
Ezkurdia eta Rezusta izango dira Artola eta Mariezkurrenaren aurkariak datorren martxoaren 30ean Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan jokatuko den Binakako Txapelketaren finalean. Aspeko bikoteak nahikoa zuen 16 tanto egitea txartela eskuratzeko, baina garaipen batekin ospatu nahi izan du sailkapena: 22-19 Laso eta Iztuetaren aurka. Final-laurdenetako ligaxka lehen postuan amaitu zuten, eta finalerdietako hiru neurketak irabazita iritsiko dira finalera.
Askotan ez da erraza izaten gutxieneko tanto kopuru bat egin beharrarekin kantxara irtetea, baina Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak esperientzia handia dutela erakutsi dute Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Oso serio jokatu dute hasieratik, erritmo bizi-bizian eta, urduri zeudela esan duten arren, jokoan ez da batere nabaritu.
Norgehiagoka hasiera horretan Joseba Ezkurdiaren bizitasuna izan da deigarriena. Arbizuarra maila ederrean aritu da txapelketa osoan, baina gaurkoan txispa berezi batekin sumatu dugu. Bere betiko bolea bortitzei sekulako abiadura eman die eta Unai Laso dantzan ibili du demaren lehen zatian. Gorriak 8-3 aurreratu dira markagailuan, eta zortzi tanto horietatik bost Ezkurdiak egin ditu airez sartu eta pilota asko luzatuz.
Datozen egunetan lerroburuek lau finalisten merituak azpimarratuko dituzten arren, onartu beharra dago Lasok eta Iztuetak ere finalean egoteko merezimendu asko egin dituztela aurtengoan. Gaurko partidan ere ederki aritu dira biak. Unai Lasok 14 tanto egin ditu jokoan eta Martxel Iztuetak ikusgarri eutsi dio atzean aspaldiko Rezustarik onenari. Egia da tolosarrak zazpi pilota galdu dituela, gehitxo gaur behar zuten markagailua eskuratu ahal izateko, baina distira handiz jokatu du beste behin 21 urte besterik ez dituen tolosarrak.
Gerturatu bai, aurreratu ez
Unai Lasoren erremate horiei esker markagailuan gerturatzea lortu dute urdinek, baina ez dituzte aurkariak inoiz aurreratu. Tanto bakarrera jarri dira 8-7an, 9-8an, 10-9an, 11-10ean eta 12-11an, baina tantoak aurrera joan ahala gero eta zailagoa ikusten zen aurkariak 16tik behera uzteko helburu nagusi hori.
Agian horregatik, buruak isilean egiten duen lan horregatik, urdinen hutsak iritsi dira, eta gorriek 4-0eko partziala sinatu dute. Lasok txapara bidali duen erremate batek igoarazi du 16-11koa markagailura, eta gorriek lasaitu ederra hartu dute finalerako sailkapena ziurtatu ondoren.
Hortik aurrera beste partida bat hasi dela esan daiteke, jada tentsio askoz gutxiagorekin. Baina ikuskizunak ez du behera egin. Helburua lortu izanak emandako bultzadarekin, Ezkurdiak eta Rezustak lanean serio demonio jarraitu dute, ligaxka garaipen batekin agurtzeko asmoz. Eta Lasok, jada finalik gabe geratzen zela ikusita, gehiago arriskatu du aurrean, mota guztietako erremateak sinatuz.
Unai LAsok txokoan egindako tanto bikain batekin 17-17 parekatu dute emaitza, baina hurrengo sakean egindako faltak aurkarien garaipena bideratuta utzi du.
Bezperan Labriten ez bezala, Atanoko harmailak bete dituzten zaleek majo gozatu dute norgehiagokarekin, eta txalo artean agurtu dute laukotea.
«Lanaren fruitua»
«Hilabete luzez egindako lanaren fruituak jasotzen ari gara orain. Baziren bi urte final batean sartzen ez nintzela eta baneukan gogoa Beñatekin esperientzia hori bizitzeko», onartu du Joseba Ezkurdiak. «Urduri nengoen, tentsio handiarekin, baina beti aurretik ibili gara eta horrek laguntzen du horrelako partidetan. Gainera txisparekin nabil eta pozik amaitu dut«, gehitu du arbizuarrak.
«Barruan gaudenok badakigu final bat jokatzea zenbat kostatzen den. Faktore askok bat egin behar dute. Urte batzuetan finaletan sartu nintzen, baina orduan ere argi neukan beti ez zela horrela izango, eta etorriko zirela finalik gabeko urteak. Orain bi aste ditugu finalaz gozatzeko, mimo handiz prestatzeko, eta behin hona iritsita ez gara konformatzen. Ahalik eta ongien prestatuko dugu eta ea irabazterik dugun», esan du bere aldetik Beñat Rezustak.
FITXA
Pilotakadak: 578. Partidaren iraupena: 70 minutu eta 33 segundo. Markagailua: 1-0, 1-2, 2-2, 2-3, 8-3, 8-7, 9-7, 9-8, 10-8, 10-9, 11-9, 11-10, 12-10, 12-11, 16-11, 16-13, 17-13, 17-17, 19-17, 19-18, 21-18, 21-19 eta 22-19. Sakez: 1 Lasok –eta falta bat–. Jokoan egindakoak: 7 Ezkurdiak, 3 Rezustak eta 14 Lasok. Galdutakoak: 2 Ezkurdiak, 1 Rezustak, 4 Lasok eta 7 Iztuetak. Gertaerak: Donostiako Atano III.a pilotalekua ia beteta finalerdietako azken partidan. Lehen sakea, urdin.

«No se necesita la propiedad de una casa para vivir; lo importante es vivir, no poseer»

«El premio es para la familia de José Miguel, nosotros solo mostramos lo que ha hecho»

NAIZek esklusiban aurreratu zuen Hatortxu Rocken ‘Bi t'erdi’ bideoklipa sarean da jada

Jo eta fuego lanean Berriozarren Topagunea prestatzeko
