. Eta urtean 683 ekoizpen dela musika, antzerkia edo dantza alorrekoak. Kultur ekitaldi handien arrakasta aipatu dute. Jazzaldiak 185.600 lagun erakarri zituen bere 59. edizioan, eta ordainpeko ikuskizunen erdietan agortu egin ziren sarrerak.

San Telmo Museoak, bere aldetik, berriro gainditu zuen 150.000 bisitariren kopurua (151.290, zehazki), izen handiak protagonista izan zituzten erakusketei esker, hala nola Chillida, Basterretxea, Martín Santos, Galarza eta Azkarate.  

Kultur Etxeek milioitik gora bisita

Ikuskizun ezagunekin batera, egunerokoan kultur etxeek duten erabilpena ere aipatu dute. Horrela, milioi bat bisita baino gehiago jaso zuten berriz ere Kultur Etxeek, 1.008.400 hain zuzen ere. «Liburutegietako zerbitzuetan gertatutako igoerari (870.197 bisitari), programatutako 5.804 jarduerei eta egindako ikastaroei (580) esker gertatu zen hori. Izan ere, Adimen Artifizialaren aro honetan, are ezinbestekoagoa eta indartsuagoa da aurrez aurreko kultura. Horixe erakusten du Donostia Kulturako Liburutegien sareak egunean 3.151 lagunen bisita jaso izanak; gainera, 480.923 mailegu egin ziren, eta 1.907 jarduera eskaini zitzaien 42.384 laguni», adierazi dute.

Pozik agertu dira arduradunak hiritarrek emandako erantzunarekin. «Pandemia aurreko datuak berreskuratu ditugu eta inportantea da», nabarmendu du Otamendik, kulturak hiritarrrengan duen garrantzia gogoratzearekin batera. «‘The Guardian’-ek egin berri duen ikerlan batek horrelaxe baieztatu du», esan du.

Bazkideen %30 gipuzkoarrak

Bazkideei dagokienean –125.265 txartel daude egun– datuek erakusten dute hiriburuaz harago doala eragina. Izan ere, Donostia Kulturaren bazkideen %30a gipuzkoarrak dira. «Zer eskaintzen dio Donostia Kulturak Gipuzkoari eta zer lurraldeak Donostiari? Arlo honetan lanean jarraitu beharra daukagu», esan du Insaustik. «Herriz herri sortzaileak ezagutu eta herrialdeko eragileekin elkarlana sustatzeko ahaleginetan gabiltza», kontatu du bere aldetik Otamendik.

Gai honekin batera, belaunaldi gaztea eta migranteak kultur espazioetara erakartzea dira etorkizuneko erronkak.

Guztira 22 antzezlan eskaini dira euskaraz, 10.400 izanik ikusleak. ‘Miñan’ –liburua ere maileguen gehien hartu direnetan dago– eta ‘Sexberdinak’ –Donostia Antzerki Saria– izan dira izenburu ikusienak.  

Barne funtzionamenduak ere badu presentzia memorian. 2024an, langileak egonkortzeko prozesua amaitu zuen Donostia Kulturak eta, aldi berean, Enplegu Eskaintza Publikoko deialdi arrunt berriak ireki zituen.