Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Aymar Navarrok Tuc des Hemnes 'murruaren' lehen jaitsiera egin du eskiekin

Joan den 5ean, freerider ospetsuak Aran ibarrean zintzilik zegoen proiektu zorrotz eta arriskutsu hori biribildu zuen. Protagonistak dio prestaketa fisiko zein mental oso zehatza egin behar izan duela.

Lasai asko esan daiteke Aymar Navarro mundu mailan freerider sasoikoenetariko bat dela. Espezialitate horretan curriculum itzela du, baina alpinismoarekin lotutako eskiko jaitsieretan ere erakutsi du maila handia duela.

Horren isla da joan den 5ean Tuc des Hemnes mendiaren (2.361 m, Aran harana) isuri pikoenean eginiko jarduera. Garaieraren aldetik, mendi xume horren lehen jaitsiera sinatu du; aukeratutako horma, aldiz, zaila, zorrotza eta arriskutsua da. Ziur aski horregatik proiektu hori zintzilik egon da. Navarrok berak aktibitate hori biribildu bezain laster, honakoa aipatu zuen bere sare sozialetan: «Amets bat egia bihurtu dut. Jaitsiera horrek denbora asko zeraman neure buruan itzatuta. Baldintza egokienak noiz iritsiko ote ziren zain egon naiz. Hortaz gain, neure burua sendotu behar izan dut eta lotura berezia lortu ere marra ikusgarri hori eskiatu ahal izateko. Nire etxean bertan nuen erronka bat zen. Mendi hori oso zaila da, eta baldintza onak heltzen diren direnean prest egon behar zara horiek behar bezala aprobetxatzeko».

Bideoan ikusten den bezala, aldats piko zein arriskutsu horiek asko eskatzen dute; ez soilik fisikoari, baita buruari ere. Horregatik guztiagatik, eskiatzaileak onartu du prozesu guztia gogorra izan dela: «Bakar-bakarrik jardun dudanez, igoera eta jaitsiera tentsio handikoak izan dira. Une oro, neure buruarekin borroka itzela izan nuen; horrelako bizipenik ez dut inoiz eduki. Pentsa ezazue: jaitsiera bukatu nuenean nire gorputz guztia dardarka zegoen».

Tuc des Hemnes-i dagokionez, aurreratu behar dugu Aran ibarreko mendien artean oso tekniko eta arriskutsua dela. Eta diogun bezala, Navarro gai izan da haran horretan steep ski kontzeptuari beste ekarpen bat egiteko.

Estrategia

Muturreko jaitsiera hori egin baino lehen, freeriderak ohiko urratsak egin zituen. Lehenik eta behin, bezperan, aukeratutako horma aztertu zuen. Hain zuzen ere, Sarraherako ingurumarira igo zen elurraren egoera eta jaitsieraren bideragarritasuna aztertzeko: «Azterketa horretan mendiaren lehen laurdena eskalatu nuen, eta ohartu nintzen aldats itzelak dituela. Igoera horretan ez dago atsedena hartzeko lekurik. Bide batez esan behar dut aurreko egunetan eginiko haizeteek elurra aldatu zutela; hots, sekzio batzuetan gogorra zegoen eta beste batzuetan izotza azaldu zen».

Aurreratu dugun bezala, D eguna joan den 5ean izan zen. Kranpoiekin eta pioletekin igoerari ekin zion; ez zuen sokarik eraman. Eskalatzen ari zen bitartean, aukeratutako marra buruz ikasi zuen; izan ere, akatsek ondorio larria izango zuketen.

Gailurrera iritsi zenean, plataforma bat garbitu behar izan zuen eskiak jartzeko. Lehen hamabost metroak deseskalatu zituen: «Tarte kritikoenak buruan nituen, eta hori bisualizatzeak garrantzi handia du. Lehen biraketak erritmo motelean egin nituen; abiaduran sartzea erokeria zen. Biraketa horien kontrola kudeatzea giltza zen. Zehaztasuna ere. Tentsioa erabatekoa zen, eta hori hanketan nabaritu nuen. Buruari, berriz, hotz eutsi behar nion. Freerider-eko jaitsiera askotan bira ederrak eta azkarrak bilatzen ditut. Baina Tuc des Hemnes-eko horrek beste estrategia bat eskatzen zuen. Biziraupen kontu bat besterik ez zen».

Amaitzeko, Navarrok onartu du bere ibilbidean inoiz egin duen jarduera zorrotzenetarikoa izan dela. Bederen, Aran ibarreko aldats tenteetan atal oso garrantzitsu bat itxi berri du: «Basatia eta oso arriskutsua; eite horiek indar handia izan dute. Gainera, pozik nago etxean bertan egin dudalako. Ginga hori falta zitzaidan. Bide batez, eskertu nahi ditut nire kide Jaime Varelak eginiko lana eta eskainitako segurtasuna. Dronearekin irudiak hartzeaz gain, uneoro nirekin harreman bisuala izan zuen».