Benjamin Vedrinesek bikaintasuna lortu du Drus mendian
Alpinista frantziarrak bakarkako eskalada ikaragarria egin du mendebaldeko hormatzarrean. Bost egun behar izan ditu 'BASE' bidea (M8+, 7a, 1.000 m) igotzeko. Vedrinesek dio inoiz egin duen jarduera zorrotzenetarikoa izan dela.

Benjamin Vedrines gai izan da Himalaian bide berri teknikoak sortzeko. Gai izan da ere, Alpeetan ibilbide mitiko eta tekniko gogorrak kateatzeko. Ikusi dugu zortzimilakoetan abiadura errekorrak egiten; baita ere, gailurretatik parapentean hegan egiten. Pente raide edo aldats pikoetan izugarrizko jaitsierak egin ditu. Eta zirkulu hori ixteko (momentuz bada ere), beste ekarpen handia egin berri du.
Otsailaren 16tik 21era, alpinista frantziarrak Drus mendiaren mendebaldeko murru ikonikoan 'BASE' bidea (M8+, 7a, 1.000 m) errepikatu du. Duela lau urte, GMHM taldeko lau kidek zabaldutako bide oso gogor hori errepikatzea meritu handikoa bada ere, aurreratu behar dugu Vedrinesek bakarka egin duela. Hortaz, estilo horretan eta neguan 'BASE'-ren lehen igoera izan da. Beste behin, protagonista honek historia egin du.
Chamonix 'zaintzen' duen Drus mendiaren mendebaldeko aurpegiak betidanik erakarri ditu garai guztietako alpinista onenetarikoak. Bakarkako estiloari dagokionez, kilometro bateko horma horrek hamabi alpinista jaso ditu. Horietako izen handi batzuk: Walter Bonatti, Rene Desmasion, Catherine Destivelle, Marc Batard…
Bada, irakurtzen den bezala, frantziarra ez da atzean geratu eta beste ekarpen bat egin dio Drus mendiari. 'BASE'-tik jaitsi bezain laster, honako adierazpenak egin zituen bere sare sozialetan: «Alpeetako bide hori bakarka eta neguan saiatzea nire bihotzetik oso gertu egon da beti. Batez ere, nire zaintzaileen, Christophe Moulinen eta Arnaud Guillaumeren, neguko bakarkako kontakizunak irakurri nituenetik. Garai haietan izaera horretako jarduerak egitea niretzat erokeria hutsa zen. Eta aldi berean, beldurgarria eta erakargarria! Hamasei urte beranduago, berriz, inoiz irudikatuko ez nukeen jarduera hori egin dut. Luze gogor horiek eraginkorra izatera behartu naute. Baina batez ere, moteltasuna onartzera. 'BASE'-n bilatzen ari nintzena aurkitu dut: hotza, era askeko luze zailak eta eguraldi txarra».
Azken urteotan, frantziarrak nortasun handiko proiektu hori buruan iltzatuta izan du. Joan den neguan prest zegoen xedeari ekiteko, baina azken momentuan atzera egin zuen 'zama' handia iruditu zitzaiolako. Azkenean, 'hastapen' bidaia hori otsailaren 16an hasi zuen eta, amaitu, berriz, 21ean: «Gailurrean bizi izan nuena zirrara berezi bat izan zen. Oso zaila egiten zait nolakoa izan zen azaltzea. Badirudi egoera bitxi bat gainditu dudala eta bidegurutze batean murgilduta egon naizela. Drus mendiarekin ahaztuko ez dudan harreman berezia ehundu dut. Hau guztia erokeria hutsa izan da! Alpeetan egin dudan asmo handiko nire helburu zailena izan da. Xede horretarako hiru urte gogor entrenatu dut».

Aipatu duen prestaketak lagunek eginiko beste proposamen batzuk alde batera uztera behartu zuen. Briançoneko bere etxean 'fraide-bizitza' eraman du negu osoan. 'BASE'-ko proiektuarekin obsesionatuta zegoenez, erabat sasoiko jarri behar zen. Horretarako, rokodromoan zein arrokan asko eskalatu zuen, dry-tooling asko ere, erresistentzia asko landu zuen eta lan espezifikoari arreta berezia jarri zion. Hots, bakarkako teknikari.
Otsailaren hasierarako, Vedrinesen sasoi fisikoa zein mentala oso-oso egokituta zegoen. Abentura hori hasteko grina piztu bazen ere, mendebaldeko horma horretan dauden luiziekin arduratuta zegoen: «Iragarpenen arabera, leiho on bat geratzen zen. Luizien inguruan, berriz, aditu batekin hitz egin nuen, eta adierazi zidan mugimendu berezirik ez zegoela. Bakarka eskalatu behar nuenez, egoera hori nire alde zegoen. Bidearen lehen errepikatzaileek, ordea, arazoak izan zituzten».
Abentura
Frantziarrak eginiko igoerari dagokionez, lehen egunean solik lehen luzea (M5+) igo eta soka finkatu zuen. Biharamunean, berriz, benetako borroka eta lana hasi ziren. M6+ eta M7 mailakoak lotu eta prest zegoen lehen bibaka egiteko, baina aurrera jarraitu zuen gaua igarotzeko leku egokirik ez zuelako aurkitu. Ondoren, oso sasoiko, M8+ eta M8 mailako beste bi luze sinatu zituen era askean; azkenaren inguruan dio nahasiena izan zela. Elurrean plataforma txiki bat (60 zentimetro) antolatzeak hainbat ordu eskatu zizkion. Hala nola, ia denbora guztian orekari eutsiz, gaua igaro zuen.
Hirugarren egunean, buruhausteak izan zituen M7+ zailtasuneko luzearekin. Bloke handi bat askatzeko zorian zegoenez, friend bat sartu eta metro gutxi batzuk artifizialean egin zituen. Beste M8 bat sinatu eta gero, bibakera jaitsi zen.
Otsailaren 19a arriskutsuena izan zen: «7a mailako luzeak asko eskatu zidan. Arroka erabat ustelduta dagoenez, erdi artifizialean eta erdi librean gainditu nuen. M5+ mailakoak ere, beldurgarriak izan ziren. Zorionez, egun horretan ez zuen hotz handirik egin eta haizeteak pixka bat baretu ziren. Terraza handi batera jaitsi eta han beste gau bat egin nuen. Bibak hori askoz ere erosoagoa izan zen».
Gauean elurra egin zuen, baina iragarpenek zioten eguraldiak hobera egingo zuela. Botatako elurrarengatik 6c mailako luze batean borroka handia egin behar izan zuen. Katu-oinak gorde, botak eta pioletak hartu eta mistoko beste hainbat sekzio igo zituen: «Gezurra dirudi, baina gozatzen ari nintzen. Ilunabarra heldu zenean, gailurretik gertu nengoen. Presarik ez nuenez, akatsik ez egiteko, azken bibaka egin nuen».
Azken eskalada eguna iritsi zen. Vedrinesek dio merezi izan zuela bibak hori egiteak, besteak beste, erronka fisiko eta tekniko horrek eskatzen duen guztia barneratu nahi zuelako. Azken hiru luze 'errazak' eskalatu eta goizeko 9:30ean tontorrean zegoen. Birjina besarkatu eta iparraldeko korridoretik jaitsiera luzea hasi zuen. Murruaren oinarrian eskiak hartu, Poubelles-eko korridoretik igo Grands Montets-era eta handik Chamonixera eramango zituen aldatsak eskiatu zituen.
Alpinista honek eginiko lehen hausnarketen artean, adierazi du barru-barruan zuen piztia atera behar zuela: «Estresa, beldurra, zalantza uneak… egon ziren; baita une zoragarriak eta benetako barneraketa ere. Bost egun horietan espero ez nituen emozio asko bizi izan nituen. Horma horretako hainbat bide eskalatu ditut, baina niretzat 'BASE'-k esanahi berezia du. Bide hori hainbat kidek zabaldu zuten, eta horien artean asko miresten dudan Leo Billon dago. Honek esan zidan inoiz eskalatu duen marra onenetarikoa dela. Leorekin bat egiten dut. Harrigarria da ibilbide hori, teknikoki (mistoan) asko eskatzen duena; estilo horrek asko erakartzen nau».

Lortutako arrakastaren inguruan, frantziarrak argi du asko gozatu duela eginiko borrokarekin. Gehitu du ere, une larriak kudeatzeko aldez aurretik lan handia egin duela: «Kontrol mentala lantzeko entrenatzaile bat du; psikologo bat ere. Eta horiekin egiten dudan lanak perspektiba eskaintzen didate. Proiektu hau bakarka egin nahi nuen. Mendebaldeko murru horretan bakarrik egotea apartekoa da; oso esperimentala. Hastapen bidaia bat bezala ikusten dut, galdera existentzialak aurkitzeko bidaia. Horren beharra nuen».
Amaitzeko, Vedrinesek onartu du 'astindutik' ez dela guztiz errekuperatu, besteak beste, helburu hori pentsatzen zuena baino zorrotzagoa izan delako: «Erronka sinatu bezain laster, berrituta sentitu nintzen. Baina egunek aurrera egin ahala, energia hori txikitu da. Jakina, asko disfrutatzen ari naiz une zehatz hau. Atsegina da. Emozionalki gogora izan da. Igoera osoan asko gozatu dut, baina barne prozesu hori zorrotza izan da. Zalantzarik gabe, Alpeetan egin dudan xede zailena eta handiena izan da».

«No se necesita la propiedad de una casa para vivir; lo importante es vivir, no poseer»

«Trump parece buscar el regreso a un esquema puramente colonial del comercio»

«El premio es para la familia de José Miguel, nosotros solo mostramos lo que ha hecho»

NAIZek esklusiban aurreratu zuen Hatortxu Rocken ‘Bi t'erdi’ bideoklipa sarean da jada
