Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Balin Miller, gaztetasunaren sugarra bakarkako jardunetan ispilu

22 urteko alpinista estatubatuarrak, astebeteko epean eta soka lagunik gabe, ‘Realtity Bath’ bidearen lehen errepikapena (WI6, Mendi Harritsuak) eta Cerro Chalteneko ‘Californiana’ (5.10, 700 m, Patagonia) sinatu ditu.

Balin Miller ‘Reality Bath’ bakarka igotzen; goialdean seracak ikusten dira.
Balin Miller ‘Reality Bath’ bakarka igotzen; goialdean seracak ikusten dira. (@balin.miller)

Balin Miller estatubatuarraren izena ez da ingurumari honetan batere ezaguna. Ziur aski bere gaztetasunarengatik izango da, edo auskalo. 22 urte besterik ez ditu, baina erakutsi du alpinismoaren hainbat adar bikain menderatzen dituela.

Bere curriculuma, bederen, zabala da. Sokadan ala bakarka. Sokakideekin, adibidez, ‘Sliptream’ (WI4+, 900 m) ensamblean eta Hunter mendiaren ‘Moonflower Buttress’ (WI6, M7, 1.200, Alaska) eskalatu ditu. Bakarka: ‘Whitteman Falls’ (WI6-, 90 m) eta ‘Bridalveil Falls’ (WI5+, 120 m). Argi utzi du ere bistan ederki moldatzen dela: ‘Unknown White Power’ (WI6+, M5) eta ‘Sandstone Samurai’ (5.11, R/X, 210 m).

Joan den urtarrilean, berriz, astebeteko epean lotura berezia egin zuen. Eta berezia diogu zazpi egunean Amerikako bi muturretan dauden bi eskalada bakarka egin zituelako. Alpinista gazte honen lehen jarduerak azpimarratzeko ukitua izan du. Kanadako Mendi Harritsuetan dagoen ‘Reality Bath’ bidea aukeratu zuen bakarkako igoera hori egiteko. Erabaki ausarta alde guztietatik begiratuta. Batetik, izotz eskaladako ibilbide hori Kanadako «zitalena» omen delako. Eta bestetik, 37 urte zeramatzalako igoerarik gabe.

Mark Twigth eta Randy Rackliff eskalatzaile handiek 1988. urtean zabaldu zuten eta WI6 maila eman zioten. Zailtasun teknikoari arriskuaren maila (VII) gehitu behar zaio; izan ere, zintzilik dauden seracen artean eskalatu behar da. Twight-ek berak hitz hauek erabili zituen: «Galera guztiak kontuan hartuta, heriotza tarteko, prest geunden arriskatzeko».

Miller-ek bere aldetik ez du Twigth-en adierazpenekin bat egin, baina bazekien ‘Reality Bath’-en sartzeak ondorio larriak izan zitzakeela. Nahiz eta oso arriskutsua den (horregatik ordura arte ez zuen errepikapenik izan), ibilbide horrek duen historiak harrapatu zuen. Inguru horretako zirrikitu izoztuak ondo baino hobeto aztertu eta gero, ohartu zen klima aldaketarengatik izotz jausiek goian dituzten seracek atzera egin dutela. Alabaina, arriskuaren mailak muturrekoa izaten jarraitzen du.

‘Reality Bath’-en bakarka izandako eskarmentuaren inguruan, alpinista honek dio ez zuela ezustekorik izan eta espero zuen igoera egin zuela. Aldez aurretik murru horretako beste bide batzuk eskalatu zituen, eta horrek beste ikusmolde bat eskaini zion aipatu dugun ibilbidean ekinaldia egiteko. Onartu du ere oso-oso arriskutsua dela (ez zuen seracen eztandarik bizi) eta 400 metro tekniko horietan asko gozatu zuela. Bide batez dio pozarren dagoela lehen errepikapenaren arrakastarekin. Diogun bezala, 37 urte zeramatzan igoerarik gabe. Miller-en arabera, ‘Reality” Bath’ bideak WI5+ edo WI6- maila du.

Patagonia

Bakarkako bigarren jarduera Cerro Chaltenen (Fitz Roy) egin zuen. Egonaldiak, gainera, uzta oparoa utzi zion: ‘Ragni’ (Cerro Torre), ‘Exocet’ (Stanhardt Orratza)… Baina benetako azpimarra behar duena ‘Californiana’ bidea da; beste igoera horiekin alderatuta, azken hori bakarka egin zuelako. Bidaiari ginga jarri zion.

Millerrek onartu du oso nekatuta zegoela erpin ezberdinetan eginiko igoerekin zein ekinaldiekin. Etxera itzuli aurretik, ia bezperan, leiho on bat iragarri zuten. ‘Californiana’-ren inguruko informazioa jaso eta gero, bide horretan saialdi bat egitea otu zitzaion. Diogu bezala, bakarka. Nahiz eta kranpoiekin eta botekin askoz ere erosoago sentitzen den, ibilbidearen baldintzak ikusita, katu-oinekin igo zuen. Baieztatu du hainbat sekzio sokarekin babestuta eskalatu zuela; beste batzuetan, berriz, bakarka integralean. Hots, sokarik gabe.

Igoera guztia oso «erraza» izan zen, eta luze zailenetan (offwidth bat barne) ez zuen arazorik izan. Alpinista gazteak jardueraren lehen zatia (igoera) erdietsi zuen, baina beldur zegoen jaitsierarekin. ‘Franco-Argentina’-tik bakarrik rappelatzea zorrotza da. Zorionez, gailurrean bi eskalatzailerekin bat egin eta elkarrekin jaitsi ziren: «Igoeran zein jaitsieran ia denbora bera eman nuen».